Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Kodesko "Penitenteak"

Naturak zizelkatutako monolito ikusgarri hauek kondaira bitxi bat ezkutatzen dute beren barnean.[1]

Kodesko "Penitenteak"
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Kodesko santutegia (Torralba del Río), Kodesko Penitenteak, Risco Royo, Joar, La Llana
Distantzia 6,5 km. 2 ordu et 50 mn.
Ingurunea Naturak zizelkatutako monolito ikusgarri hauek kondaira bitxi bat ezkutatzen dute beren barnean.
Abiapuntua Kodesko Santutegia
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Ederra bezain ikusgarria den ibilbide bat proposatuko dugu gaur. Kodesko Penitenteak edo monolitoak deituriko haran estutik igoko gara Joarreko tontorrera, eta horretarako biderik zailena eta ezagunena aukeratuko dugu.

Kodesko Santutegitik abiatuko gara, eta, horretarako, Kodes mendilerroaren magalean kokatzen den Torralba del Río herriraino joango gara. Kodesko Ama Birjinaren santutegia Kodes mendiaren babesean dago, Arabako mugan. Nafarroak mendebaldeko mugan duen azken mendigunea da. Gaur egungo jainkotegia XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki zen; lehenago, X. mendean monasterio hispaniar-bisigodoa zegoen. Santutegiaren goi aldetik ateratzen den lurrezko pista zabala hartuko dugu, eta mendilerroaren paraleloan abiatuko gara. Berehala, eskuinetik ateratzen den balizatutako xenda hartuko dugu aurrerago berriro pistarekin bat eginez. Bidea ez da oso erraza, pista asko baitaude, eta agian zenbait lekutan intuizioaren laguntza ere behar da monolitoen oinera iristeko. Bi Ahizpen ondora heltzean, pista utzi eta horien artean sartzen den haran txikian murgilduko gara hasieran bide zabaletik eta gero xenda estuari segituz. Haizpitartean marrazten den bidea itzalean egingo dugu, eta tarteka aldatsak oso gogorrak gertatuko zaizkigu.

Eguraldi busti edo hezearekin arriskutsua gerta daiteke. Behera begiratu, eta hortxe ikusiko ditugu ilaran jarrita Ahizpa Handia, Ahizpa Txikia, Punta Redonda eta Risco Royo haitzek osatzen duten multzo ikusgarria bezain zirraragarria. Penitenteen Haizpitartea eremu zaila da, pikoa eta nekagarria, tarteren batean tentu handiz ibili beharrekoa. Beraz, eskarmentu pixka bat edukitzea komeni da paraje hauetan murgildu eta naturaz gozatzeko. Monolitoen artean handienek Kodesko Bi Ahizpak izena hartzen dute —nahiz eta benetan lau izan—. Kondairaren arabera, bi omen ziren paraje horretan, beren amaordearen jopu edo esklabo. Eta, halako batean, ihes egin omen zuten, eta basoan ezkutatu. Iluna etorri eta bi ahizpak ez zirela etxeratu konturatuta, amaordeak madarikazio ikaragarri bat bota zuen: «Harri bihur daitezela», esan omen zuen, haserre. Andreak ez zituen gehiago ikusi, baina Kodesko bidean bi harkaitz sortu ziren, bata handia, bestea txikixeagoa.

Haizpitartetik ateratzean, bidea erosoagoa gertatuko zaigu. Botatako izerdia lehortu, zintzurra freskatu eta atsedena hartzeko beta hartzen dugun bitartean, atzera begiratu eta honaino egindako bideari eta horren alboetara altxatzen diren penitenteei azken begirada botako diegu. Itzela ahalegina, ikusgarria paisaia. Merezi du. Gure ibilbidearekin jarraituko dugu, eta, Joarreko tontorra aurrez aurre dugularik, Peña Blancaren magaletik marrazten den xendatik Pico Royo aldera joko dugu, eta hori inguratuz tontorrera igotzeko azken maldari ekingo diogu. Joarreko antena zatarraren ondora ailegatzeko azken ahalegina egingo dugu haitz artean marrazten den bidetik gora eginez. Tontorrean dagoen buzoiaren ondoan hamaiketakoa egin eta panoramika zabalaz gozatzeko aukera bikaina izango dugu.

Atsedenaren ostean, La Llanako lepora jaisten hasiko gara pagadian zehar. Aurrez aurre La Planako tontorra izango dugu. Lepora iristean, santutegi aldera zuzentzen den bide harritsuak gure belaunak zigortuko ditu. Los Cencerros Haitz ikusgarriaren magaletik irekitzen den xendatik basoan murgilduko gara, eta, kontu kontari, pista zabaletik jaitsiz santutegira iritsiko gara, eta ibilbidea amaituko dugu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua