Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Micaela Portillaren omenez
'[1]
Micaela Portillaren omenez | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Albaita (Trebiñu), Goba, Pericon gaina, Santorkaria, Lañu, Aidu |
Distantzia | 16 km. 4 ordu eta 10 mn. |
Ingurunea | Historialari handiaren izena duen bidea hartuta, Albaita, Lañu eta Faidu herri ederrak ez ezik, ondare arkeologiko eta artistikoa ezagutzeko aukera dago. |
Abiapuntua | Albaita |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuMicaela Portilla historialaria handia zen. Araban, zinez, oso maitatua. Batik bat bere ezagutza partekatzeko zuen joerarengatik zen ezaguna. Besteak beste, historia, arte eta arkitektura arloetan zen aditua. Izan ere, Araba dela eta, makina bat maisulan argitaratu zuen urte askoren poderioz. Trebiñuko herrialdeko ondare artistiko-arkitektonikoa babesteko eginiko ahaleginak eskertzearen kariaz, Micaela Portilla izena edo kodea daraman ibilbide bat atondu zuten orain dela urte batzuk Trebiñuko herrialdean. Haren berri emango dugu ondorengo lerrootan.
Albaitako (Trebiñu, Araba) Elizaren kalean hasiko gara ibili-ibilian. Hegoaldera egin eta berehala, herriko arkitekturaz gozatzeko parada dugu. Harlandu ederreko horma sendoek inguratuta, hiribildua atzean utziko dugu. Nekazarien bideari segika, bidegurutze batera helduko gara laster. Bide seinaleak dioenez, ezkerrera egin eta Lañuko haitzulo multzora bideari ekingo diogu, betiere GR 38 eta Micaela Portillaren omenezko PR zidorrak gogaide. Hurrengo bidebanatzean, zuzen jarraituko dugu. Lañutik datorren Bolundia errekari begia kendu gabe, Santorkaria eta Goba deritzen haitzulo artifizialen multzoen arteko estugunetik igaroko gara. Igoera xumea egin ostean, Dotora izena daraman lehen haitzuloa ikusiko dugu; aurrerago, berriz, Lañuko ibaiaren ezkerraldean multzorik interesgarriena izango dugu.
Segituan bidexkak behera jotzeko gonbita egingo digu. Hari segika, errepidera irtengo gara bizkor-bizkor. Lañura joan gabe, ezkerrera egin eta, asfaltoari men eginez, hamar minutu emango ditugu paseo gozoan. Bihurgunera iritsita, errepidea utzi eta, zidorrari jaramon eginez, Santorkariako multzo estrategikoa ezagutzera abiatuko gara. Hurritzen artean ibiliko gara hasieran; harkaitzaren azpiko bidexkan barrena, ondoren. Hilobiak dituzten haitzulo artifizial ederrak ikusiko ditugu haitz porotsuan eder-eder landuta.
Haitzuloak atzean utzita, erkameztian barrena mugituko gara, harik eta suebaki batekin topatu arte. Orduan, ezkerrera jo eta lepora igoko gara. Pericon gaina ezkerraldean altxatzen baita, harantz bideratuko ditugu gure pausoak; izan ere, tontorrean bertan argibide taula bat ikusiko dugu. Jakingarriei erreparatuta, Micaela Portilla ikerlariaren eta paisaiaren inguruan hamaika datu bilduko ditugu erraz-erraz. Berriz lepora itzulita, gainez gain jarraitu eta Bernedora doan errepidera jaitsiko gara. Asfaltoa zapaldu gabe, baina, eskuinera egin eta Busturia izeneko mendigunean barneratuko gara. Metro batzuk behera egin ostean, suebaki bat zeharkatu eta hego-mendebalderantz jarraituko dugu. Aldapa igo bezain pronto, jaisten hasiko gara pagadi ederra zeharkatuz. Basotik irtendakoan, ezkerrera hartu eta Lañun sartuko gara.
Lañuko elizaren aurrean, kale nagusian jarraitu eta Albaitara doan errepidea hartuko dugu. Herria atzean utzita, ezkerraldean ikusiko dugun lehen bidetik jarraituko dugu. GR 38 zidorra bazter eginez, tinda horiko arrastoei jarraituko diegu orain. Bideak ameztian sarraraziko gaitu berehala. Pista nagusiari jarraituta, Montico Charratu mazelan irekitako harrobi bitxira begira jarriko gara. Kolore okrea, zuria eta gorrixka nabarmenduko ditugu magal lazgarrian.
Ezkerretik doan pistari jarraituta, behialako harrobiko fabrikara jaitsiko gara. Zutik dirauen etxearen parera iristean, ezkerrera jo eta, dekantazio baltsaren eretzetik igarota, ondoko harrobira hurbilduko gara. Harea afineko alorrean barneratu gabe, ezkerretik hartu eta gora joko dugu. Harrobiaren muturrean, egurrez eginiko eskailera mailak igo eta lepora iritsiko gara. Lepoaren ezkerraldeko muinoan bigarren argibide taula dago, erabat egokia dena inguruok zeharkatzen dituzten hegaztiak ezagutuko baditugu.
Andre Mariaren baselizara
aldatuBide seinaleei men eginez, tontortxoaren ertzetik doan bideari jarraitu eta Haitzaren Andre Mariaren baselizara iritsiko gara. Begi aurrean daukaguna da inguruko multzorik garrantzitsuena, zalantzarik gabe: baselizaren barrualdean eta kanpoaldean haitzulo gehiago daude, eta batzu-batzuk basilika motakoak dira. Bisita egin ostean, bide egokituari jarraituko diogu Faiduraino. Errepidea zapalduta irtengo gara Faidutik. Hilerriaren paretik igaro eta metro gutxira, eskuinera jo eta nekazari bideari jarraituko diogu. Pistari esker gora egingo dugu. Lepoan gaudela, Granado herri hustuaren bila abiatuko gara. Albaitara bidean baitago, bideak behera egiten lagunduko digu. Arabako herri hustuen inguruko hausnarketa egiteko bidea emango digu tenpluaren aurreko argibide taulak. Ekarri gaituen bidearen ezkerraldetik jarraituta, Albaitara iritsiko gara.