Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Natura, gizakiaren gainetik

Bilbo inguratzen duten bideetan ibiliko gara oraingoan ere, Arraiz eta Pagasarri parkeak bisitatu eta Gangoiti mendia igota. [1]

Natura, gizakiaren gainetik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Bilbo, Abando, Arraiz, Gangoiti, San Roke,
Distantzia 15,6 km. 3 ordu eta 50 mn.
Ingurunea Bilbo inguratzen duten bideetan ibiliko gara, Arraiz eta Pagasarri parkeak bisitatu eta Gangoiti mendia igotzeko.
Abiapuntua Abandoko tren geltokia (Bilbo)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Orain gutxi Bilboko Udalak diseinatu duen ibilbide luzeak (GR) hirigunea inguratzen du. Artxanda, Iturritxualde, Arnotegi, Pagasarri eta Arraizko basoetan eta parkeetan zehar doa ibilbidea. Seinaleak daude ibilbide eta leku interesgarrien berri emateko. Guztira, 71 kilometro dira bidezidor, bide eta kaleetan barrena, eta aukera ona izan daiteke Bilbotik hastea, jende askoren zalantzak uxatzeko. Aipatutako parkeen artean, bi bisitatuko ditugu gaur: Arraizkoa eta Pagasarrikoa. Oraingo honetan ez gara, ostera, Bolintxutik joan gineneko hartan bezalaxe, Pagasarrira hurbilduko, aldameneko Gangoiti mendira baizik.

Bilboko Errekalde auzoa jomuga, hara iristeko, Abandoko tren geltokitik irtengo gara. Hurtado Ametzaga kalean gora, Zabalburu plazaraino joko dugu; bertan, eskumara hartu, eta Autonomia kale zabalari ekingo diogu. 31. zenbakia iragandakoan, ezkerrera sartu, Gordoniz kalean, eta bukatu arte jarraituko dugu. Errekalde auzoa zeharkatuko dugu, eta Kukutza gaztetxe ondoko biribilgunean noranzkoari eutsiko diogu (H). 300 metro ibilitakoan, eskumara egingo dugu (M). Gora, eta, hurrengo bietan, ezkerrera egingo dugu. Errepide pikoak Arraizko jatetxeetara eramango gintuzke —ibilbidearen lehenengo zatia kenduz—, baina, interesatzen ez zaigunez, 300 metro betetzeke, eskumatik sartuko gara, bide seinaleari men eginez.

Ordu laurdenera, eta zuhaiztian sartzearekin batera, harri-txirri pistari bizkarra emango diogu bihurgune nabari batera ailegatzean. Eskumara eta ageriko biderik gabe joanez (I), hogeita hamar metrora daukagun pista zabalaren bila abiatuko gara. Eskumara eta behera joango gara (IE); bost minutu igarotzeke, ezkerrean gora egingo dugu (IM). Burdin hesia eskuman jarraituko dugu, pistak goian utzi arte.

Arraiz mendiaren tontorretik bikaina da ikuspegia (345 metro, erpin geodesikoa): kostaldeko mendiak, Grumeran, Sasiburu eta Ganekogortako mendiguneak ageri dira garbi asko. Tontorraren inguruan, karlistaden garaiko gotorleku baten hondarrak daude. Arraiz mendiak pairatzen dituenak ere ez dira nolanahikoak. Artigako zabortegiaz gain, 2004an, Zabalgarbi errauste planta jarri zuten martxan. Ekologistek uste dute azidoak zulogunearen hormigoia jaten ari direla apurka-apurka. Hango lurrek irazkortasun handia dutela gogorarazten dute. Gainera, sakoneran hogei metro eginda, Bilbo urez hornitzen duen Ordunteko kanala igarotzen da. Eremu horretan, ura ez doa hodien barrutik, babesik gabeko bide batetik baizik. Hortaz, balizko iragazteak errazago helduko lirateke uretara.

Pagasarri aukeran

aldatu

Pista zabalari eutsiz hasiko gara jaisten, eta kilometro erdian, eskumako pistatik sartuko gara, Pagasarrirantz. Sagardotegira iristeaz bat, eskuman segi, aurreragoko lur eta legar bidea alboratu barik. Ordu laurden bat eman gabe, argindar dorrearen pareko elkargunean gora egingo dugu, Artigako zabortegiko aldaiari bizkarra emanez. Ondoko pasabidea zeharkatu, eta bide nagusian betiere, hogei bat minutuan eskumako aldatsari ekingo diogu, gorantz. Goian, ezkerraldean eta etxolaren ondoan abiaturik, Gangoiti gaina daukagu, igoko badugu —496 metro, 10 minutuko joan-etorria—. Ibilbidea norbaiti labur geratuz gero, hemendixe Pagasarriko buzoirainoko bideak ez dauka inolako zailtasunik —4 kilometro, joan-etorrian—. Erabakitzen duguna erabakitzen dugula, pista nagusiarekin bat egitean, ezkerretik jarraituko dugu, eta, hamar bat minuturen buruan, San Rokeko pasabidera helduko gara. Eskumara jo han, baselizak bisita egitea merezi baitu.

Hamabost bat minutuan bueltan izango gara, eta, errepidetxoari men uneoro, autobidearen gaineko zubia iraganda, San Adrian auzora ailegatuko gara, eta zuzenean, Zabalburura. Berehala gara tren geltokian.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua