Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Karrantanetik Balzarrera
Arabako Izkiko natur parkean dauden Balzarreko arkua eta San Kristobal gaina ezagutzera abiatuko gara Apinaiztik. Ibilbidean, paraje ederraz gozatzeko aukera izango dute ibiltariek. [1]
Karrantanetik Balzarrera | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Apinaiz, Señoritas haitzuloa, Balzarra, San Justi, San Kristobal, Atxartea |
Distantzia | 10 km. 3 ordu eta 5 mn. |
Ingurunea | Arabako izkiko natur parkean dauden Balzarreko arkua eta San Kristobal gaina ezagutzera abiatuko gara Apinaiztik. Ibilbidean, paraje ederraz gozatzeko aukera izango dute ibiltariek. |
Abiapuntua | Apinaiz |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAzazeta mendatea jaitsi eta, Birgara herrira iristean, Apinaizera (Araba) doan errepidea hartuko dugu. Herri pintoresko horretan emango diogu hasiera ibilbideari. Gerardo Lopez de Guereñuren omenezko plazan abian jarriko gara. Kalean gora eginda, Elespara auzoan barneratuko gara. Mandazainak eta Larrabila Izkiko natur parkeko bideak alde batera utzita, eskuinetik abiarazten den bideari ekingo diogu. Hala, Txarabitana eta Postaria bideak erreferentziatzat jota, Karrantan sakaneranzko urratsak egiten hasiko gara. Hasieran porlan bide batek lagunduko digu gora egiten. Sigi-saga egin ostean, Postaria bidera irten, eta bidexkari jarraituko diogu gora egiteari utz diezaiogun. Tamaina ederreko gaztainondo batzuk ikusiko ditugu bide ondoan. Segidan, langa batera helduta, atea zeharkatu eta, xenda utzi gabe, Karrantango sakanean gora ekingo dugu. Burdinazko hoditeria herdoildu batek emango digu aitzakia haren sorlekuraino iristeko. Izan ere, ibarretik zehar isuritako ur patxadatsuak aspaldi bildu zituzten ur-putzu batean. Putzuaren hormara iristean, ezkerraldetik igaro eta errekastoaren ondoan jarraituko dugu. Basabide batekin topo egitean, noranzkoari eutsi eta Karrantango paraje ederraz bapo gozatzen hasiko gara: pago, belaze eta harrizko gandor bitxiak izango dira gure inguruan.
Vitoriaren azken bidaia
aldatuUr biltegi bat ikusiko dugu errekastotik gertu. Eta haren ondoan, Agirre, Salazar, Grajales eta Jose Luis Vitoria mendizaleek pasio handiz eraikitako iturri txiki baten arrastoak ikusiko ditugu. Iturri aurrean oharkabean igaroko gara gaur egun. Joan den mendeko 50eko hamarkadan, haatik, eginkizun etnografiko bilakatzen zen guztia, baita iturri xume bat atontzea ere. Karrantango sakan ezkutu honetan holako zerbait gertatu zen 1959ko urriaren 18an, Gasteizko Manuel Iradier Txangolari Elkartearen (SEMI) hamargarren urteurrena ospatzen zen egunean. «Mendietan den-dena egiteko zegoen garai horretan, guztia zen berezia guretzat», Jose Luis Vitoria mendizale ezagunak sarritan gogoratzen zuenez. Tamalez, Jose Luis Vitoriak begiak itxi zituen betiko irailaren 27an eta, seguru asko, haren azken bidaiak umezurtz utzi duela SEMI elkartea, berak beste inork baino hobeto ezagutu baitzuen elkartearen sorrera, 1949an.
Ibarrean gora jarraituta, lepora iritsiko gara. Han goian, ezker-eskuin egin gabe, mendebaldera egiteri eutsi eta txilarrez eta ipuruez jantzita den ordokitik jarraituko dugu. Laster batean, Los Arrancaos izen bitxia daraman parajearen atarian kokatuko gaitu bideak. Talaia ederra da, ezin egokia Izkiko basoa bete-betean harrapatuko badugu. Ordokian bideak banatzen baitira, San Kristobalgo tontorrera doan Postaria bidea itzulerako utzi eta magala alderik alde zeharkatzen duen bideari ekingo diogu. Ibilian-ibilian, bi haitzulo gordetzen dituen harritzarra ikusiko dugu ezkerraldean. Haitzuloak babeslekuak baino ez dira. Baina badira kontakizun baten protagonistak. Sinesmenari jarraituta, haitzulootara bizitzera bi ahizpa etorri omen ziren aspaldi. Izurriteak jota izateagatik, urrun egotera kondenatuak izan omen ziren. Kondairak kondaira, haitzuloak guri so ikusiko ditugu, ezinbestean: haitzuloak bi begi handien moldean zabaltzen baitira horma karstikoan.
Balzarra, arku ederra
aldatuLanga bat igarota, Balzarreko lepora igoko gara. Arluzea herrirako bidean gaude. Ezkerrera eginez gero, harrizko arku natural bat ikusteko aukera izango dugu: Balzarreko arkua da eta bertaratzeko Izkiko natur parkeko seinale horiei jarraitzea baino ez da. Lepotik 15 minutu dira. Gero, lepora berriz bueltatuta, eskuinera egin, eta mendi bizkarrera igoko gara. Gainaldean mendebaldera metro batzuk egin ostean, San Justi tontorra zapalduko dugu.
Tontorra bisitatu ondoren, atzera egin eta, bizkarrari oratuta, ekialdera joko dugu. Bizkarra abandonatu gabe, Arboroko parajean gaindik jarraitu eta Karrantango sakanetik igotzen den Postariaren bidearekin bat egingo dugu.
Joan-etorria egingo dugu San Kristobal tontorrera, gainaldeko paisaia ederrak merezi du eta. 60ko hamarkadan Goiena mendi taldeari atxikita zegoen Danok Bat elkartearen ekinbidez altxatua izan zen gurutze txikia ikusiko dugu tontorrean. Paisaiaz bapo gozatuta, bide beretik jaitsi eta, Karrantango bideari muzin eginda, eskuinera egin eta pagadian murgilduko gara. Basotik irtendakoan, ordea, erne ibiliko gara Atxarteko paradisua topatzeko: eskuinaldean irekitako pasealeku sorgindua da, eskalatzaileen artelan miresgarria. Haitz artetik igarota, Apinaizera bideari ekingo diogu. Pagadian barrena zehar-zehar jarraitu eta basabide batera iritsita, eskuinetik segituko dugu. Postariaren bideari men eginez, Apinaizen sartuko gara.