Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mulisko gaina
Burdin Aroko hilobi bat da, eta 'Kanposantu zaharra' ere esaten zaio. Ezohikoa da Euskal Herrikoen artean. [1]
Mulisko gaina | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Besadegi, Zuluetako lepoa, Pozontarriko lepoa, Mulisko gaina, Oindi, Zorroztarri |
Distantzia | 6,8 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Burdin Aroko hilobi bat da, eta 'Kanposantu zaharra' ere esaten zaio. Ezohikoa da Euskal Herrikoen artean. |
Abiapuntua | Besadegi (Besabi, Urnieta) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuOindi eta Mandoegi mendien artean hedatzen den mendilerroan aztarna megalitiko ugari daude. Guztira 22 ingurune megalitiko ezagutzen dira, eta, horien artean, bada bat oso ezaguna eta berezia dena: Mulisko gaina esaten zaiona, hain zuzen ere. Kanposantu zaharra izenez ere ezaguna den multzo megalitiko hori hareharriz eta konglomeratuz eratutako lau harrespilez, zista bikoitz batez, monolito batez eta zehaztugabeko beste bi egituraz osaturik dago. Multzo hori, Oindi-Mandoegi estazio megalitikoan dago.
Besadegin (Besabi) dagoen aparkalekutik abiatu, eta Oindirantz zuzentzen den pista zabala hartuko dugu. Bide erosoa Arlegor mendiaren magalean zehar hedatzen da, eta, bertatik aurrera eginez, metalezko langa bat igaro eta berehala helduko gara Pozontarri izena duen baserri zahar baten horma erorien ondoan dagoen borda zuri batera. Aurrera eginez, bitan banatzen da pista, eta gu ezkerrekotik metro batzuk jaitsi eta Zorrotzarri mendiaren magaletik igotzen hasiko gara. Zuluetako lepora iristean, mendiaren magalean marrazten den xendatik igotzen jarraituko dugu Pozontarriko lepora ailegatu arte. Han, izen bera duen trikuharri luze eta irekia ikusiko dugu. Tumuluak 12 metroko diametroa eta 1,20 metroko altuera du. Ganbara sei harlosek eratzen duten esparru errektangularra da. Ezkerrean geratzen den Zorroztarriko tontorrera igo, eta berriro lepora jaitsiko gara.
Oindira igotzen den aldapa pikoari aurre egingo diogu segidan. Suebakiaren azken metroetan bidea leundu egiten da, eta erraz lortuko dugu tontorrera iristea. Bi muinoek osatzen dute tontorra; bata ekialdean dago, haitzez osaturik, eta bertan daude bi buzoi eta orientazio borobil txiki bat. Handik dagoen ikuspegia oso zabala da, Adarra-Mandoegi mendilerroarekin batera Donostialderantz dagoen panoramika ederra ere ikusten baita. Bigarren muinoa, berriz, otez beteta dago, eta erpin geodesikoarekin batera, oroitarri bat, Juanito Oiarbide Txili-ren omenez jarritako oroitarria hain zuzen ere. Gu, Oindiko zistaren ondotik pasatu, eta Mulisko gainera zuzentzen den xendatik jaisten hasiko gara. Jaitsiera azkar batek ingurune megalitikora eramango gaitu zuzen-zuzenean.
Burdin Aroko estazio megalitiko hori ezohikoa da Euskal Herrian ezagutzen direnen artean. Pagoz eta haritzez inguraturik dagoen ingurune magiko horren lehen aurkikuntza J. M. Hernandezek egin zuen, 1956an: harrespil bateko lekuko ikusgarriena. 1976an, L. Millanek lehenengo eta bigarren harrespilak aurkitu zituen, eta, 1978an, berak eta L. del Barriok hirugarren harrespila eta etzanda zegoen monolitoa aurkitu zituzten. X. Peñalverrek multzoa induskatu eta berriztu egin zuen 1983-85 urteen artean. Oindi mendiaren hego-ekialdeko saihetsaldeko zabalgune batean dagoen estazio megalitikoa atzean utzi, eta bertaraino igotzen den pista zabala hartuko dugu abiapuntura itzultzeko. Pinudien artean hedatzen den lurrezko pista zabalak Pozontarriko leporaino eramango gaitu, eta, aurrera segituz, Zuluetakora. Hortik aurrera Besadegira itzultzeko, Oindira igotzeko erabili dugun bide bera hartuko dugu.