Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Naturaz blai, Mirandako mendietan

Obarenes mendiguneko ekialdeko bazterrak ezagutzeko xedez, Laguna parketik abiatuko gara, eta, bide batez, Peñalrayo eta Avellano gailurrak bisitatuko ditugu. [1]

Naturaz blai, Mirandako mendietan
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Laguna, Alpargata, Peñalrayo, Avellano, Obarenes
Distantzia 9,5 km
Ingurunea Obarenes mendiguneko ekialdeko bazterrak ezagutzeko xedez, Laguna parketik abiatuko gara, eta, bide batez, Peñalrayo eta Avellano gailurrak bisitatuko ditugu.
Abiapuntua Laguna (Miranda Ebro)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Obarenes mendilerroko ekialdeko bazterrak ezagutarazte aldera, Laguna izeneko parajetik abiatuko gara, Miranda Ebrotik kilometro gutxira. Hara iristeak konplikazio handirik ez badakar ere, litekeena da bira-biraka ibiltzea noranzko egokia ez baita topatzen. Bertakoentzat, ordea, aski ezaguna da mendigunea, urtero-urtero San Joan del Monte haitzuloaren inguruan erromeria jendetsua egiten delako. Hala ere, hamarkada batzuk atzera jo beharra dago tradizio horren nondik norakoa ulertzeko. Izan ere, San Joanen omenezko erromeria berreskuratzen hasi ziren XX. mendea hasita zegoela. Horren ondorioz, egun-pasa atsegina pasatzearen kariaz, harrietan eginiko zuloak aprobetxatuta, eraikin xumeak eta sotoak eraiki zituzten mirandarrek. Eta, 1965. urteaz geroztik, bertoko kofradia eratzearekin batera, gaur egun ikusten ditugun etxolak eta bazkalekuak altxatu zituzten. Bistan denez, 50 urte joan dira jada, eta, harrigarria bada ere, ibiltariek, erromesek eta mendizaleek —baita intentzio susmagarriekin joandako ehiztari saldoek ere— topaleku bilakatu dute. Pertsona ugari, beraz, naturaz aseta geratzeko gogo biziz.

Lagunako labirintoan gal ez gaitezen, hona hemen xehetasun batzuk. Mirandako herrigunean sartu, eta Ebro ibaiaz bestaldean dagoen alde zaharrera igaroko gara. Gero, Ircio herri aldera egingo dugu, eta, Bardaurira doan errepidea bazter eginez, aurrera segituko dugu hurrengo errotondara iritsi arte. Bertan, eskuinera hartu, eta San Joan del Monteko parkera abiaraziko gara bide asfaltatuari men eginez. Esanda dagoen moduan, paisaia txosnez eta bazkalekuez josita ikusiko dugu artadira iristearekin batera. Autoa goraxeago utziko dugu, San Joan del Monte atsedenlekua adierazten duen seinale ondoko aparkalekuan. Hortxe emango diogu hasiera Peñalrayoko ibilbideari, errepidetxoak gorantz ekiten duelarik ere.

Alpargatako behatokia

aldatu

Atsedenlekuko platanoen artetik igarota, Hijos de la Antonia bazkalekuaren ondoko argibide taula xumean irakurriko ditugu ibilbidearen xehetasunak. Zidorrak artadian barrena eramango gaitu ziztu bizian, gurbitz eta ezpel alor trinkoak gogaide. Aldatsa amaituta, basabide zabalera irten, eta goratasuna hartzen jarraituko dugu, lepora iristeko xedez. Leun-leun ibiliko gara orduan, noranzkoari eutsita. Alpargata tontorreko behatokirako bidea ikusiko dugu bide sarda batean. Eskuinaldetik irteten den zidor zabalari jarraituta, ikuspegi zabaleko tontor apartara igoko gara. Behin gainaldean, Mirandako ordokia eta hura inguratzen duten mendilerro ugari ikusiko ditugu. Obarenes, Arcena, Toloño eta Gorbeia, besteak beste.

Gero, behatokitik aurreko bidebanatzera jaitsi, eta, hego-mendebaldera eginda, Alpargatako zelaira iritsiko gara. Belardiak hartutako sakonune zabal bat dago han. Eskuinera egingo dugu paraje horretan, eta, bide nagusiak egingo duen legez, hego-ekialderantz bideratuko ditugu gure pausoak. Mendi magalek osaturiko estugunetik irtendakoan, jorratu gabeko soro baten eretzetik segituko dugu. Holaxe, goxo-goxo, San Blas atakara iritsi arte. Lepoan metro batzuk egingo ditugu, hegoaldera (Errioxa aldera). Hala ere, ezkerrera joko dugu segituan, eta Peñalrayoko leporainoko azken metroak egingo. Obarenes mendilerroari atxikita, Avellano tontorreko hormatzar bertikalak ikusteko aukera paregabea utziko digu lepoak. Eta gain-gainean, lerro nagusitik pitin bat aldenduta ere, Peñalrayo tontor ezaguna.

Avellano mendi ezkutua

aldatu

Peñalrayotik jaistean, ezkerrera egingo dugu lepoan, eta sakonunerantz abiatuko gara. Jaitsiera arinean bost minutu daramatzagula, bidexka batekin topo egingo dugu. Erreferentzia gisa, ametz ale batzuk (Quercus Pyrenaica) ikusiko ditugu xenda bazterrean. Avellano mendia igotzeko edota Lagunako atsedenlekura bueltatzeko aukera dugu bide sarda horretan. Ibilbide egokiena aukeratu beharra dago hor, betiere indarraren eta gogoaren arabera.

Obarenes mendilerroaz gehiago gozatze aldera, eskuinera egingo dugu guk. Lehen ezustekoa berehalakoan izango dugu; izan ere, mendate zahar eta malkartsu bateraino lagunduko digun xenda batera irtengo gara laster. Eskuinera egitekotan, mendatea bertatik bertara ezagutuko dugu. Bestela, ezkerrera jo, eta Avellano aldera bidaia egiteari eutsiko diogu. Hala ere, tontorrera heltzeko 30 minutu emango ditugu paseo goxoan. Xendari oratuta, baso trinkoak doan eskainitako natura oparoaz gozatzen segituko dugu. Gauzak hala, ler gorri, gorosti, erkametz eta arte xumeak gogaide, zehar-zehar jarraituko dugu, sakonune zabala ezkerraldean utzita.

Avellanoko harresiaren azpi-azpitik igaro ondoren, atzerantz eta gorantz abiarazten den bidexka bat ikusiko dugu. Avellano tontorrera igotzeko unea iritsi zaigu. Bidexkan aurrera egin eta metro gutxira, Jembres haitz bikiak bistaratuko ditugu Errioxako ordoki zabalaren atari liluragarrian. Avellanoko igoera erraza bada ere, tentu handiz ibiliko gara gainaldean.

Tontorra bisitatu ondoren, mendate zaharraren ondoko bidexken bidebanatzeraino itzuli eta eskuineko zidorra hartuko dugu. Zeharka-meharka ibiliko gara hasieran, eta behera egiten hasiko gara uste baino lehenago. Pista zabal batera ateratzean, ezkerrera egin, eta, Caleroko behatokiko bidea bazter eginda, zidor balizatu nagusiari men egingo diogu Laguna atsedenlekuraino.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua