Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mondarrain Itsasutik
Igoera atsegingarria: hasi Itsasutik, Atharriko lepotik barrena iragan, eta, gailurrez gailur, Atharri tontorreraino eta haren inguruko Urrezti haitzetaraino heldu arteko ibili ederra. [1]
Mondarrain Itsasutik | |
---|---|
Herrialdea | Lapurdi |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Itsasuko eliza, Atharri, Mondarrain, Urrezti, Itsasu |
Distantzia | 12, 5 km. 3 ordu eta 20 minutu |
Ingurunea | Igoera atsegingarria: hasi Itsasutik, Atharriko lepotik barrena iragan, eta, gailurrez gailur, Atharri tontorreraino eta haren inguruko Urrezti haitzetaraino heldu arteko ibili ederra. |
Abiapuntua | Itsasuko eliza |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIbilbideari ekiteko, Itsasuko elizaren eta hilerriaren aurrez aurre dagoen aparkalekutik abantatuko gara. Idazkun bat aurkituko dugu han, Atharriko leporantz erakusten duena, baina ez dugu alde horretatik joko, baizik eta ezkerraldean ageri den bide batetik, eta handik egingo dugu gorantz, Atharriko Patarra dioen plaka baten ondotik igaro eta gero. Goraka egingo dugu zati batean, Itsasuko frontoia eskuinaldera utzita, eta, handik gutxira, pista batetik ibiltzen hasiko gara, lorategi eta guzti duten etxetzar sail baten ingurumarian, eta bidexka batekin topo egingo dugu; handixe segituko dugu.
Bidexka horretatik pixka batean ibili ostean, bidegurutze batera helduko gara, eta lau noranzko ikusiko ditugu. Ezkerraldetik doan bidetik segituko dugu, X itxurako baliza hori batek markaturikotik. Bazkaleku hesituetatik barrena ibiliko da bide hori, eta gorantz egingo dugu, emeki-emeki: ukuilu baten aurretik pasatuko gara, itxitura bateko langa zeharkatuko dugu, eta garoleku batetik barrena egingo, zeinak betetzen baitu Atharriko mazela etzana. Garolekua iragan eta gero, zelai batera helduko gara: gurutze batek erakutsiko digu Atharriko lepoan gaudela. Toki estrategiko horretatik, ingurumari osoaren ikuspegi zabala izango dugu: bizkarrez, landa lurrak, eta Itsasuko etxeak han-hemenka sakabanatuta; aurrez aurre, Laxia amildegi zabala, Artzamendiko eta Mondarraingo magaletan tartekatuta.
Atharriko muinoan, eskuinetik joko dugu, eta berehala amaituko dugu Atharri muinotxorainoko igoera. Segituan, dozenaka metro batzuk egingo ditugu beherantz, bidegurutze bateraino; han, eskuinetik joko dugu, Mondarrainerantz seinalatzen duen idazkunari jaramonik egin gabe, beste alderantz erakusten baitu. Antena baten paretik iragango gara, eta garoleku bat zeharkatuko dugu; itxituretako iraganbideetatik zeharkatuko dugu itxitura, eta, bi baserriren arteko paisaia zabal batetik barrena ibiliko gara, eta Legarreko lepoa iragaten duen errepideraino helduko.
Ezkondrai mendia
aldatuErrepidea pasatu, bide zabal harritsu batetik igo, eta magalez magal ibiliko gara Ezkondrai mendian, Amezketa lepoa alderik alde hartzen duen izeidiraino. Haren eskuineko aldetik joko dugu, eta, Mondarraingo maldaxka belartsutik ekinda, mendi tontorraren gainaldean ageri den pagadian barreneraino helduko gara. Zuhaitzen gerizpe ospelean, ezkerraldeko baliza horiei segituko diegu, ibilbide lau harkaiztsu batetik, eta Mondarrain gailurrean dagoen harrizko gurutzeraino helduko gara.
Zuzenean lehengo bidetik itzuli beharrean atzera, Mondarrainera igo garen aldetik ez bestetik jaisten hasiko gara, eta hurrengo gailurreriako muinoraino jaitsiko gara; artegi baten ondotik igaroko gara, eta bidexkako ildo harkaiztsu batetik joko dugu. Handik hurbil daude Urreztiko haitzak, eta tontorrera helduko gara; sekulako ikuspegia dago goi-goitik. Gero, Urreztiko harkaitz multzoaren beste aldetik egingo dugu beherantz, eta lehentxeago utzia genuen bidezidorrarekin topo egingo dugu; kontrako noranzkoan joko dugu handik, Mondarrainerantz berriro ere. Gailurraren beheko aldera heldutakoan, eskuinetik joko dugu, eta, magaleko bidezidor batetik, Amezketako izeidira helduko gara, eta igotzeko ibili dugun bidetik itzuliko gara Itsasura.