Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Larregoiko elur zuloa

Normalean, elurtegiak udalarenak izaten ziren, baina, batzuetan, errentan ematen zitzaion gehien ordaintzen zuenari. [1]

Larregoiko elur zuloa
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak San Martin, Larregoiko
Distantzia 7 km. 2 ordu eta laurden.
Ingurunea Normalean, elurtegiak udalarenak izaten ziren, baina, batzuetan, errentan ematen zitzaion gehien ordaintzen zuenari.
Abiapuntua San Martin (Ameskoabarrena)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea aldatu

San Martin herria Lokiz mendilerroa eta Urbasa banatzen dituen ibarrean dago, eta bi mendilerroek Ameskoa ibarretan isurtzen dituzte beren urak. Lurraldeak, fauna eta landaretza aberatsak izateaz gain, tokiko zuhaitzen baso bikainez jantzirik daude mendien magalak: hariztiak, pagadiak eta artadiak, batik bat. Tokiko bide zaharretan ibiliz gero, ondare historikoa ezagutzeko parada izango dugu. Ibilbide honetan, Larregoiko tontorrera igotzeko aitzakia profitatuz, horren ondoan dagoen elur zulo berezia bisitatuko dugu.

Ibilbidea herriaren azken etxeen ondotik zabaltzen den porlanezko bidetik hasten da. Azken etxeak atzean utzi, eta, Ameskoetako ikazkinen omenez jarritako metalezko irudiaren ondotik, berehala iritsiko gara langa baten ondora. Hori igaro, eta gorantz egingo dugu, gure ezkerrean txondor bat utziz. Aldapa gogortzen hasten denerako, pagadian murgilduko gara, orbelak estaltzen duen porlanezko pista zabalean zehar. Tarteka, bidea leundu egiten da, eta arnasa hartzeko beta izango dugu.

Pistaren amaierara iristean, bidea leundu egiten da erabat, eta pista lurrezko bihurtzen da. Hari jarraituz, ataka txiki bat gainditu eta berehala aterako gara antenaraino igotzen den lurrezko pistara. Handik, gorantz joko dugu, altuera irabaziz, eta, goi ordokira ailegatu aurretik, elur zuloaren kokapena erakutsiko digun egurrezko hesola bat ikusiko dugu. Toki horretan pista utzi, ezkerraldean dagoen metalezko langa gainditu, eta ehun bat metro bete beharko ditugu Larregoiko elur zuloaren ondora heltzeko.

Elurra eta izotza aldatu

Gizakiak elurra eta izotza erabili ohi ditu historian zehar, bai elikagaiak kontserbatzeko bai edari hotzak eta izozkiak prestatzeko, baita sendagarri modura ere, sukarra apaldu edota kolpeak arintzeko. Parajeotan bertan izotza egin izan da, XX. mendearen hasiera bitarte. Neguan, maiz egiten zuen elurra, eta, harekin, izotza fabrikatzeko lehengaia lortzen zuten. Normalean, elurtegiak udalarenak izaten ziren, baina, batzuetan, errentan ematen zitzaizkion gehien ordaintzen zuenari, betiere konpromisoa hartzen bazuen beharrak betetzeko. Ameskoetan, elur zuloak edo «leizeak» enkantean jartzen ziren hiru urterako. Elur zuloaren hondoraino jaitsi, egurrezko eskailera baten bidez; behe-behean, imajina dezagun zenbat elur tona meta zitezkeen dena betez gero.

Toki berezi hori atzean utzi, eta, gertu ikusiko dugun tontorra gerorako utziz, amildegi aldera gerturatuko gara, hango tumulu bateraino joateko. Ez da ia nabarmentzen, baina talaia paregabea da. Gertu dago Larregoiko tontorra, eta hara joko dugu segidan; iritsitakoan erpin geodesikoa eta kohete itxura duen buzoi bat topatuko ditugu. Gure mendean, Ameskoako ibarrako zenbait herri: Artatza, Bakedano, Barindano, Goiano, Urra eta Zudairi. IE-an Gatarre eta gertu Kerezmendi, Larraitza eta Etxabarriko Haitzak. Aurrez-aurre Lokizko San Kosme eta San Damian. Amildegiaren ertzetik, antenaraino gerturatuko gara, eta, alanbrezko hesia pasatu eta gero, igotzeko hartu dugun lurrezko pistara aterako gara. Segidan, etorritako bidetik jaitsiko gara abiapunturaino.

Erreferentziak aldatu

  1. Berriatik hartua