Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Lautadan, geroari begira

Narbaxako bizkarra korritzera abiatuko gara, Aratz-Aizkorriko natur parkearen eta Arabako lautadaren gaineko ikuspegi ederrez gozatzeko asmoz. [1]

Lautadan, geroari begira
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Arbaxa, Llateko lepoa, Bokario, Narbaxako erripak, Arriolateko ataka, Arriola
Distantzia 10,5 km. 2 ordu ta 45 mn.
Ingurunea Narbaxako bizkarra korritzera abiatuko gara, Aratz-Aizkorriko natur parkearen eta Arabako lautadaren gaineko ikuspegi ederrez gozatzeko asmoz.
Abiapuntua Narbaxa
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Urte mordoa igaro da euskararen aldeko lehen jaialdia Arabako herrialdean antolatu zenetik. Euskararen egoera ez baitzen ona, indarrak batzeko beharra zegoen. Arabako zazpi kuadrillek bat egin zuten orduan, eta Araba Euskaraz-eko jaialdira batu zituzten euren ahaleginak. 1981ean ospatu zen elkarretaratze jendetsua. Bai egun handia arabarrontzat!

Urteak joan, urteak etorri, euskaltzaleon bihotza eta ezpainak mugiarazten dituen jaialdiak ez du etenik izan. Zorionez. Hala, ospakizun berri batez gozatzeko aukera paregabea izango dugu datorren ekainaren 19an. Aguraingo Lautada ikastola gazteari egokitu zaio txanda orain. Geroari begira lelopean, milaka euskaltzale elkartuko dira igande horretan euskarak merezi duen estatusari irmoki heltzeko.

Aguraingo udalerria lautadako ekialdean dago, Elgea-Urkilla eta Entzia mendigune ezagunek mugatzen duten zabalgune ederrean. Ingurumenari dagokionez, milaka altxor gordetzen ditu Aguraingo eskualdeak; ur-jauzi jauzkariak, baso misto galantak eta Europan garrantzi handiko hezeguneak, besteak beste.

Urkilla mendilerroaren babesean, gainera, altuera xumeko muinoak luzatzen dira, mendebaldetik ekialdera. Muino ttipiak izanda ere, ikuspegi ederreko talaia naturalak dira. Bazterrok ezagutzearen kariaz, Narbaxa herrira hurreratuko gara lehen-lehenik. Gero, ibili-ibilian, Aizkorri-Aratzeko natur parkearen atarian gelditu egingo gara, zoko-moko horiek eskaintzen duten oparotasunaz bapo gozatzeko xedez.

Araiatik etorrita, eskuinera hartuko dugu Nabaizako elizara heldu aurretik, eta Artasora biderantz gidatuko gaituen zidorrari jarraituko diogu. Goikomendi kalean aurrera egingo dugu, beraz. Laster, Atxazuri deritzon parajetik igaro ostean, Narbaxako lerroa janzten duten gain xumeei begira jarriko gara. Goratasuna hartzen hasiko gara, astiro-astiro. Berehala, pista asfaltatu bat utziko dugu eskuinaldean, eta Llateko lepora igoko gara ahalegin ttipia egin bezain pronto. GR 25 zidorrari jarraituko diogu hantxe, baina Galarreta aldera.

Hala gauzak, ur biltegitik hurbil igarota, GR zidorrak bide nagusia albo batera uzteko gonbita egingo digu segituan. Bokarioko gainera iritsiko gara berehala. Tontor panoramikoa da Bokario, erpin geodesiko bat duena punturik gorenean. Aratz, Malkorra, Gaboñu eta Mugarriluzeko gainak begi bistan izango ditugu. Behealdean, berriz, ameztiak inguratuta, Narroskate —edo Beltran— baserri sonatua ikusteko parada izango dugu.

Gordoako muinoak

aldatu

Bizkar gainetik jarraituko dugu, betiere, ekialdera doan bideari eutsita. Bidexkak belardi bateraino lagunduko digu bizkor-bizkor. Orduan, ezkerretik inguratuko dugu zelai zabal hura, eta lerroaren gainetik doan xendari lotuko gatzaizkio. Narbaxako erripak izena hartzen duen tontorrera helduko gara paseo polita eginez. Erpin geodesikoa atzean utzi dugula, bizkarraren gidaritzapean jarraituko dugu. Minutu batzuen buruan, lepo xume batera iritsiko gara. Ur biltegi txiki bat ikusiko dugu. Han Arriolara jaisteko aukera izanagatik ere, lerroari erabat atxikita jarraituko dugu. Ondoan altxatzen den muinoari aurre egingo diogu, eta, segidan, Arriolateko lepora iritsiko gara, hots, Arriolatik datorren bide egokitura. Partzelaria zeharkatuko dugu han, eta Gordoako erripa zapalduko dugu. Ondoren, goratasuna galtzen hasiko gara, Kalero gainaren eta Oso muinoaren arteko lepoarekin bat egitearen kariaz. Malkorra tontorrera eta Galarretara doazen bideak bazter egingo ditugu bertoko lepoan, eta, bide sardan eskuinera joz, lautadara jaisteko bideari helduko diogu. Jaisten hasi eta metro gutxira, ordea, errekasto xume bat zeharkatuko dugu, haren paraleloan doan bidexkan behera jarraitu ahal izateko. Bide zahar baten moldean ibiliko gara, aspaldiko gurdiek zizelkaturiko arrastoei begi kendu ezinean.

Gorpidarango iturri bitxia atzean utzi eta berehala, jarraitu dugun ibarretik atera, eta, langa metalikoa igarota, eskuinera hartuko dugu segidan. Arriola alderako urratsak egingo ditugu. Arriolako errepidera iritsita, eskuinetik segitu, eta eliza-gotorlekura igoko gara. Elizaren ondoko jauregian, eskuinera hartu, eta Narbaxara doan bideari jaramon egingo diogu. Zaltegiko parajeaz gozatuz, amaiera emango diogu ibilbideari.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua