Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Kalbarioko kapera
Mendi kasko honetan, aspaldiko urteetan ez zen deus ageri, salbu elorri arbola txiki bat, nonahitik ageri zena. [1]
Kalbarioko kapera | |
---|---|
Herrialdea | Lapurdi |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Biriatu, Perdix, Kalbarioa, Larretxeko Borda |
Distantzia | 6 km. Ordu 1 et 50 mn. |
Ingurunea | Mendi kasko honetan, aspaldiko urteetan ez zen deus ageri, salbu elorri arbola txiki bat, nonahitik ageri zena. |
Abiapuntua | Biriatu |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuHendaiatik abiatu eta GR-10ari jarraituz, Atlantikotik Mediterraneo itsasoraino zeharkaldia egin nahi duen mendizaleak Xoldoko gaineko gandor biribilduaren hegietan aurkituko ditu lehen oztopoak. Garoz estalirik egoten den mendi horrek ikuspegi ezin hobea eskaintzen du Iparraldeko kostaldearen eta Bidasoko haranaren gaindi. Bista horretaz gozatzeko, hamaika xenda eta bide aurkituko dugu, baina, gaurko ibilaldian, mendi horren tontorra eskuinera utzi, eta gertu, mendixka xume batean dagoen Kalbarioko baselizara igoko gara.
Biriatu herritik abiatuko gara. Lapurdiko udalerri horren ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza eta abeltzaintza dira, baina turismoa eta zerbitzuen sektorea ere garatu dira. San Martin elizaren inguruan dagoen hilerri txikian sartuz gero, ikur gurutze erako oroitarri diskoideoak ageri dira han eta hemen. Parrokiaren alde batetik bide estu batera eramaten duten eskailera batzuetatik jaitsi, eta handik berehala Kukutxoa etxearen aurretik pasatuko gara. GR-10ari dagozkion bide-seinaleek erakusten diguten norabidean igotzen hasiko gara. Laster, bide balizatua utzi, eta aurrez aurre ditugun Perdrixko haitzen ondora joko dugu, malda pikoari aurre eginez. Argindar porta erraldoien azpitik igaro eta gero, xenda nabarmenetik egingo dugu aurrera. Bide nagusiarekin bat egitean, eskuinetik, gandor biribilduan zehar berehala igoko ginateke Xoldoko gaineko tontorrera.
Guk, berriz, ezkerraldera marrazten den xenda hartuko dugu, eta malda bizian leporaino jaitsiko gara. Aurrez aurre aurkituko dugun malda motzari aurre egin, eta berehala igoko gara baseliza txikira. Eraikin horren historia jakiteko, bertan jarrita dagoen orritxoan idatzitakoa irakur daiteke: «Kalbarioa deitzen dugun mendi kaskoan, aspaldiko urteetan ez zen deus ageri, salbu elorri arbola txiki bat, nonahitik ageri zena. Baina lehenengo istorio eta gertakarien paper zaharretan miaturik, Erlandebaitako Fourcade jaunak bazekien lehenagoko denboretan bazela Kalbario mendi gainean kapera txiki bat eta han bizi izan zela ermitau edo apez bat, bakar-bakarrik bizi zena gain horretan, bertzeentzat otoitzean. Gero, espainolekin izan ziren gerletan, kapera hori izan zen suntsitua, eta, doi-doia duela urte pare bat, gain hartan ez zen kaperaren arrastorik era ageri, salbu lur pilo bat. Fourcade jaunak buruan harturik lur pilo horren miatzea, han kausitu zituzten lehenengo kaperaren murru zimendu guztiak, eta zolako harri-lauzak, bai eta aldarearen parte bat, oraino ikus eta ezagutu daitekeena. Kaperaren berriz eraikitzeko, egin zuten batasun bat, eta lanari lotu eta lana bururatu. Lehenengo kapera baino txikiago egin dute oraingoa, baina lehengo harri zahar berekin. Segur egin dute lan ederrik Pierre Arbizuk hargin lanean eta Sokoako Jean Derin zurgin lanean. Kaperaren sahetsean landatu dute zortzi metro gorako gurutze eder bat haitzezko habe latz zahar ederrez egina.»
Toki paregabe hori atzean utzi eta Larretxeko Borda etxe multzora jaitsiko gara. Hortik Biriatura, Perdrixko gandor baxuenaren azpitik pasatzen den bidea bilatuko dugu, eta handik erraz egingo dugu aurrera, ibilaldiaren hasieran hartu dugun bidearekin bat egin arte. Aldapan behera, Biriatu herrira itzuliko gara.