Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Kili-kiliak oinetan, Amurrioraino
'[1]
Kili-kiliak oinetan, Amurrioraino | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Laudio, San Bartolome, Kukutza, Goikolandeta, Kurtze, Olarte auzoa |
Distantzia | 16 km 3 ordu eta 50 mn. |
Ingurunea | Igande honetan Araba Euskaraz ospatuko dugu Amurrion. Laudiotik Amurriorainoko tartea ezagutzeko helburuarekin, Kukutzako tontorrerantz abiatuko gara. |
Abiapuntua | Laudio |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAlavatik Arabara etorrarazteko asmoz, Araba Euskaraz antolatzeari ekin zion Ikastolen Elkarteak orain urte batzuk. Araba Euskaraz ekitaldiko lehen ospakizuna 1981ean izan zen. Amurrio herriari egokitu zaio aurten, eta herrigunearen inguruan ibilbide batez gozatzeko aukera izango dute hara bildutakoek. Ibilbide laburraren osagarri izateko, Kukutzako tontorreraino eramango gaituen ibilbidea prestatu dugu ondorengo lerroetan.
Laudioko (Aiaraldea, Araba) Herriko Plazan hasiko dugu ibilbidea. Elizaren eskuinaldetik igaro ondoren, Krutziaga zubira joko dugu. Segidan, Nerbioi ibaia gurutzatu eta gure pausoak tren geltokiaren ondoko tunelera bideratuko ditugu. Pasabide iluna baliatuko dugu, hain justu ere, Latiorro auzora iristeko. Eskailera mekanikoetatik irten bezain pronto, ezkerrera hartu, eta trenbidearen paraleloari jarraituko diogu. Kalea amaitzean, ordea, eskuinera egin, eta futbol zelaiaren ondotik igaroko gara; hilerriaren paretik, gero. Errepide zabala uzteko unea helduko zaigu laster. Orduan ezkerraldetik doan oinezkoentzako bideari jaramon eginda, Larrea auzorantz abiatuko gara. Etxebarri baserrian eskuinera hartu, saihesbidearen azpitik igaro eta San Bartolome ermitaraino segituko dugu, poliki-poliki, urratsez urrats.
San Bartolome baseliza Larreako auzoan dago. Tenpluaren atari dotoreaz bapo aseta, bidean aurrera joko dugu. Pinudi trinkoan sartu-irtena eginda, gozo-gozo arituko gara Etxezaharre baserriraino. Anartean, inguruko panoramikaz gozatzeko bidea emango digu lekuak: Untzuetako tontor piramidala nabarmenduko dugu ibarraz bestaldean, ederkiro gailenduta. Soa eskuinaldera luzatuta, Mostatxa eta Pagolar gailur sonatuak ikusiko ditugu.
Baserriz baserri
aldatuBerrio baserria atzean utziko dugu, ibili-ibilian segituta. Gero, eskuinetik hartuta, bidebanatzean, Berriomendiko tontor biribila inguratzen hasiko gara. Igoera xumea egin ostean, bideak behera egiteko gonbita egingo digu. Gurpide baserriraino lagunduko digu orduan zidorrak; eta Asudui baserriraino, segituan. Aranguti baserriranzko bidea bazter eginez, pinudira doanari jarraituko diogu. Laudiora jaisteko aukera izango dugu bat-batean; noiz, eta eskuinaldetik Erkitza baserrira doan bidea ikusten dugun momentuan. Guk, aukera horri muzin eginda, gora eta gora segituko dugu, bizkarrari ondo oratuta. Laster batean, bidarritxo bat ikusiko dugu bide ertzean —batzuetan plastiko zatiak ere ikusiko ditugu—. Maldan gora egiteari uzteko unea da, baita ezkerreko xendatik jarraitzekoa ere. Hasieran zehar-zehar zuzenduko gaitu bidexkak; animoso eta gogo biziz, gero. Udunetako tontorraren magalean basabide bat ikusiko dugu. Basabidea zeharkatutakoan, bidexkari heldu, eta gora joko dugu.
Pagatzaurtuonduko auzotik (Orozko, Bizkaia) datorren basabidearekin bat egingo dugu azkar-azkar. Gora egiteari utzi gabe, bide nagusiari jaramon egin, eta Udunetako —Udaneta— tontorra inguratzen hasiko gara. Eskuin-ezker egin gabe, ordea, Kukutzako pagadira zuzenduko gaitu bide zabalak. Bidebanatzean eskuinera egin, eta pagadiaren atarira iritsiko gara. Baso galanta topatuko dugu han. Aldapari aurre eginez, bizkarrera igo eta Kukutzako tontor panoramikoan izango gara laster batean.
Ikuspegi zabala bezain dotorea eskaintzen du Kukutzak: Iparraldean Orozkoko udalerria babesten duen Untzuetako gaztelu zaharra bistaratuko dugu; Ekialdean, Itzinako haitz zorrotzak gailenduko zaizkigu eta, gertuago, Arrolako tontor gaineko Santa Marina tenplu xumea begiztatuko dugu.
Kukutzatik bueltan
aldatuTontorreko postontzian eskuinera egin, eta mendebaldera bideari ekingo diogu. Laudioko ibarrera jaisten hasiko gara. Pagolar mendiaren eta Luiaondo herriren artean finkatuko dugu begirada. Goikolandetako tontorra inguratuko dugu berehalakoan. Belardiak eta pagadi-pinudia bereizten dituen basabidean behera jarraituko dugu, noranzkoa aldatu gabe. Bidea harriztatzen da eta, bat-batean, desnibel handia galtzen hasiko gara. Kurtzeko tontortxoaren inguruan bidea porlanez jantziko dela ikusiko dugu. Porlan bide zurrunak Olarteko auzoraino lagunduko digu. Gero, asfaltoari jarraituta, Nerbioi ondoan jarriko gara.
Nerbioiko bazterrak aurkitzeko gonbita egingo digun Ibilbide Linealera iritsi gara, beraz. Ibaian behera eginez gero, Laudiora bueltatzea erraza egingo zaigu. Ur-lasterrari aurpegia emanez, haatik, Luiandoko tren geltokirainoko tartea osa genezake. Edozelan ere, Amurrion ospatzekoa den Araba Euskaraz ikastolen festara hurbiltzeko bidea erraztuko digute aukera biek.