Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Kaskoa eta Urrizpilota artean

Izpegiko mendatean ibiliko gara, Baigorri eta Baztan isurialdeak bereizten dituen banalerrotik, eta Hauza mendi puska alderantz; baina desbideratu egingo gara, beste bi mendi txikiagotara joateko, eta Baigorriko ibarraren ikusmira zoragarria izango dugu haietatik. [1]

Kaskoa eta Urrizpilota artean
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Beherea
Zailtasuna Erraza
Lekuak Izpegi mendatea, Nekaitzeko lepoa, Elhorriko kaskoa, Urrizpilota
Distantzia 8 km. 2 ordu eta erdi.
Ingurunea Izpegiko mendatean ibiliko gara, Baigorri eta Baztan isurialdeak bereizten dituen banalerrotik, eta Hauza mendi puska alderantz; baina desbideratu egingo gara, beste bi mendi txikiagotara joateko, eta Baigorriko ibarraren ikusmira zoragarria izango dug
Abiapuntua Izpegi mendatea (Baigorri)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Ibilbide hau ezin hobea da haurrekin egiteko txango gisa, eta inguruko ikuspegi paregabeez gozatzea izanda helburu bakartzat. Izpegiko mendateko benten alboko aparkalekutik abiatuko gara; handik, sekulako ikuspegia izango dugu jada, Baigorri eta Garazi arteko mendi bizkar ugariena. Zutoin batean baliza berdez eta zuriz seinalaturik agertuko zaigun bidezidorretik segituko dugu, tokiko mendi batetik; ez du zenbaki berariazkorik, eta Elorrietako leporantz doa. Lehenengo zatian, garo sarrizko tapiz moduko bat zeharkatuko dugu, eta pagadi zarratuan barneratuko gara; halaxe, Olateren ekialdeko magal ertzean kokatuko gara, Nekaitzeko amildegiaren eta Baigorriko lursailen gain-gainean. Bidezidor horri ekin orduko, beste baliza batzuk ere aurkituko ditugu, GRT 6koak.

Igo eta jaitsi ibiliko gara, pendiz apaletan, eta bihurgune oso oker batera iritsiko, paisaia koskatsu baterantz doanera, eta, berriro ere, hegoalderantz bideratuko gaitu, Nekaitzeko amildegiko basarte baten gainetik, hegalez hegal; gure ezkerretara ikusiko dugu, sakan izugarri baten moduan

Lur gorriztako bidezidorrean ibiliko gara ?Baztanen eta Baigorrin hain bereizgarria den horretan?, eta pagadi zoragarri bateko tokia lauan barneratuko, non goroldioak estalia baitu eremu guztia, alfonbra baten moduan. Eta, basotik irtendakoan, zelaian gora egingo dugu, Nekaitzeko leporaino doan malda koskorra igoz. Mendi lepoaren goreneraino iritsi aurretik, ordea, ezkerreko aldetik joko dugu, hiru usategi lotzen dituen bidezidorretik, eta pagadi pareraino iritsiko gara; han, bidezidorretik irten, eta eskuineko mazelatik igoko gara, zohikaztegi batetik barrena. Nahi izanez gero, mendi lepoa iragango dugu, eta ezkerreko bidexka batetik segituko; tokiko bidezidorreko zutoin batean seinalatua dago, eta Nekaitzeko cromlecheraino doa. Mazelaren erdialdean gaudela, lehengo usategira doan bidezidorrarekin topo egingo dugu.

Baigorri gainetiko bistak

aldatu

Behin horra iritsiz gero, maldan gora ekin besterik ez dugu, eta gailurrera iritsi aurreko orrazi harkaiztsuan aurkituko gara; harkaitzeko irekidura bat gurutzatu, eta eskuinetik joko dugu; cairn baten irtengunean izango gara orduan, Elhorriko Kaskoko tokirik garaienean. Isiltasuna da gailen han goian, abereen zintzarri hotsak bakarrik urratua, eta horrexek are izugarriago egiten du handiko ikusmira: Baigorritik hasi eta Orhiren silueta begiztatu arterainoko eremua, horizonteko zeru urratuz.

Gailurrera iritsi orduko, ezkerreko aldetik egingo dugu behera, bidezidorrik gabeko zati batean, harik eta bidexka zabal batekin topo egingo dugun arte, zeina karabana zahar aurrez aurre amaitzen baita; gero, aurrerantz joko dugu, harkaitz txiki bat igaroko dugu, eta Urrizpilotara jaitsiko gara. Geroz, asfaltozko bidea zeharkatuko dugu, Dominguleeneko borda ezkerretara utzita, eta azkar batean iritsiko gara Urrizpilotako gailurreraino; terraza ikusgarri bat dago han goian.

Berriro ere, Urrizpilotako lepora jaitsiko gara, eta bordaren eskuineko aldetik segituko dugu, basarte batetik, berriro ere Nekaitzeko amildegiaren gainetik ibiliz, baina oraingoan ez joanekoan ibili garen aldetik, bestetik baizik. Galtzeko arriskurik gabe itzuliko gara Elhorriko Kaskoaren magalera; hala, bada, modu naturalean iritsiko gara Nekaitzeko lepora, eta handixe itzuliko gara Izpegiko mendatera, joaneko bide berberetik.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua