Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Lezeagako sorginak eta laminak

Sorginek eta laminek natura babesten dutela, Laudioko bazterrak astintzera etorriko gara orain. Iñarrondoko ur gardenei jarraituz, zelatan egongo gara, izakiok ezkutalekutik noiz aterako. [1]

Lezeagako sorginak eta laminak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Laudio, Lezeaga bidea, Iñarrondora bidea, Errekabietako behatokia, Mintegietako labeak, Ermuko santutegia
Distantzia 8,5 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Sorginek eta laminek natura babesten dutela, Laudioko bazterrak astintzera goaz. I�arrondoko ur gardenei jarraituz, zelatan egongo gara, izakiok ezkutalekutik noiz aterako.
Abiapuntua Laudioko herriko plaza
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Laudio herrian jarriko gara ibili-ibilian (Aiarako kuadrilla, Araba); herriko plazan, hain justu ere. Plaza aurrean Lamuza parkea dago, lorategi botaniko baten antzera antolatua. Parkean barrena abiatu ordez, haren eskuinetik Okondora doan errepideari jarraituko diogu. Ugarte auzoko elizara iritsi aurretik, Lezeagako bideari ekingo diogu, Santa Luzia eta Ermuko Andre Mariaren santutegi aldera seinalatzen duten bide seinaleei kasu eginda: errepide estua da, eta, berehala, Iñarrondo errekastoaren ondoan jarriko gaitu bideak. Errekastoa zeharkatu bezain pronto, eskuinera egin, eta, asfaltoari segika, Gorostitzako bidebanatzera iritsiko gara. Eskuineko basabidea hartuko dugu, han Santa Luziarako bideari heltzeko. Lehen aldatsa amaitu gabe, argibide taula batek parada emango digu atseden hartzeko. Kartografiak lagunduta, etnografiari, laminei eta santutegiei buruzko datuak irakurriko ditugu lasai-lasai. Errepidea utziko dugu orduan —handik itzuliko baikara gero—, eta eskuinetik doan basabideari ekingo diogu.

Atxorrotz haitzak

aldatu

Iñarrondo ibarrean gora hasita, bidebanatze batera iritsiko gara. Errekasto nagusiaren konpainia bazter egingo dugu hor, eta ezkerretik abiatzen den basabideari helduko diogu. Ermuko santutegia eta Ganekogorta mendi izena irakurriko ditugu bide seinalean. Ezusteko baten moldean, goratasuna hartuko dugu, bat-batean. Gero, jaitsiera xume bat eginda, errekasto jauzkari baten ertzeraino umil eta otzan etorriko gara. Errekabieta eta Lezeaga deritzen lekuek bat egiten dute paradisu ezkutu horretan. Holaxe egiaztatuko digute, bederen, Laudioko elezaharren aipu bat dakarren argibide taulako irudi iradokitzaileek. Behiala, Atxorrotz izeneko haitzetan bizi omen ziren laminak eta sorginak. Nonbait, bazterrotara hurreratu ohi ziren isil-isil, orrazteko xedez, eskuan urrezko orraziak zituztela. Jakina, mendiari ur emari gardena zerioneko garaia gogora ekarri nahi dute aspaldiko kondairok, baita eliza erregurik gabeko aroa ere.

Laminen bizilekua atzean utzita, dibertitzeko tartea hasiko da: Isusiko auzorainoko igoera gogorrean, egurrezko eskailera maila, zubi eta zaldainak ikusiko ditugu, han eta hemen mendi magalari atxikita. Era berean, kontuan izango dugu gero trumilka etorriko zaizkigun aldapa pikoak ez direla nolanahikoak izango. Litekeena da, gainera, ibiltaria arnasestuka geratzea eginahalaren ondorioz. Hurritzak, gaztainondoak eta haritzak bidaide, lehen oztopoak gaindituko ditugu. Laster, ordea, behatoki batek aitzakia emango digu sosegua berreskuratzeko. Ikuspegia ez da zabala, baina aurrez aurre izango dugu laminen ezkutalekua, landaredia eta kareharria nahas-mahas ageri diren eremu ilune batean.

Mintegietako karobiak

aldatu

Indarberrituta, maldari aurre egin ostean, basabide batera irtengo gara. Ezkerraldetik segituko dugu orduan. Aurrerago, ezkerrera egingo dugu berriro. Errekastoa zeharkatu, eta, pistan barrena metro batzuk egin ostean, bidexkari oratzeko parada izango dugu: basabidean jarritako sokak eta egurrezko zutoinak ezinbesteko erreferentziak izango dira. Ibarrean gora egin ahala, aspertzeko betarik ez dugu izango: zubitxoak eta eskailerak lagun, eremu karstiko eta kaotiko bat zeharkatuko dugu. Gorago, meategi baten arrastoak harritu egingo gaitu, eta, akaso, harridura handiagoa sortuko digu han abiatzen den harbidearen trazadurak berak. Hari zehar-zehar jarraituz, pagadiak eta haritzak uztartzen diren leku batera iritsiko gara; lubaki baten moduan gora jotzen duen bidexkatik jarraituko dugu. Isusiko auzora doan aspaldiko bidea da. Berehalako batean, Mintegietako karobi zuloetara iritsiko gara. Bi daude bide ondoan, bi-biak prest 1950. urtera arte zegozkien ardurei egokiro erantzuteko. Labeok frantses tankerakoak direla irakurriko dugu argibide taulan.

Isusi auzora jo gabe, karobian gora doan bidexkari heldu, eta, labeotako gainaldera iritsita, Ermuko Andre Mariaren santutegirako errepidera irtengo gara. Laudioko herriko plazara bueltatzeko, errepidean atzean egin, eta, Isusi auzotik igarota, ibarreraino jarraituko dugu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua