Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Lur azpiko ur biziak Gasteizen
Gasteizko Mendi Garaietako barrunbeetan uraska erraldoi bat omen dago, hiri aldera hamaika xirripa irristatzen. XIX. mendeaz geroztik, makina bat buruhauste eragin dute. [1]
Lur azpiko ur biziak Gasteizen | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Armentia, Berroztegieta, Doroñu mendatea, Arrieta, Gasteiz mendatea, Gaztelu, Lasarte, Armentia |
Distantzia | 18 km. 4 ordu eta 10 mn. |
Ingurunea | Gasteizko Mendi Garaietako barrunbeetan uraska erraldoi bat omen dago, hiri aldera hamaika xirripa irristatzen. XIX. mendeaz geroztik, makina bat buruhauste eragin dute. |
Abiapuntua | Armentia (Gasteiz) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuArmentiako (Gasteiz) basilikaren aurrean abian jarriko gara, Gasteizko ur arrasto eta errekei jarraituz berriro ere ibilbidea Armentiako basilikan bukatzeko.
Jolas eremuraino jaitsita, Iturbide kaleari jarraituko diogu. Eskuinera egingo du kale horrek, eta iturriaren ondotik igaroaraziko gaitu. Eraztun Berdeko Olarizu-Armentia zidorrarekin bat egin dugu. Bide seinaleari jarraituta, eta basoan sartzeko gonbiteari muzin eginda, Gasteizko Mendi Garaietan iltzatuko dugu geure begirada. Urrutian, zeruertza modelatu nahirik edo, Doroñuko mendatea dago, Arrieta eta Karasta tontorren artean. Hasieran Sarburu bidea hartuta, gero Malizeko bazterrak korrituz, Berroztegietara helduko gara laster batean. Ondoren, Trebiñubide etorbideari jarraituko diogu. Errepide nagusitik nahiz herriaren barrualdetik egin dezakegu aurrera. Asfaltoa lagun, antena batzuk dauden lekura iritsiko gara. Etxalbideko Zidorrari jarraitzeko unea da, baita Abendaño errekara jaistekoa ere. Segituan, langa metalikoa gurutzatu eta eskuineko bidetik aurrera eginda, eraikin batzuk ikusiko ditugu errekaz bestaldean, denak eremu pribatuan.
Arbidinatik Zapardiel ibaira
aldatuAbendaño erreka lagun, bidebanatze batera iritsiko gara. Culebra sakana ezkerrean utzita (pribatua da), eskuinetik jarraituko dugu. Ur biltegi txiki baten ondoan, erreka gainetik igaro, eta Aguantios izeneko lekura iritsiko gara. Aldapa samurtzen da han. Eskuinetik doan basabideari men egingo diogu, eta, kable elektrikoaren azpira iristean, gora egiteari eutsiko diogu, hurritzak eta haltzak gogaide. Aldapa amaitutakoan, pagadia topatuko dugu. Basabidea uzteko unea da, baita eskuinetik doan bidexkan barna segitzekoa ere. Laguntzeko xedez, harri pilaketa batzuk ikusiko ditugu bide bazterrean. Sepultura edo Arbidina mugarrirako bidea bazter eginda, eskuinera egin eta pagadian sartuko gara. Doroñuko mendaterako bide zaharrean gaude. Zaldiarango mendatetik datorren basabidearekin bat egitean, ezkerrera egin, eta lepora iritsiko gara. Antena txiki bat ikusiko dugu talaia horretan.
Ezkerretik jarraitu eta Gortzetako mendigunea inguratuta, Arrietako tontorrera igoko gara. Gero, malkarraren ondotik jarraituta, Askartzako mendatera jaitsiko gara. Rostetako gaina ezkerretik inguratuta, Gasteizko mendaterako bideari ekingo diogu. Ezkerretik segituko dugu han, eta mendate berrira helduko gara berehala. Aurreko barrera gurutzatu eta GR 282 zidorreko pintura arrastoak lagun, zehar-zehar jarraituko dugu.
Laster, baina, ibilbide balizatua utzi eta ezkerretik irekitzen den Barranquillo ibarretik jarraituko dugu. Lendiz eta Eskibeloste tontorren arteko lepora igoko gara. Basabidetik irten gabe, Gaztelu herrira iritsi, eta, elizaren atzealdetik igarota, Gardelegiko errepidera jaitsiko gara. Gardelegira iristeko metro gutxi falta direla, gas biltegia igaro eta berehala, ezkerreko bidetik jarraituko dugu. Ezkerrera berriro eginda, Zapardiel errekara iritsiko gara. Jauzi polit batez agurtuko gaitu errekastoak. Haren gainetik igaro, eta Lasartera bideari ekingo diogu. Herriko elizan, eskuinera egin, eta, Abendaño erreka zeharkatuta, Olabide ikastolaren ertzetik igaroko gara. Berroztegietara doan errepidean laster izango gara. Hura gurutzatu, eta, Malizaeza kaleari men eginez, Armentiako basilikan emango diogu amaiera ibilbide honi.