Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mitikile-Larrori

Bernard Goienetxe 'Matalas' apaiz zuberotarra zenaren jaiotetxearen inguruan ibiliko gara ibilbide honetan. [1]

Mitikile-Larrori
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Zuberoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Mitikile, Oreinen oihana, Larrori, Sagardoiburu
Distantzia 7,8 km. 2 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Bernard Goienetxe 'Matalas' apaiz zuberotarra zenaren jaiotetxearen inguruan ibiliko gara ibilbide honetan.
Abiapuntua Mitikile
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Herriko pilotalekuaren ondoan dagoen aparkalekutik abiatuko gara, eliza behean utzita. Iparraldera jo eta berehala, errepidearen ondoan Larrori jartzen duen lehen bide seinalea ikusiko dugu. Itzulia erabat balizaturik dago, eta ez dago galtzeko arriskurik. Herriko eskola eskuinean utzi, eta Nabarrengose aldera doan errepide nagusira aterako gara. Bide bazterretik hirurehun bat metro egin beharko ditugu Larrorira doan bidearekin topo egin arte. Han, seinale horiak ikusiko ditugu, eta trafikorik apenas duen errepide estutik aurrera egingo dugu. Etxe batzuen ondotik igaro, eta Aguerria baserriaren ondoan dagoen haritz erraldoia ikusi ahal izango dugu.

Gorabehera txiki batzuk pasatu ostean, Oreinen Oihanaren ondora helduko gara. Baserrira jaisteko, basoa zeharkatzen duen pista bat hartu beharko dugu. Lehenbizi, atsedenlekua ikusiko dugu, eta, beherago, lehen orein taldeak, eta orkatz ñabarren bat ere bai. P. Etcheberry da jabea, euskalduna da, eta haraino joaten direnei oreinen bizitza azaltzen die. Ikasturtean ikasle taldeak hartzen ditu. Zoritxarrez, erretiroa hartzera doa, eta, oreinen esplotazioarekin jarraituko duen lagunik aurkitu ezean, oreinak saldu, eta itxi egin beharko du. Bisita egin ondoren, berriro bide nagusira itzuliko gara, eta, errepideari jarraituz, berehala helduko gara Larrorira.

Etxe gutxi batzuk osatzen duten auzo horretan kapera zahar bat ikusiko dugu, eta inguruan duen hilerri txikian hilarri zahar batzuk daude. Bideak beherantz egiten du, eta, Etcheberry baserri mardularen ondora iristerako, aldapan gora izango gara. Pare bat etxe eskuinean utzi, eta azken malda pikoari ekingo diogu Sagardoyburuko bidegurutzera iristeko. Han, asfaltoa utzi, eta bide seinaleei jarraituz ezkerretik ateratzen den pista zabalari helduko diogu. Pixkanaka, igotzen hasiko gara, eta urrutian Pirinioetako mendi altuak ikusi ahal izango ditugu. Haritz, gorosti eta gaztainen artean zabaltzen den pista amaitu, eta, bidezidor bihurtzean, sasi eta garo artean marrazten den xendatik aurrera egingo dugu.

Ataka pare bat gainditu, eta usategiak dauden lekura helduko gara. Pista erosoa da, eta, tarteka, usategiren bat edo beste ikusiko dugu haritzetatik eskegita, eta, horien ondoan, ehizarako erabiltzen diren mekanismo berezi eta bitxi batzuk. Basotik ateratzean, Mitikiletik oso gertu gaudela ohartuko gara, eta, malda txiki bat jaitsi ondoren, etxe artean errepide batera helduko gara. Bide seinaleei jarraituz aurrera egingo dugu, baina, abiapuntura iritsi aurretik, eskuinera joko dugu, baserri-dorre berezi batera doan lekutik. Etxea horia da, eta, seinalerik ez badago ere, Matalasen jaiotetxea da. Haren ondotik pasatu, eta elizara jaitsiko gara, segidan abiapuntura itzuli ahal izateko.

Bernard Goienetxe apaiz zuberotarra Mitikilen jaio zen, ez dakigu zein urtetan, eta lepoa moztuta hil zuten, Lextarren, 1661ean. Apaiz ikasketak Bordelen egin zituen, eta bere herriko erretore izan zen nobleen aurkako matxinada piztu zen arte. Frantziako erregeak ezarritako neurri zentralistagoek Zuberoako foru eta eskubideen murrizketa ekarri zuen. Herri lurrak desjabetu, eta salgai jarri zituen, nobleen artean banatzeko asmoz. Horren guztiaren eta zerga gehiegikeriaren aurka altxatu ziren laborari zuberotarrak, Matalas buru zutela.

Kondairak dionez, hauek izan ziren bere azken hitzak: «Dolü gabe hiltzen niz, bizia Xiberuarentako emaiten baitüt. Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko xiberutarrak, egiazko eskualdünak, tirano arrotzen ohiltzeko».

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua