Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Karrantzako bide karstikoan

Peña del Moro eta El Mazo tontorrak lotu ditugu ibilbide bakar batean. Karrantzako paisaia zoragarri horrek bidea emango digu meategietan eta multzo karstikoan barrena esplorazio txangoa egiteko. [1]

Karrantzako bide karstikoan
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Lanestosa, Ubal gaina, Moroko harbidea, Moro, Mazo, Karrantza
Distantzia 7 km. 3 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Peña del Moro eta El Mazo tontorrak lotu ditugu ibilbide bakar batean. Karrantzako paisaia zoragarri horrek
bidea emango digu meategietan eta multzo karstikoan barrena esplorazio txangoa egiteko.
Abiapuntua Ubal gaina (Lanestosa)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Bizkaiko herrialdeak hamaika txoko eder ditu bere erliebe gorabeheratsuan. Kostaldea eta mendia uztartzen baitu, paisaia urdinak eta berdeak nagusitzen dira nonahi. Baita tinta zurikoak ere, multzo karstikoei begira jarriz gero. Kareharriak sorrarazten dituen forma bitxiak bertatik bertara ezagutzearen kariaz, Karrantzako ibarreraino hurbilduko gara oraingoan. Enkarterriko paisaiaren duintasunak gogoan ekarraraztea alferrikakoa da; izan ere, irudikapen bat edo beste egina izango dugu honezkero. Aski da, esaterako, Pozalagua, Ordunte eta Jorrios natur txokoak aipatzea zertaz ari garen uler dezagun.

Karrantzako ibarrak Kantabria eta Burgosko probintziekiko mugan dago. Geologiaren misterioak direla medio, sakonune bitxia eta perfektua osatzen du. Zirkunferentziaren erdian Concha auzoa dago, zerbitzu gehienak hartzen dituena. Concha herriari gortea egiten, gainerako auzo guztiak daude, zirkulu magikoan ederki sakabanatuta. Gaur egun auzo guztietara porlana edo asfaltoa iristen denez, garai bateko bakartzerik ez dago. Dena den, badirudi auzo guztiekin gogoratzea ez dela erraza, Biañezen aitortu digutenez: «Ibar honetan hogeita hamar urte bete ditudan arren, auzo batzuk kokatzeko arazoak ditut. Hau buru hau!».

Kareharrizko konplexua

aldatu

Peña del Moro eta El Mazo haitzak Karrantzako ipar-mendebaldean goititzen dira, bi-biak Kantabriako mugan. Mendigune horrek eremu karstiko galanta osatzen duenez, hara bideratuko ditugu gure pausoak txango zirkular bati forma emateko xedez. Hasieran, tipi-tapa bide nagusiari jaramon eginez; ondoren, belardiak eta paraje lauak atzean utzirik, Peña delMoro eta El Mazo mendiguneko zoko-moko karstikoan barrena.

Karrantzako konplexu karstikoari buruz jarduteak, ezinbestean, muga politiko-administratiboak alde batera uztea dakar. Izan ere, lur azpian unitate hidrogeologiko ikaragarri ederki harilkatuta dago, espeleologoek argitaratu dutenez. Multzo ekologiko bat aspalditik ustiatua, litxarreria baten moduan. Izan ere, kareharriaren berezko hausturek arrailduren mineralizazioa ahalbidetu dute denboraren poderioz, blenda, galena eta fluorita meak sorraraziz. Mineralokiko interesa zela eta, Karrantzako zenbait eremutan meategiak ireki zituzten. Aspaldiko lanbide horren oroitzapenetan geratu dira soldatapeko emakumeak jo eta su minerala garbitzen eta sailkatzen. Oroitzapenerako ere, kareharrian egokitutako harbide ederrak. Gaur egun, meategi guztiak abandonatuak daudelarik ere, Angela meategia (Concha auzoan) eta Koben Koba (Lanestosan) bisita daitezke.

Aspaldiko mea ustiatzeak Karrantzako paisaian eragin zuzena izan zuen: Peña del Moro haitzerako bidean, besteak beste, meatze sarbideak, arrakala sakonak eta hondakindegiak ikusiko ditugu.

Peña del Moro haitza

aldatu

Ubal gainean edo mendatean emango diogu hasiera ibilbideari. Lanestosako eta Karrantzako (Bizkaia) muga markatzen duen bidarrian gaude, 641 metrotan. Conchatik igota, Peña del Moro eta El Mazo adierazten duen seinalea ikusiko dugu errepide bazterrean. Egurrezko zutoina eta geziak GR-123 Bizkaiko Bira izeneko zidorrari dagozkio. Errepidea utzi eta asfaltatutako pistari jaramon egingo diogu. Oraingoz, El Mazoko tontor gaineko antenetarantz bideratuko ditugu gure pausoak. Minutu batzuk lasai eman ondoren, porlan bidea banandu egiten da. Pista ondoan etxalde eta berotegi baten itxura duen behitegi bat daude. El Mazora bideak eskuinetik jarraitzen du, eta huraxe baliatuko dugu itzulera egiteko. Ezkerreko pistatik ekingo dugu, beraz, ipar-mendebaldera joz. Noranzkoa aldatu gabe, etxola baten ondora iritsiko gara laster. Etxolaren kantutik igarota, Peña del Moroko kareharrizko mendigunera joko dugu. Basabideak belardi zabal bateraino lagunduko digu. Erdi-erdian, etxola bat. Etxola bera ezkerraldetik inguratuta, belarrez jantzitako gandorrari eutsi, eta multzo karstikora joko dugu. Belardia amaitzean, bi troka inguratuko ditugu. Meategi baten pitzadura sakona ikusiko dugu berehala. Haren ondotik jarraitu eta maldan gora hasteko unea da. Aldatsa amaitu gabe, ordea, harbide batekin egingo dugu topo. Hari segika, zeharka-meharka jarraituko dugu. Peña del Moroko tontorrera doan bidexka, harbidean aurrera egin, eta minutu gutxira ikusiko dugu. Gezi batek adieraziko digu desbideratzea non hartu. Hala, ezkerraldetik doan zidorrari men eginez, meatze sarbide batzuen ondotik igaroz, tontorrera iritsiko gara.

El Mazo haitzetik Ubal gainera

aldatu

Gainaldeko paisaiaz bapo aseta, beherago utzitako harbidera jaitsiko gara, hots, egurrezko seinalea ikusi dugun tokira. Beherago ikusten dugun troka handirantz jaisten hasiko gara, tinta gorriko arrastoei segika. Tupustean, ordea, bidexkak ezkerrera jo eta, zehar-zehar, zuzenduko gaitu aspaldiko meatze bateraino. Bidexkari oratuta, alanbre batera iritsiko gara aurrerago. Alanbrea gurutzatu eta maldan behera egin gabe, zeharka jarraituko dugu, GR zidorra lagun. Ipar-ekialdera egingo dugu Peña del Moroko multzo karstikoa inguratzeko xedez. Laster batean, El Mazo izeneko troka edo sakonune zabala ikusteko aukera izango dugu. Peña del Moro haitzeko ekialdeko magala erabat zeharkatuta, eskuinera egingo dugu bidebanatzean eta lepora jaitsiko gara.

Eskuinetik segituta, sakonunetik irtengo gara ezkerraldetik abiarazten den GR zidorrari jarraituz. Igoera ederra egiten hasiko gara orain. Hasieran bidea garbia da. Gora egin ahala, ordea, harriak (latsunarria) eta hurritzak nagusitzen dira. Ibarrean gora egingo dugu labirinto karstikoan barrena, ezkerreko magalari begia kendu gabe. Izerdia ederki bota ondoren, lepora iritsiko gara. El Mazoko antena handia hurbil dago. Alanbre bat zeharkatu eta gero, gainaldeko antena eta erpin geodesikoa ikusiko ditugu gandorrean. Antena erreferentzia gisa hartuta, gora jarraituko dugu. Bidexkak, azkenik, antenaren eta erpin geodesikoaren artean utziko gaitu. Bost minutu nahikoak dira tontorrera igotzeko. Gero, zidor bera baliatuta, antenetara doan zerbitzuko pistara irtengo gara. Ubal mendatetik igotzen den antenetako zerbitzurako pista baliatuko dugu autora bueltatzeko. Pistan behera, beraz, metalezko atera iritsiko gara. Eskuinera egin eta bide nagusiari jarraituz, Ubal mendatera iritsiko gara.

Relux leihoa

aldatu

El Mazoko erpin geodesikotik iparraldera egin dugu. Gainez gain, bide erosoena hartuko dugu. Eskuinaldeko sakonuneak erabat inguratuta, jaisteko unea da. Hala, eskuinera egin eta tontortxo batera zuzen egingo dugu. Tontorrera igo gabe, lepoan ikusiko dugun ataka naturala baliatuko dugu ezkerraldeko ordokira jaisteko. Meatzeetako arrastoak daude zelaian. Belardi horien gainean, Relux Haitza (705 m) goititzen da. Kantabriaren eta Bizkaiaren arteko muga edo alanbrea gertu dago. Alanbrea gurutzatu eta, Relux tontorrera igo gabe, haren eskuinean dagoen amildegira urreratuko gara. Gandorreko ataka handia igaro eta metro gutxira Relux leiho naturala ikusiko dugu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua