Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Nafarroako azken gotorlekua

Amaiurko gaztelua zegoen tokian inskripzio hau irakur daiteke: 'Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai. Betiko argia. 1522'. [1]

Nafarroako azken gotorlekua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Arizkun, Azpilkueta, Urrasun, Amaiur, Urtsiua, Bozate, Amaiurko gaztelua
Distantzia 13 km. 3 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Amaiurko gaztelua zegoen tokian inskripzio hau irakur daiteke: 'Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai. Betiko argia.1522'.
Abiapuntua Arizkun
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea aldatu

Bost mende igaro dira Amaiurko gazteluaren harresiak agerian uzteko. Eta hori UEUk eta Arantzadi Zientzia Elkarteak orain urte gutxi hasitako indusketa arkeologikoei esker izan da. Bost mende beteko dira Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuenetik, Fernando Katolikoaren gudaroste gaztelarrek Nafarroari eraso eta anexionatu zutenetik. Amaiurko gaztelua izan zen guda horren azken lekukoa, eta gaurko ibilaldia lurralde berezi horretan egingo dugu, Arizkun herria abiapuntu eta helmuga hartuta.

Azpilkueta aldatu

Arizkungo herriko plazatik abiatu gara, PR-NA 4aren bide seinale zuri eta horiei jarraituz. Hara iristeko, Elizondotik Otsondo mendatera doan errepidea hartu behar da. Elbete igaro eta kilometro pare bat aurrerago errepidea utzi eta Arizkunera doan bidea hartu. NA-2061 errepidetik irtengo gara oinez. Elizondorako norabidean herritik atera gara, eta tarte bat Donejakue bidean barna bete dugu. Laster errepidea utzi, eta eskuinerantz jo dugu, kanposantuko bide asfaltatutik. Ezkerraldetik jaitsi, eta basoa eta belardia mugatzen duen bidetik berriro errepidera atera gara. Hura zeharkatu eta zuzen segitu dugu, Baztan erreka harrizko zubi eder batetik gaindituz. Porlanezko bidetik ehunen bat metro aurrerago zerrategi bat eskuinean utzi, eta Elizantzenea landetxera iritsi gara. Mugertza muinoa inguratuz, zelaigune eder batean dagoen auzora batera heldu gara, Apaioa auzora. Herri arkitekturaren adierazgarri diren etxe bikainak ikusi eta San Frantzisko ermita eta iturria atzean utziz, eskuinera jo eta harlauzazko bidexka batetik magalez magal eta erreka zokoetan barna Azpilkuetara heldu gara berehala. Jaso familiaren Jauregia (San Frantzisko Xabierkoarena).

Amaiur aldatu

San Andres eliza eta frontoia atzean utzi, eta ezkerretik jaitsi gara. Aurrera segi eta, harrizko zubia eta errota eroria albo batera utzita, zuzen segitu dugu bide zabalean zehar. Arribiltoa auzora doan bidea eskuinean utzi eta porlanezko bidetik segitu dugu. Harizti, borda eta Baztangoizako ikuspegi ederraz gozatuz, ondo balizatutako bideak Zuaztoi auzora eraman gaitu. Porlanezko bide zelaitik kilometro eskas bat behar izan dugu Urrasun auzoan dagoen Santiagoko ermitaren ondora ailegatzeko. Hona iristean, Amaiur arte bidelagun izango ditugun Donejakue bideko gezi horiak PRaren marka zuri eta horiekin tartekatuko dira.

Dagoeneko begi bistan ditugu Amaiur herrigunea eta haren gainean nabarmentzen diren gazteluaren hondarrak. Lasai ekin diogu hurrengo bide tarteari, itzal eta eguzki izpien artean. Galtzada zaharraren arrastoek erakusten digute inguru honek izan zuen garrantzia, Iruñea eta Baiona elkartzen zituen bide nagusia baitzen, XIX. mendea arte Baiona Nafarroako portua izan zen eta. N-121 B errepidera atera gara, Amaiurko sarreran. Herriko beheko aldean eliza, errota, iturria eta gurutzea ikusi ditugu. Han, Otsondotik datorren Donejakue bidea banatzen da: Urrasunera, orain arteko bidetik, eta San Migel-Bozatera, gero itzultzeko erabiliko duguna.

Amaiurko gaztelua aldatu

Karrika nagusian murgildu gara, ezker-eskuin dauden etxe ederrei so. Herriaren goialdera iristean ermitaren ezkerraldetik Amaiurko gaztelurantz doan bide zabala igo dugu. Gora iristean, ikuspegi ederraz gozatu eta gaztelu esanguratsu honen historia gogora ekarri dugu. Hementxe bertan gertatu zen Nafarroako erreinuaren gertaera garrantzitsu bat. 1522an, Noaingo bataila galdu eta Nafarroako noble eta zaldun batzuk gaztelu honetan gotortu ziren, Nafarroako independentziaren alde borrokan jarraitzeko. Gaztelauen armadak gaztelua setiatu eta kanoien indarrez txikitu eta gero, nafar gudariak errenditzera behartu zituzten. Mende batzuk geroago, Lauaxeta poetak, Amaiur gaztelu baltza olerkian, euskaldunen pasadizo garrantzitsu honen inguruan idatzi zuen. Hona hemen hasierakoa:

«Amayur gaztelu baltz ori

—berreun gudari oso sumin—

Zaintzen zaituben zaldun onak

Naparra-aldez egin dabe zin».

Arizkun aldatu

Gure historiaren pasarte garrantzitsu horri errepaso laburra egin ondoren, Arizkunerantz abiatu gara. Gaztelua atzean utzi, herria zeharkatu, eta sarreran ezkerrerantz hartu dugu, bide seinaleak erakusten diguten bidean barrena. Kisuko bordaren ondotik pasa, eta bide nabarmenetik San Migel ermitaren ondora iritsi gara. Bozate auzora doan bidea utzi, eta berehala iritsi gara Erdi Aroko Urtsuako Jauregi-dorre sendoaren eta Santa Ana ermitaren ondora. Aurrerago Lamiarrita jauregiaren ondotik pasa, Baztan erreka zeharkatu eta Arizkun herrian goialdetik sartu gara. Karrika nagusia zeharkatu dugu eta San Joan eliza eta Klarisen komentua ikusi ditugu Arizkungo Herriko Plazara edo abiapuntura iritsi aurretik.

Erreferentziak aldatu

  1. Berriatik hartua