Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Loatzo, Uzturre eta Belabieta

'[1]

Loatzo, Uzturre eta Belabieta
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Amasa, Kamizargain, Oindo borda, Arrizurieta, Belabieta, Uzturre, Loatzo
Distantzia 16 km. 4 ordu eta erdi.
Ingurunea Hiru mendi hauek lotzen dituen ibilbide zirkular hau talaia paregabea da Tolosaldeko herri eta mendiak ikusteko.
Abiapuntua Amasa
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Tolosaldeko herri eta mendiak ikusteko, aukera ederra da hiru mendi horiek lotzen dituen ibilbidea. Hiru tontorretatik Uzturre da ezagunena, ikusgarriena eta gehien bisitatua; hala ere, beste bietatik dauden panoramikak aurrekoarenak bezain ederrak dira.

Amasako elizaren ondoan dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua, eta errepidean zehar beherantz egingo dugu berrehun bat metro. Ezker aldetik ateratzen den errepidetik errekaren ondora jaitsiko gara, eta hor, Alustiza baserrira igotzen den bide asfaltatua bilatu. Artzelus baserriraino bertatik igoko gara, eta, hori pasatu ondoren, ezkerretik ateratzen den pista hartuko dugu. Errepidea zeharkatu, eta bideak gorantz egiten du, bide zabala xenda bihurtuz.

Alustiza baserria ezker aldean utzi, eta belazean zehar marrazten den zidorretik Loatzoko tontor aldera zuzentzen den aldapa pikoari ekingo diogu. Harrizko hesi baten ondotik pasatu, eta berehala iritsiko gara erpin geodesikoaren ondora; aurrera segituz, tontor borobilean dauden egurrezko taula mahai panoramikoa, gurutzea eta aterpea ikusiko ditugu. Atseden txiki baten ostean eta bertatik dagoen panoramikaz gozatu eta gero, bide nabarmenak basoan murgilduko gaitu. Izeidian marrazten den pista zabaletik bidegurutze batera iritsiko gara. Bertan ikusiko ditugun egurrezko bide seinaleek erakutsiko digute hartu beharreko bidea, Uzturrera doana hain zuzen ere.

Basoan hedatzen den pista zabaletik maldan behera hasten den lekuan (harri piloa lurrean) bide nagusia utzi eta ezkerretik ateratzen den zidorra hartuko dugu. Pago artean sartuko gara berehala, eta denbora gutxi beharko dugu aldapa pikoari aurre egin eta Uzturreko gurutze erraldoiaren goiko zatia ikusteko. Paso estu batetik igaro, eta Tolosa aldera amiltzen den mendi honetatik dagoen ikuspegiaz gozatu ahal izango dugu. Punturik gorenera heltzeko, ekialdera joko dugu, eta lehen atakan ezkerretik ateratzen den xendatik gorantz egingo dugu, Uzturreko tontor erdi ezkutura igotzeko.

Ekialdera hedatzen den gandor gorabeheratsu baina erosoari segituz erraz iritsiko gara Belabietako tontorrera igotzeko dagoen magalera. Lepora heldu baino lehen, gandorraren amaieran pistak beherantz egiten du, eta erne ibili behar da lehen bihurgunera ailegatzean eskuinetik ateratzen den xenda hartzeko. Lepotik gailurrera igotzeko malda txiki bati ekin eta berehala igoko gara erpin geodesikoaren ondora. Gailur garbia denez, bertatik dagoen panoramika oso zabala eta ederra da.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, ipar-mendebalderantz joko dugu belarrezko tapiza zapalduz. Gasbidearen ondotik ibiliz Arrizurietara iritsiko gara, eta bertan buzoi txiki bat ikusiko dugu. Aurrerago malda piko batek gurutze erraldoi bat kokatuta dagoen lepora eramango gaitu. Meakako inguruak atzean utzi eta Itsupeakako tumuluaren ondora jaitsiko gara. Pista zabalak aurrera egiten du, eta, bihurgune pare baten ostean, Kanaletako Ibilbidearekin bat egingo dugu (PR GI 118). Hortik abiapuntura ailegatzeko, ibilbide honen bide seinale zuri eta horiak izango ditugu gidari. Aurretik Oindoko bordaren ondotik pasatu eta gero, Oindobearaino jaitsiko gara. Markari segituz, Leitzarango autobidearen azpitik pasatu, Komizar atsedenlekua atzean utzi, eta Villabonara doan errepidetik jaitsiko gara, herrira heldu aurretik ezker aldetik Amasara zuzentzen den saihesbidea hartuko dugularik.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua