Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Malla Harria
Industria ondarea eta natura elkarren ondoan dauden agertoki harrigarri bezain ikusgarria ezagutuko dugu. [1]
Malla Harria | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Malla Harria, Beastegi, Iñurritza |
Distantzia | 9 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Industria ondarea eta natura elkarren ondoan dauden agertoki harrigarri bezain ikusgarria ezagutuko dugu. |
Abiapuntua | San Pablo ermita (Orio) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuGaurko ibilaldi honetan, Gipuzkoako kostaldean dagoen ingurune harrigarri bezain ikusgarria ezagutuko dugu. Industria ondareak eta naturak bat egiten duten Malla Harriko —bertakoek Mollarri izenez ezagutzen dute— paisaiaz gozatu ostean, Beastegiko gainera igo, eta Iñurritzako biotopo babestua bisitatzeko aukera izango dugu.
Orioko portura doan errepidearen bidegurutzearen ondoan dagoen San Pablo ermitatik abiatuko gara. Gipuzkoako Birari (GR-121) dagozkion bide seinale zuri-gorriek erakutsiko diguten norabideari segituz, erraz helduko gara Oribazarreko hondartzaren ondoan dagoen Txurruka aterpetxera. Mahastien artean mendebalderantz marrazten den errepidetik Talaimendiko leporaino igo, eta gertu dagoen kanpinaren aldera joko dugu. Harrerako eraikinaren ondotik, igotzen jarraituko dugu, baina, laster, hesi batek pasatzea eragotzi, eta ezkerraldetik gorantz igotzen jarraituko dugu, erpin geodesiko baten ondora iritsi arte. Beastegiko gaina gertu dago, baina ezinezkoa gertatu zaigu berataraino heltzea, zona pribatua dela adierazten duten seinale eta hesiek tontorrera iristea eragotzi digute.
Garo artean, labarren gainetik marrazten den xenda batek berriro kanpinera eramango gaitu, eta, hori ezkerrera utzita, jaisten jarraituko dugu, Malla Harriko eraikinen hondakinen ondora ailegatu arte. XIX. mendeko azken urteetan, Bizkaiko burdin meategietan izandako gehiegizko ustiapenaren ondorioz eta ustiatzeko teknologia berrien garapenak lagunduta, Belgikako, Frantziako eta Ingalaterrako konpainiek Gipuzkoako meategi esparruak begiz jo zituzten: Zerain, Mutiloa, Berastegi, Irun, Arditurri eta Andatzarratekoak. Leku honetako eraikuntzak tokiko meatzaritzaren lekuko harrigarriak dira. Andatzarratetik, aireko tranbiaren linea baten bidez, burdin mineralez betetako bagonetak eraikin hauetaraino iristen ziren. Garraio sistema horren bidez, zuzenean lotzen zituen karga eta deskarga lekuak. XX. mendeko lehen urteetan, Frantziara edo Ingalaterrara abiatzen ziren itsasontziek Malla Harriko zubi zamatzaile hauetan betetzen zituzten beren upategiak.
Gure historiaren pasarte hauek gogora ekarri eta gero, gure ibilbidearekin jarraituko dugu. Porlanezko bide zabaletik gorantz egin, eta, bat-batean, Zarauzko panoramika osoa zabalduko zaigu. Kanpinera doan bidea utzi, eta hondartza aldera jaisten den bidetik azkar galduko dugu altuera. Hondartzara pasatzeko dagoen zubia eskuinera utzi, eta ezkerretik ikusiko dugun pistatik aurrera egingo dugu. Gure eskuinean, Iñurritzako biotopo babestua izango dugu. Herrigunetik oso metro gutxira dagoenez, hasieran nekazaritzagatik eta gero hirigintzak ekarritako hazkundearengatik ia desagertu egin zen padura. Gaur egun zati txiki bat bakarrik geratu arren, hamaika hegaztiren pausaleku izaten da.
Abiapuntura itzultzeko lehen zatia nahikoa urbanoa gertatuko zaigu. Asti kirolgunera doan errepidetik abiatuko gara, eta, futbol zelaira iritsi aurretik, autobidearen azpitik zabaltzen den errepidea hartuko dugu. Metro batzuk aurrerago, eskuinera joko dugu, Sasikoa baserrirantz. Baserria atzean utzi, trenbidearen ondora iritsi, eta haren eskuinetik marrazten den lurrezko bidetik erraz iritsiko gara Orioko gainera. Errepidea gurutzatu, eta, baserriaren ondotik pasatzen den bideari jarraituz gain txiki batera igo, eta aldapa bizian azkar jaitsiko gara abiapuntura.