Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Luiaondotik Amurriora
Nerbioi ibaia ondoan, Luiaondoko ola zaharrera iritsiko gara. Gero, Salbioko geralekura, Amurriotik gertu. [1]
Luiaondotik Amurriora | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Luiaondo, Otazu, Oloste, Ola zaharra, Markixa, Salbio |
Distantzia | 8,5 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Nerbioi ibaia ondoan, Luiaondoko ola zaharrera iritsiko gara. Gero, Salbioko geralekura, Amurriotik gertu. |
Abiapuntua | Otazuko auzoa (Luiando) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuOtazuko auzoan (Luiaondo, Araba) emango diogu hasiera ibilbide honi. Arku bakarreko zubi dotore bat ikusiko dugu Nerbioi ibaiaren gainean. Behialako bidaiarien antzera, harrizko zoladura tentu handiz zapalduta, bestaldera igaroko gara. Gero, eskuinera egin, eta ibaian gora jarraituko dugu. Bide egokituak egurrezko zutoinak ditu, naturaz era seguruan gozatzen laguntzeko. Gardea auzotik (Laudio, Araba) dator bide txukuna, tren geldo baten moldean. Guk ibaian gora egingo dugu, tipi-tapa, urrats odolgabeak emanez; Amurrio aldera, bestela esanda.
Azkenaldion pairatzen dugun krisialdi krudelak proiektu ekologikoa zapuzten ez badu, bederen, Delikara hurbiltzea posible izanen da laster; izan ere, 33 kilometro dituen ibilbide berdeak Arrankudiaga herrian du abiapuntua, Bizkaian, eta Nerbioiren ur-jauziaren sorlekutik hurbil amaiera ederra. Salbio auzoko (Amurrio) geralekuraino egokitu dute oraintsu Arabako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak. Hartarainoko tartea ezagutaraziko dugu jarraian. Administrazioek dirutza sartua dute ibilbidean, eta, 2010eko otsailaz geroztik, milaka lagun bilduak izan dira trazadura leuneko zidorrera.
Elekobatxetik ola zaharrera
aldatuLizarrak, haritzak eta haltzak nagusi direlarik ere, lehentasuna beste landare xume batzuek hartzen dute bide bazterrean. Urratsak egiten hastearekin batera, Elekobatxeko burdinazko zubira iritsiko gara. Ibaiaren bestaldeko pinu lerden baten gainean ubarroi handiek pausalekua hartu dutela ikusiko dugu. Harrigarria, benetan, euren hego beltzak adar mehetan zabal-zabal ikustea! Bistan da hegaztiek ere mila komeriak egin behar izaten dituztela naturan lekutxoa egiteko.
Kinto errotaren ondotik igaroko gara. Uraren harrabotsa handia da. Baratzeak lagun, errotari itsatsita dagoen Zubibarri arku bikaina ikusiko dugu Nerbioi ibaian. Konkorra asimetrikoa du, eta harrizko egitura dotorea. Luiaondoko geltokira iritsi aurretik, eskuinera jo eta Olosteko auzora iritsiko gara. Auzoa igaro bezain pronto, hondar ugari ikusiko ditugu ibaiaren inguruan. Erdi-erdian ikusiko ditugun harrizko zutabeak ola zahar bat aprobetxatuz bertantxe egondako pentsu eta irin lantegi batenak dira. Ikusi baino ez da ibaiaz bestaldeko eraikin sendoa eta aparta. Faktoriako lehengaiak garraiatzeko asmoz, gainera, jabeak egitura metalikoa egokitu zuen ibaiaren erdian. Horra hor misterioa! Azken batez, sistema horrek trenbidea eta fabrikako biltegiak lotzeko bidea eman zion orduko jabeari.
Antzinatasunari begira, ordea, interes handiagoa du hiru solairuko eraikinaren ondoan dagoen kareharrizko tunel hidraulikoak. Tuneltxoa irin fabrikak berrerabili bazuen ere, aspaldiko ola zaharrari dagokio. Bestela esanda, XVIII. mendean Araban barreiaturik makina bat ola zeuden eta ekonomiaren sustapenak sektorearen gorakada ekarri zuen. XIX. mende bukaera edota XX. mende hasierara arte. Garai horretan, ordea, ola zaharron eginahalak nekez erantzuten hasi ziren interes ekonomikoei.
Markixatik Salbiora
aldatuMarkixako bidegurutzera iristean, adreiluzko tximinia luzea ikusiko dugu errepidetik hurbil. Ibilbidea zaldain bitxiaz hornitzen da orain. Sigi-sagaka, baso xume batek harrera egingo digu. Aspaldiko mintegi bat da eta, bertan, espezie ugari ikusiko ditugu: akaziak, palmondoak, haltzak, haritzak, lizarrak eta hurritzak, besteak beste. Basotxoa atzean utzi bezain laster, trenbide azpitik igaroko gara. Labore sailetan, sagarrondoak ikusiko ditugu. Eskuinaldean, baratzeak eta belar eremuak.
Arku zabal bat marraztuko du bideak, eta trenbidetik pitin bat aldenaraziko gaitu. Gero, burdinbidearekin bat eginda, haren ondo-ondoan jarraituko dugu industria guneraino. Ibaia gurutzatuko dugu orduan eta, errepide azpitik igarota, Salbioko geralekura iritsiko gara. Bide berari jarraituko diogu Luiaondora itzultzeko.