Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Jentilen bizileku

'[1]

Jentilen bizileku
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Otzaurte, Ultzama, Beunda, Garagartzako haitzak, Txurruko Punta
Distantzia 8,5 km. 2 ordu eta 20 mn.
Ingurunea Basoak eta larreak bat egiten duten Txurruko Puntaren magalean, jentilen bizileku izan ziren Garagartzako kareharrizko haitzak goititzen dira. Inguru bukoliko honetan artzaintzaren arrastoak nonahi aurkituko ditugu.
Abiapuntua Otzaurte (Zegama)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Gaurko ibilaldia burutzeko Aizkorrira eta Aratzera igotzeko erabili ohi den lekua hartu dugu abiapuntutzat. Egun, pista zabalari jarraituz, ibilgailuan Sandrati haitzuloaren magaleraino irits daiteke, eta horrek inguruko mendi garaietara igoera erraztu. Pistak bide zaharraren zatirik handienak ezabatu ditu, nahiz eta oraindik tarteka haren arrastoak aurkitzeko beta dugun. Otzaurteko bentara iristeko, Zegamatik Otzaurtera doan errepidea hartu behar da, edo Altsasutik Etxegaraterantz doan errepidean barrena, Zegamarako norabidea hartuta.

Beunda

aldatu

Kantauri eta Mediterraneoko uren mugan dagoen Otzaurteko Benta (Otzaurteko bentea deitzen diote bertakoek) ondoan aparkatu dugu, Andra Mariaren baselizaren parean. Aizkorriko magalean dagoen mendate hau igarobide estrategikoa izan zen, XIX. mendean Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko pasabide nagusia baitzen. Gaur egun mendizale eta turistaz beterik daude inguru hauek. Garai batean bertatik ibiltzen ziren ikazkin, artzain eta abarrentzat Urbiako borda eta zelaietara hurbiltzeko geldialdia egiteko leku garrantzitsua zen Otzaurte. Gerora ere, makina bat aldiz trenez Otzaurteko geltokiraino joan eta bentara igo ostean, Aizkorrirantz abiatu ohi zen jendea.

Andikoetxea baserriaren ondotik igaro eta Sandratiren magaleraino iristen den pista zabalari heldu diogu metalezko ate bat igaro ostean. Erreka ezkerrera dugula sigi-sagan gorantz jo dugu, aldapa Beundara iristean leundu delarik. Atsedenleku horretan pista utzi, eta txabolaren ondotik ateratzen den bidea jarraitu dugu. Metro batzuk aurrerago bideak bi aukera eskaini dizkigu: bata, larrean zehar Unamendiko muinora igotzeko; bigarrena, berriz, aldapa txikia saihestu eta eskuin aldetik ateratzen den bide zabala jarraitzera gonbidatu gaitu. Edozein aukeratuta ere Ultzamako lepora helduko gara.

Ultzamako lepoa ehiztariz beterik aurkitu dugu. Kirolarien 4x4 ibilgailuak bazter guztietan barreiaturik. Odola irakiten jarri aurretik aurrera egitea erabaki dugu, eta parez pare dugun Txurruko Puntara igotzeko malda motz eta pikoari ekin diogu. Belarrezko alfonbra zapalduz poliki hasi gara igotzen, eta tontorrera iritsitakoan atseden txiki bat hartzea erabaki dugu. Ez gaude nekaturik, baina leku honek Aizkorri eta Altzaniako ikuspegi paregabea eskaintzen du, eta inguratzen gaituen paisaiaz gozatzeko aukera egin dugu.

Aizkorriko gailurreria harro azaltzen da pagadi trinkoen artetik, eguzkiaren izpiak dotore islatzen dira harkaitzetan distira berezia emanez. Sandratiko haitzuloak ederki markatzen du Aratzera hedatzen den pagadia, eta haren gainetik, gaztelu garaiezin bat balitz bezala goititzen da bere gailurra zabala. Bistarik kendu gabe, Altzaniako mendiei so geratu gatzaizkie, denak lerrokaturik. Urrutiago, Entzia, Urbasa eta Andiako mendilerroak. Gure mendean, berriz, larreak eta Urdalurko urtegia. Merezi du arreta jartzea.

Garagartza

aldatu

Txurruko Punta atzean laga eta iparralderantz jo dugu pago batzuen ondotik jaisten hasi garelarik. Belardian zehar, mendiaren ipar bizkarretik jaitsiz ez dugu denbora asko behar izan Garagartzako haitzen ondora ailegatzeko. Haitzen ondoan, txabola eta iturria, Naparraitz eta Zabalaitzen artean. Aurrez aurre Gazteluberri haitza ikusten da, eta bertan gaztelutxo baten arrastoak. Lurralde hauetan dauden mendi gehienak hareharrizkoak badira ere, Garagartzakoak kareharrizkoak dira. Bikunaitzeko tontorrera erraz igo gara, baina Naparraitzera igotzeko zailtasun gehiago eduki ditugu, azken metroak gainditzeko eskuez baliatu behar izan dugu.

Abiapuntura itzultzeko bi aukera ditugu; lehena, Zabalaitz aldera jo, eta, haren ondoan dagoen Neolitiko garaiko trikuharria atzean utzita, pagadian murgildu, eta ikusgaitz den bidezidorra jarraitu eta aldapa pikoa jaitsiz altuera azkar galtzen da. Trenbidearen tunelaren ahoaren ingurura atera eta gero, erreka pasabide estu batetik gainditu eta belardian zehar baserri baten ondora heltzean aurrera segi eta Otzaurteko Bentara itzuli. Bigarren aukera, berriz, errazagoa eta nabarmenagoa da. Garagartzako txabolen ondotik ateratzen den pista zabala hartu eta Ultzamako lepora itzuliz, Beundara doana utzi eta eskuinetik basoan murgilduz ateratzen den beste bidetik beherantz egin Ailleta muinora atera arte. Hemendik aurrera ondo marrazturiko xendan zehar berehala helduko gara Otzaurtera.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua