Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Kukutza edo Elorritxugana

Orozkoko ibilbide sarean gaindi ibiliko gara ibilbide honetan, eta Kukutza tontorra igotzea izango da txangoaren helburua. [1]

Kukutza edo Elorritxugana
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Santa marina, Kukutza, Elorritxugaina, Senagorta, Jesuripozoeta, Zubiaur
Distantzia 10,5 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Orozkoko ibilbide sarean gaindi ibiliko gara ibilbide honetan, eta Kukutza tontorra igotzea izango da txangoaren helburua.
Abiapuntua Zubiaur (Orozko)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Orozkoko ibilbide sarean hamaika aukera marraztu dituzte oraintsu ibarreko zoko-mokoak ezagutarazteko. Zubiaurreko erdigunetik abiatuta, esaterako, Ubizear eta Kurtzeganako trikuharrira doan bidea har daiteke, betiere PR-BI 34 luzera txikiko zidorra gogaide. Beste aukera bat, akaso aurrekoa bezain interesgarria dena, Santa Marinako begiratokikoa da. Guk, ordea, baselizan gelditu gabe, ibilbidea luzatuko dugu, eta Laudioko muga-mugan dagoen Kukutza edo Elorritxuganako tontorra bisitatzera abiatuko gara. Horixe izango da helburua.

Hortaz, Orozkoko Zubiaur auzoan emango diogu hasiera ibilbideari (Bizkaia). Altube ibaiaren gaineko zubiaren ondoan gaudela, Bilbo aldera urratsak egiten hasiko gara. Metro batzuk baino ez; izan ere, Donibane auzora doan errepideari jaramon egingo diogu. Etxeluzea nekazari turismorako bide-seinaleak ere baliatuko ditugu saihesbidearen azpitik igaro ostean, Donibaneko elizaren parera iristeko xedez. Bidegurutzeraino bideratu gaituen PR-Bi 35 zidorra bazter egingo dugu han, eta ezkerraldetik doan GR 123 ibilbide luzeko zidorrari men egingo diogu. Santa Marina eta Arrola helburua dituen bideari jarraitzen hasiko gara, beraz.

Arrolako tontorra

aldatu

Badaramagun errepide estuak ezkerrera egingo du laster. Aurrerago, bidea bitan banatzen dela, eskuineko pista hartu eta leun-leun jarraituko dugu asfaltoa amaitzen den arte. Ez larritu, basabide batek jarraipena emango baitio errepideari.

Hala, ibilian-ibilian eukaliptoak ondoan ditugula jarraituko dugu, galbiderik gabe. Birlandaketa saila bukatzean-edo, basabideak eskuinera egin eta, langa xume bat igarota, malda pikuan gora ibiliko gara. Lehen metroak egindakoan, ur-biltegi txiki bat ikusiko dugu basabidetik distantzia eskasera. Gora egiteari eutsirik, bidebanatze batera helduko gara azkenik.

Han goian, ezkerrera egin eta pinuek lagunduta, goratasuna gogo biziz hartuko dugu. Goragoko bidebanatzean, eskuinetik segitu eta magalari gortea egiten hasiko gara. Xenda itxura hartuko du bideak orain. Alanbre bat gurutzatuko dugu segituan, eta pagadira iritsiko gara berehalakoan. Hosto erorkorreko basoa alderik alde zeharkatuko dugu, betiere noranzkoa apenas aldatu gabe, baita goratasuna apurka-apurka hartuta ere.

Pagadia mugatzen duen alanbre batera heltzean, sigi-saga egingo dugu mazelan zehar eta, azkenean, mugarri handi bat altxatzen den lepora igoko gara. Tindu horiko bide-seinaleak agertuko zaizkigu han, lepoaren babesean: pintura arrastoak Orozkon hasi eta Katadio baselizatik igarota, Santa Marina eta Arrola parajeak helburu dituen zidor balizatuari dagozkio. Lepoko basabidea zeharkatuko dugu eta, maldan gora jarraituta, Arrolako tontorrera helduko gara. Orozkoko paisaiaz gozatzeko balkoi interesgarrian gaude. Huraxe baliatuko dugu atseden hartzeko, tontorrean parke bat egokituta dago eta.

Kukutzatik Donibanera

aldatu

Tontorreko aterpetxearen eta baselizaren artean igarota, Izartzagan eta Larragorri aldera egiten duen basabidetik jarraituko dugu, ibilkera patxadatsuaz. Jesuripozoeta inguruan iturri bat ikusiko dugu, baita Donibane auzotik igotzen den bide zabala ere. Handik egingo dugu itzulera behin Kukutza igota. Beraz, ibarrera jaisten den bideari muzin eginda, zuzen jarraituko dugu. Hurrengo bidebanatzean eskuinera joko dugu eta, hegiz hegi, Elorritxuganara helduko gara. Tontor panoramikoa baita, inguruko parajea mugatzen duten hainbat eta hainbat mendigune bistaratuko ditugu gainaldetik, Untzuetako gaztelua, Gorobel eta Carbonilla mendiguneak, besteak beste.

Tontorretik Jesuripozoetako iturrira itzuliko gara berriz, eta, han, ezkerrera hartuta Donibanerantz abiatuko gara. Oditzaga, Sagarminaga eta Meatza auzoak atzean utzi ostean, Orozkon bertan itxiko dugu zirkuitua.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua