Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mañuetako ilunpeak
Galeria bitxia matazatu du Mañuetako herriak lur azpian, denboraren poderioz. Gainazalera etorrita, Navaridasko ondare naturalari bisita egingo diogu. [1]
Mañuetako ilunpeak | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Mañueta, Navaridasko artadia, Navaridasko aintzira, Villabuena |
Distantzia | 10,7 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Galeria bitxia matazatu du Mañuetako herriak lur azpian, denboraren poderioz. Gainazalera etorrita, Navaridasko ondare naturalari bisita egingo diogu. |
Abiapuntua | Mañueta |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuMeson errekak bitan banantzen du Mañueta herria (Arabako Errioxa). Uharkaren eskuinaldean altxatutako auzoari modernotasuna darion legez, distira eta xarma berezia dario Bodegas deritzanari zaharberritze lan batzuen ondorioz. Herriak ilunpean hainbat eta hainbat hamarkadatan arretaz gordetako altxorrari argitara emateko parada zegoela deliberatu zuten Mañuetako bizilagunek joan den udan, uztailaren 24an. Izan ere, ardo goxoa aldaketarik gabeko tenperaturan edukitzeko helburuarekin, behiala ehunka metro galeria induskatzearen ondorioz, sare korapilotsua eratu zuten ama lurraren sabelean. Ardo biltegiren bat edo beste kenduta, haatik, instalazio abangoardistak betiko ordezkatzen ari dira etnografiarako lagatako korridore ilunak. Bizilagun bakoitzak bere ardandegia ezkutua du, eta, ardogile orok aski ongi dakienez, obra sinpleak eta labirintikoak harilkatzen dira lur azpian, arbasoek sator lan sutsuari ekin baitzioten. «Behiala, meatzarien antzera, galeriak bizkor-bizkor hondeatu zituzten eta, barrunbeak elkarrekin gurutzatzekotan, burdinazko atea altxarazi eta, ibilbidea gradu batzuk aldaturik, magala karraskatzeari eusten zioten pozaren pozez».
Beraz, ehunka urte ditu Mañuetako lur azpiko zilbor hesteak. Antzinatasunaren adierazle, akaso, estolderia berritzeko lanetan aurkitutako aizkora baten inskripzioa eta barrunbe labirintikoan agertutako idazkun bitxia.
Navaridasko artadirantz
aldatuHarpe artifizialetatik hasita, ibilian jarriko gara lurrazalean gaindi Navaridas eta Villabuena herrien artean dauden natur altxorrak aurkitzeko asmoz: artadi trinkoa eta aintzira naturala. Elizaren aurrean hasiko dugu ibilbidea. Errepide nagusian ikusitako turismoko argibide taulen ondoan, kalean gora jo, eta berehala udaletxeko plazara iritsiko gara. Plazako gaztainondoaren eskuinetik jarraituta, San Kristobal kaleari ekingo diogu laster batean, izen bereko baselizara iristeko xedez. Tenpluaren ezkerraldetik igaro, eta, Berzal Muñoz upategian eskuinera eginez, Altun upategira iritsiko gara. Gero, errepide nagusira jaitsi gabe, ezkerraldetik doan pistatik segituko dugu. Lehen aldapa amaitzean, mahastien artean igaro, eta, ondorengo bide sardan noranzkoari eutsita, goratasuna hartzen segituko dugu. Erromeroa, elorri triska, abaritza, izpilikua eta ezkaia bidelagun izango ditugu.
Errepide nagusian, ezkerrera egin, eta 59. bidarria igaro bezain pronto, eskuinera okertuko dugu gora egiteko. Aldatsa amaituta, eskuinetik jarraituko dugu, ezponda baten ondotik. Kable elektrikoen azpitik igaro eta gero, muinoren gainalderaino lagunduko digu bide zabalak. Begiz begi Villabuena herria izango dugu. Eskuinera okertuko dugu bide nagusiak egiten duen legez. Etxola baten ondoko bidebanatzean ezkerrera egingo dugu, goratasuna hartzeari eusteko. Pozales inguruan altxatutako haize neurgailua erakusten duen tontorrera joko dugu zuzen-zuzen. Gailurrera igo gabe, ordea, muinoaren ezkerraldeko lepoan bertan kokatzen lagunduko digu bideak. Navaridasko artadira joko dugu lepotik behera egiten hasi eta berehala. Betiere ekialdera eginez, Navaridasko artadira joko dugu.
Artadiaren atarian jarraitu beharreko bidea bistan da: eskuin-ezker egin gabe, pinudiak (Pinus halepensis) eta artadiak (Quercus ilex) irekitako pasilloan gaindi jarraituko dugu.
Aintzira endorreikoa
aldatuPinudia atzean utzi, eta ezkerrerantz joko dugu lau bideko elkargunera iristean. Navaridasko herriaren gaineko ikuspegi zabala dugu orain. Almendrondoak hazten diren bide sardara iritsita, Toloño mendilerrora begira segituko dugu. Ondoren agertuko zaigun bidebanatzean, erne! Navaridasko aintzira hurbil dago eta. Eskuinetik datorren pista zeharkatu ondoren, aurrera egingo dugu gorantz abiatzen den hartxintxarrezko bidetik. Aintzira lezkadi trinkoak hartua du. Kubeta endorreikoa inguratzen hasiko gara, eta, Navaridasera jo gabe, ezkerrera egingo dugu bidegurutzean. Hala, ur-laminaraino lagunduko digu bideak. Harrizko gandor xume bateraino, ondoren.
Talaiatik gertu dagoen bide sardan ezkerrera hartu eta mendebalderako noranzkoari irmoki eutsita, Villabuenara iritsiko gara. Elizako plazatik igaroko gara. Viura hotel abangoardistaren aurreko pasealekuan ibilita, frontoiaren ertzetik pasatu eta ezkerrera eginez, Berrueco upategira iritsiko gara. Kalean gora egingo dugu han, eta errepidera aterako gara. Asfaltoa gurutzatu, ezkerrerantz jo, eta Villabuenatik irtengo gara. Erortzera kondenatua den San Roke baselizaren harri hondarrak ikusiko ditugu pabiloi baten ondoan. Goi tentsioko kable elektrikoen ondora iristean, ezkerreko bidea hartu, eta, hegiz hegi, Mañuetara bideari helduko diogu.