Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mareazulo sakaneko harpeak
Okondok leiho bat omen du itsasaldera begira, baina non? Arabako Mareazulo sakanean gaindi ibiliko gara aspaldiko elezaharra eta historiaurrea gogaide. Ugalde auzotik abiatuko dugu txangoa. [1]
Mareazulo sakaneko harpeak | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Okondo, Ugalde, La Rueda, Mareazulo, Aretxarro |
Distantzia | 4,5 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Okondok leiho bat omendu du itsasaldera begira, baina non? Arabako Mareazulo sakanean gaindi ibiliko gara aspaldiko elezaharra eta historiaurrea gogogaide. |
Abiapuntua | La Rueda (Ugalde, Okondo) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuTokian tokiko punturik gorena zein den jakiteak jakin-mina piztu ohi du beti. Orain duela mende batzuk, ikusmena edota zentzu komuna baliatzen zuten bidaiariek paisaiako desnibelen tamaina irudikatzeko. Nork ez ditu gogoan San Adrian haitzulotik XVI-XVII. mendeetan igarotako bidaiarien esanak? Aizkorriko paisaia hainbeste miresten zuten, non bi alemanen idatzietan San Adrian haitza Pirinioetako mendirik garaiena zela irakur daitekeen.
Okondoko (Araba) ibarrean desnibel handiko talaiak badaude ere, behealdera so egingo dugu orain, Maiorgako burdinolaren inguruan Arabako punturik baxuenetakoa baita. Agian, Okondo ibarrak itsas mailarekin duen hurbiltasunarengatik-edo, sinesmen eta kondaira apartak sortu dira. Esaterako, Ugalde auzoan dagoen Mareazuloko sakanako haitzuloak direla eta, pasadizo zirraragarriak kontatzen dira. Landaretzak aski babestua, Mareazulo haitzuloa izen bera daraman errekastoaren ondoan dago, eta itsasgorekin hertsiki lotu du elezahar batek. Euri jasak gertatu eta egun batzuk geroago, miraria ikusgarria gertatzen da, tupustean: barru-barruko biltegi labirintikotik borborka milaka eta milaka litro ur kanporatzen dira. Ugaldeko errekaren maila dezente igoarazten du erauntsiak. Ordu gutxiko gertakizuna izaten omen da, eta noiz gertatuko den zaila da jakiten. Nola ez die uraren burrunbak bizilagunei harridurarik ekarriko amildutakoa gazia bada? Bizkaiko itsasotik Okondoko ibarreraino bideratutako ur-lasterra ote da hura?
Bigarren ezustekoa Aretxarro haitzuloan da. Sakan berean ehunka metro gora eginez ikusiko dugu harpe misteriotsua, aski gorderik. Aho beltz horrek ez du, ordea, ur-lasterrekin zerikusirik, Aretxarroko sakana estutzen duen kareharrizko muturrean irekitzen baita. Haitzuloa Barandiaran antropologoak esploratu zuen 1930ean, eta hezurrak eta burezur bat aurkitu zituen bertan. Haren hitzetan, Neolito garaiaren amaierako hilobiratze bati zegokion. Felix Murga eta bere Okondoko talde sonatua 40 urte geroago abian jarri ziren haitzulo galduaren bila. Asko kostata, Mareazulo sakanean gora egin zuten eta, akaso, gu bezala, mira-mira eginda geratu ziren irekidura ttipiak bistan zituztela.
Mareazuloko hustubidea
aldatuMareazuloko sakana ezagutarazteko xedez, Okondogoieneko Ugalde auzoan abian jarriko gara. Auzora iristeko, Okondotik Soduperako errepidea jarraitu, eta eskuinera egingo dugu Garateko mendatetik Laudiora doan errepidea ikustean. Bihurgune itxian, Ugalde erreka paraleloan doan asfaltoa jarraituko dugu. Zurikaldai jauregiaren eta haren kapera-elizaren ondotik igarota, eskuinera egin, Ugalde erreka zeharkatu eta La Rueda baserri ondoan lagako dugu autoa. Victorino Palacios adituaren ustetan, gaur egungo La Rueda baserri abandonatuak errota funtzioak bete zituen behiala. Hiru basabide ikusiko ditugu La Ruedatik hurbil den Askuti inguruan, hots, enborrak pilatzen dituzten lekuan.
Lehenik eta behin, barrualdeko urak presio handiz astintzen dituen Mareazulo haitzulorantz egingo ditugu urratsak. Eskuineko basabideari ekingo diogu Askutin, eta metalezko langa zeharkatuta, Mareazulo errekastora iritsiko gara. Ur emaria zeharkatuta, goratasuna irabazten hasiko gara. Elorri zuriak, pinuak, eukaliptoak eta haritzak gogaide, Okondogoieneko bazterren gainean panoramika zabala dago. Basabidean eskuin-ezker egin ostean, pinudi baten ondoraino lagunduko digu bideak. Aldatsa amaiturik, igoera hartzeari utzi, eta ezkerretik doan xendari ekingo diogu. Aspaldiko basabidea bada ere, hein handi batean landaretza gogaikarriak hartua du. Beraz, irekitako pasilloa baliatuta, sestra kurbari men eginez jarraituko dugu. Une batez, desbideratze bat ikusiko dugu ezkerrean. Basabidetik irtengo gara orduan eta, maldan behera joz, errekastora jaitsiko gara. Haitzuloa arrakala oker baten moduan dago irekita, eta errekastora iritsi baino metro batzuk lehenago ikusiko dugu, eskuinean, hurritzen babesean.
Aretxarro haitzuloa
aldatuMareazulo harpea bisitatu ondoren, Askutira itzuli eta, bidegurutzean eskuinera eginez, maldan gora abiarazten den basabideari ekingo diogu. Saigorta eta Poto lekuak igaro eta berehala, Sarsakon ibar xumetik boteka doan errekastoa ikusiko dugu. Aretxarroko gune karstikoa hurbil dugu, pistaren eskuinaldean. Basabidea makurtzen denean, metro batzuk aurrera segitu eta, ezkerrera jotzen duenean, ibarrera jaisten den bideari ekingo diogu. Errekaraino iritsi gabe, ordea, pistan barrena sigi-sagaka ibilita, Aretxarro haitzulora iritsiko gara.