Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Meazuriko errainua Aiako Harrian

'[1]

Meazuriko errainua Aiako Harrian
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Erlaitz, Irun, Gorostardiko bidegurutzeta, Aozarreta, Meazuriko etxeak, Meagorriko meazuloa, Enbidoko basoa
Distantzia 5,5 km. 2 ordu.
Ingurunea Aiako Harria. Meazuriko ibarrean XIX. mendeko meategia bisitatuko dugu, eta, zorte onarekin, intxixuen kantuek gidatuko gaituzte hariztian barrena. Jeinu txiki, iletsu, eta indartsuak dira intxixuak. Baina jentilak baino lotsatiagoak.
Abiapuntua Errlaitz (Irun)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Meazuriko ibarrean XIX. mendeko meategia bisitatuko dugu, eta, zorte onarekin, intxixuen kantuek gidatuko gaituzte hariztian barrena. Jeinu txiki, iletsu, eta indartsuak dira intxixuak. Baina jentilak baino lotsatiagoak.

Aiako Harria Gipuzkoako ipar-ekialdean altxatzen den granitozko mendigune harrigarria da. Hiru koroaren antzera, zerurantz gailendurik dago mendigune bitxia, Urumea eta Bidasoa ibaiek bereizten duten parajean. Larrun eta Jaizkibel mendiekin batera, edertasun handiko hirukia hezurmamitzen dute Txingudiko badiaren erliebean. Lur azaletik ibilita ere, urrats geldoak egingo ditugu oraingoan, lur azpiko misterioak azalera ekartzeko gogoz. Izan ere, Erlaitzeko gainaldean jarriko gara ibilian, eta, mantsoki, Meazuriko parajean gaindi, osteratxo polita egitera abiatuko gara. Meatzarien lantokia izan zen aspaldi, nahiz eta gaur egungo parajea baso ederrek janzten duten. Isilean eta tentu handiz ibilita, Arditurriko meazuloetatik bisitan etorritako jeinu txiki, iletsu, argal eta indartsuak ikusiko ditugu. Intxixuak dira! Jentilen parekoak izanagatik ere, lotsatiak omen dira, eta bere ondasunak harkaitz zuloetan ondo baino hobeto ezkutatzen omen dituzte. Euren kantu finek salatuko dituztelakoan, abian jarriko gara. Fortuna on!

Meazuriko meategia

aldatu

Behobiara bidea hartuko dugu Irunen (Gipuzkoa), eta Meaka auzora joko dugu. Ehunka metro eginda, Arantzateko olaren (sagardotegia) paretik igaro, eta maldan gora jarraituko dugu errepidea lagun. Asfaltoan sigi-saga egingo dugu, Erlaitzeko goiko aparkalekuraino. Aiako Harria Natur Parkearen inguruko xehetasunak irakurtzeko parada izango dugu aparkalekuko argibide taulan. Autoa hantxe lagata, mendebaldera joko dugu, astiro-astiro, pauso gozoan. Informazio gunetik 30 metrora dagoen basabidea hartu, eta Elurretxeko lepora bideari men egingo diogu. Hiru Koroetako Burdinbide zaharra da, eta Aiako Harria mendi sonatuaz gozatzeko aukera ederra emango digu.

Lapurriturritik igaro ondoren, pagadiak hartutako atsedenleku batera iritsiko gara. Mahaiak eta sua egiteko leku egokiak daude han. Parkea alderik alde zeharkatu, eta, noranzkoa aldatu gabe, Gorostardiko aparkalekura iritsiko gara. Aiako Harriaren inguruko xehetasunak biltzen dituen bi mapa ikusiko ditugu errepide bazterrean. Zidor guztien artean, PR GI 1012 kodea daramana lehenetsiko dugu Meazuriko bazterrak ezagutzeko. Maparen atzealdetik doan bidea hartu, eta, sestra-kurbari men eginez, paseo samurra egiten jarraituko dugu pinuak, gaztainondoak eta alertzeak gogaide. Altitudea galtzen hasi orduko, bidegurutze batera helduko gara. Enbidoko iturrira doana maldan behera abiatuko da, noranzkoa aldatu gabe. Bide horretatik jarraitu beharrean, ezkerretik irtengo zaigun bidea aukeratuko dugu. Hala, alertzeei bizkarra eman, eta pasiera gozoan jarraituko dugu.

Segituan, ordea, 180 graduko bira egingo du bideak. Bide nagusiari men eginez, bihurgunea egin eta mazelari atxikita doan bidetik ekingo dugu. Berehala, behera doan bide harritsua utzi, eta altitudeari eutsi egingo diogu. Askaingaineko tontorrera igo gabe, bide nagusiak ezkerrera egingo du gero, eta Meazuriko ibarrera jaitsarazten lagunduko digu. Errekarekin topatzeko gutxi falta dela, ur emaria gurutzatu ordez, ur-lasterraren konpainian ehunka metro batzuk egingo ditugu. Eta, zubiak lagunduta, Meazuriko etxolara helduko gara. Paraje bitxian gaude, eta, paisaia hobeto interpreta dezagun, ezinbestekoa da XIX. mendera atzera egitea. Izan ere, Bidasoa ibaiaren arroan mea mota asko eta ugari zeudelako ezagunak egin ziren Irungo bazterrak. Gauden parajean Mines de Bidassoa frantses konpainia aritu zen jo eta su, betiere burdin mea ustiatze aldera. Aspaldiko meatze lanetako aztarnek hantxe diraute: gure zain, guri so.

Tunelik tunel Enbidokoan

aldatu

Etxola bi ikusiko ditugu Meazurin, bi-biak egoera txarrean. Distantzia laburrera, Meagorri izeneko meatze-zaineko leize artifiziala dago, eta gomendagarria da hara joatea; batez ere, burdin karbonatoaren ustiapena bertatik bertara ezagutzeko. Horretarako, etxolaren ezkerraldetik jarraituko dugu, errekastoaren paretik. Minutu gutxiren buruan, Meagorrira iritsiko gara. Amildegi galanta denez, tentu handiz ibiliko gara ez erortzeko. Errekaren ur emaria meazuloaren gainetik igarotzen dela ikusiko dugun han. Ikusgarria, benetan! Bisita amaitu ostean, Meazuriko etxolara itzuli, eta basabidean behera jarraituko dugu. Errekarekin topo egitean, ertzaz aldatu eta ezkerreko bidetik joko dugu. Uraren paraleloan, Meazuriko mea ustiapenean eraikitako trenbidean gaude. Haren arrastoak bistan dira: meazuloak ikusten dira bidetik gertu, eta bidea guztiz laua da. Bost tunel zeharkatuko ditugu berehala, bostak Enbidoko hariztira bidean. Lehen tunelera arin-arin iritsiko gara. Zulotik irtendakoan, argazkiak ateratzeko aprobetxatuko dugu: Txingudiko badia bete-betean hartuko dugu talaiatik. Bigarren zulotik irten bezain laster, Aitzondo edo Irustako ur-jauziaz gozatzeko parada izango dugu. Terraza interesgarria, zinez, ur-biziek zuriz tindaturiko bideaz gozatzeko. Azken zuloa atzean utzi ondoren, Enbidoko hariztia inguratzen hasiko gara.

Une batez, Irugurutzetako kiskaltzeko labeetara jaisteko aukera eskainiko digu bide seinale batek. Arantzateko olatik (sagardotegia) hurbil daudenez labeak, bisita egitea interesgarria da oso. Meatzaritza lana are emankorragoa izatearen karietara, XIX. mendean burdinbideak eraikitzeaz gainera, plano makurtuak, aireko tranbiak eta, besteak beste, kiskaltze lanerako labe handiak eraiki zituzten Irugurutzetan. Bide sarda horretan, beraz, trenbidea utzi eta eskuinera eginda, Enbidoko basoan barrena jarraituko dugu. Erlaitz aldera egiten hasi eta metro gutxira, bidebanatze batera helduko gara. Gutxien igotzen den bidea hartuko dugu. Hala, Enbidoko erreka gurutzatu eta gero, gora eta gora egingo du bideak, eta Hiru Koroetako trenbide zaharra aurkituk dugu berriz ere aurrez aurre.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua