Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Leitzako muinoetan
Nafarroan, Leitzan bertan hasi eta ekialdera doan bizkar luzean, Eguzkizko muinoa, Petriketa eta Baztarla bisitatuko ditugu. [1]
Leitzako muinoetan | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Usategieta gaina, Loiategi, Eguzkiko muinoa, Petriketa, Baztarla |
Distantzia | 7,2 km. 2 ordu eta 20 mn. |
Ingurunea | Nafarroan, Leitzan bertan hasi eta ekialdera doan bizkar luzean, Eguzkiko muinoa, Petriketa eta Baztarla bisitatuko ditugu. |
Abiapuntua | Usategieta gaina (Leitza) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuLeitza herria inguratzen duten mendi eta muinoetan zehar hamaika ibilbide egin daitezke. Guk aukeratu dugun honetan, Ezkurra mendatetik gertu dauden hiru muino edo tontor aukeratu ditugu bisita egiteko: Eguzkizko muinoa, Petriketa eta Baztarla. Hiruretatik dagoen ikuspegia oso zabala da, eta, gertuko mendiez gain, urrutiko mendikate eta tontorrak ere ikus daitezke.
Herritik Goizueta eta Doneztebe aldera (Nafarroa) zuzentzen den errepidean barna zazpigarren kilometroa igaro eta Ezkurra mendatean dagoen Basa-kabi jatetxearen ondoko aparkalekuan utziko dugu ibilgailua. Errepideak gurutzatzen diren leku berean, pista zabala pagadian murgildu eta berehala hori utzi, eta eskuin aldera joko dugu Loiategiko kaskora igotzeko aldapa motz eta pikoari aurre eginez. Erraz iritsiko gara gainera, eta bertatik berriro metro batzuk jaitsiko ditugu lepoan, izeidi txiki baten ondoan kokatu arte. Hortik xenda desberdinak ateratzen dira, baina guk aurrez aurre dugun pagadirantz zuzentzen den xendatik aitzina egingo dugu.
Pagadia zeharkatu eta garo artean apenas ikusten den xenda batetik aldapa gogorrari aurre egin eta lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasiko zaizkigu. Desnibela gainditu, eta aska baten ondora iritsiko gara, arnasa berreskuratu eta aurpegia freskatzeko leku apropos batera. Gertu dagoen lurrezko pista gurutzatu, eta belarrezko alfonbra zapalduz erraz egingo dugu aurrera. Petriketako magaletik gertu ikusiko dugu gure lehen helburua, Eguzkizko muinoa alegia. Xendak eskuinera joatera gonbidatuko gaitu; lepora heldu, eta bertatik erraz igoko gara lehen tontorrera. Pagadi eder batekin muga egiten duen leku horretan bi buzoi aurkituko ditugu, zaharra bata eta bestea, berriz, berriagoa, harri-jasotzaile baten irudiarekin. Bertatik dagoen panoramika bikaina da. Gertu, Kornietako haize-sorgailuen parkea, Zuparrobi, Ireber, Urepel, Ipuliño, Erakurri, Guratz, Uli… eta horien magaletan barreiatzen diren makina bat baserri eta borda. Urrutixeago, berriz, Aralar, Aizkorri, Andimendi, Durangalde eta Gorbeiako mendilerroak.
Ikusmira ederrak
aldatuPostal horretaz gozatu eta gero, etorritako bidetik atzera egingo dugu. Lepo txikira itzuli eta metro batzuk gorago Petriketako tontorrera iritsiko gara. Bertan, aizkolari baten irudia duen buzoia. Aurrekoan bezala, hemendik dagoen panoramika bikaina da. Bidera itzuli eta lurrezko pista zabalean zehar altuera galtzen hasiko gara beste pagadi trinko batean murgildu arte. Basotik ateratzean, aurrez aurre, antenatik gertu beste tontor bat ikusiko dugu, eta, bertara igotzeko, pista utzi eta aska baten ondotik metro gutxi batzuk igoko ditugu harkaitz batean txertaturik dagoen buzoi zaharraren ondora heltzeko. Muino horretatik Leitza eta Aresoko ikuspegi ederrak izango ditugu.
Abiapuntura itzultzeko tenorean, bidegurutzera itzuliko gara, eta bertatik jaisten hasiko gara. Antenaren mantentze lanetarako ireki zuten pista zabalari segituz, Ezkurra mendatera jaitsiko gara tarteka; eskertuko dugu pago eta izeiek emango diguten itzala.