Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mendikuteko gaztelua
Hernioko mendilerroaren hegoaldean, Albizturko udalerrian dagoen Mendikuteko gotorlekua da Gipuzkoan ezaguna den Erdi Aroko lehenbizikoa. [1]
Mendikuteko gaztelua | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Albiztur, Atxisaeta, Larrarte, Mendikute, Olateaga, Urrutume |
Distantzia | 11 km. 3ordu eta erdi. |
Ingurunea | Hernioko mendilerroaren hegoaldean, Albizturko udalerrian dagoen Mendikuteko gotorlekua da Gipuzkoan ezaguna den Erdi Aroko lehenbizikoa. |
Abiapuntua | Albiztur |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuHaren historia hobeto ezagutzeko helburuz, Mendikuteko gazteluaren inguruan hainbat indusketa egin izan dira. Lehena 1911. urtean gidatu zuten Isaac Lopez Mendizabalek eta Emilio Rotondo ikertzaileek. Urte asko pasatu eta gero, 90eko hamarkadan hainbat garbiketa lan egin ziren, Miren Aierberen gidaritzapean lehenik eta Iñaki Padillarenean ondoren. Guztira, bi mila aztarna baino gehiago aurkitu izan dira gure historiaren lekuko izan den gaztelu horren inguruan, eta, gaztelu horren aztarnak gertuagotik ezagutzeko, hari bisita egitea erabaki dugu.
Albistur
aldatuKoldo Mitxelenaren iritziz, Mendikute izena bera latinetik omen dator: Mons acutum, mendi zorrotza. Albiztur izenaren tur bukaera, tur-etik omen dator (dorrea); beraz, Albiztur Albiz dorrea ote? Utz ditzagun hitz-jokoak, eta abia gaitezen gaztelurantz. Elizaren parean dagoen plazatik gorantz doan bide asfaltatuan zehar abiatu gara. Ezkerretik datorren bidea utzi, eta eskuinetik jarraitu dugu Atxisaeta baserriraino. Ibilbidea PR-GI 81aren seinale zuriz eta horiz balizaturik dago, baina horiek ez dira beti oso nabarmenak; oso marka zaharrak dira, eta zenbait lekutan desagertu edota ikusgaitz gertatu zaizkigu. Beraz, erne!
Baserrian amaitzen den bide asfaltatuak basoaren itzalean marrazten den lurrezko pista erosoari lekua egin, eta erraz egingo dugu gora. Txorrosti baserriaren ondora heltzean, gertuago ikusi dugu gaztelua. Larrarte baserrira igo, eta han dagoen iturrian bete dugu kantinplora; sargori dago, eta ur tantarik gabe geratu gara.
Atseden txiki bat egin eta gero, Ortzalgo zelaietara igo, eta Gorostiko bordaraino jarraitu dugu. Pista zabaletik aurrera segituz, egurrezko ataka nabarmena gainditu, eta pinudian zehar gazteluaren aurrean dagoen zelaigune batera iritsi gara, lehen harresia izan omen zenaren arrastoen ondotik pasatu eta gero. Zuhaitz artean xenda bilatu, eta gazteluaren hondarren gainaldera igo gara. «Nafarroa Bizirik» jarritako burdinazko irudia, Nafarroako bandera eta buzoi bat.
Mendikute
aldatuParegabea da natura bere espazioa berreskuratzen hasi den gazteluaren hondarren gainetik dugun ikuspegia. Beraz, kokapena ez da kasualitatea; gertu, Aralartik zetorren abelbide bat pasatzen zen, eta galtzada zahar baten aztarnak ere badaude. Ez dugu ahaztu behar garai batean abeltzaintzak izan zuen garrantzia, aberastasun iturri nagusietako bat izan baitzen. Erromatarren garaian ere zilarrezko meategiak izan omen ziren, baina ez da horren frogarik. Hala ere, gaztelua hainbat garaitan erabili zutelako frogak badaude, baina ezinezkoa da noizkoa den zehatz jakitea.
Ziurra da Erdi Aroan gotorleku modura erabili zutela, bertan egindako indusketetan txanpon ugari aurkitu baitituzte eta horiek XI-XIV. mendeen artean Gaztelako eta Frantziako erreinuetan erabiltzen baitziren. Horiekin batera, aurkitutako daga luze eta motzek, ezpatek, lantzek eta geziek baieztatzen dute Nafarroa, Gaztela eta Frantziarentzat garrantzi estrategikoa izan zuela. Nafarroako Erresumarena izan zen gaztelu hori gaztelarrek 1200. urtean konkistatu zuten, Gipuzkoako gainerako gazteluekin batera (Ausagaztelu, Jentilbaratza, Aitzorrotz, Beloaga, Donostia eta Hondarribia). Bertan gaztelu bat izan zela baieztatu digu arkeologiak, eta gotorleku modura zein mendetan erabili zuten jakiteko ere baliagarria suertatu da, baina ezin dugu jakin gaztelu horren historia osoa zein den. Azken datu gisa, esan daiteke 1936ko gerran hantxe jartzen zirela zelatariak Errepublikaren aurka matxinatu zirenen hegazkinen etorrera jakinarazteko.
Abiapuntura itzultzeko, etorritako xendatik atzera egin dugu pistara iristeraino. Urkizu aldera doan saihesbidea ezkerrera utzi, eta eskuinetik jaisten den lurrezko bideak beste pista bateraino eraman gaitu. Albiztur Urkizurekin lotzen duen bidea zeharkatu, eta Olateaga baserriraino jaitsi gara. Pinudian murgiltzen den bide zaharretik Urrutumera jaitsi ondoren, Albizturko kale nagusiraino iristen den errepide asfaltatura jaitsi gara laster batean.