Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Oderizko trikuharria
Aralarren magalean, ibilbide honek lau trikuharri lotzen ditu: Pikabotz, Milaldapa I, Azolape eta Pagamendi. [1]
Oderizko trikuharria | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Oderitz, Pikabotz, Milaldapa, Azolape, Pagamendi |
Distantzia | 2,9 km. Ordu bete. |
Ingurunea | Aralarren magalean, ibilbide honek lau trikuharri lotzen ditu: Pikabotz, Milaldapa I, Azolape eta Pagamendi. |
Abiapuntua | Oderitz |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuLarraungo (Nafarroa) haranaren paisaia osatzen duten larre berdeen, haritz basoen eta pagadi trinkoen geografian, arkitektura ederra duten herriak eta baserriak lotzen dituzten hamaika xenda daude. Aralarren magalean kokaturik, inguru horietan dauden sekreturik gordeenak ezagutzeko aukera eskaintzen digute guztiek. Ibilbide honetan, sekretu horietako bat ezagutzeko parada izango dugu, Oderizko trikuharrien ibilbidea edo Jentilharribidea,hain zuzen ere. Irumuga eta Larrazpil mendien magalen artean dagoen herri txiki horretan, inguruko herri arkitekturaren adibide ederrak ikus ditzakegu. Horien artean daude Goikoetxea, Etxatoa eta Juangonea armarridun etxe bikainak. Goialdean dago San Lorentzo eliza. XIII. mendekoa da, eta erromanikotik gotikorako trantsizioaren adibidea.
Ibilbide erraz honek Larraun haraneko Oderitz herriaren lurretan dauden lau trikuharri lotzen ditu: Pikabotz, Milaldapa I, Azolape eta Pagamendi. 2017an egokitu egin zuten, eta marka marra hori eta laranjaz balizatu zuten. Herriko iturriaren ondoan utziko dugu ibilgailua. Errepidetik, ehunen bat metro jaitsiko gara Lekunberri aldera, eta eskuinetik Euntzexar baserri aldera doan bidea hartuko dugu. Asfaltatutako bidea amaitu, eta lurrezko bide zabal eta erosotik jarraituko dugu aurrera. Enborretan maiz ikusiko ditugu marka hori-laranjak. Markek erakusten diguten norabidean erraz egingo dugu aurrera.
Bide bazterrean lizar bikain batzuk ikusiko ditugu, eta, aurrerago, bidea hurritzen artean marrazten da. Haritzekin batera, hurritzak izango ditugu bidelagun. Ondo garbitutako bidetik, berehala helduko gara lehen trikuharriaren ondora: Pikabotz. Tumulu handi batez inguraturik dago harri hori. Xendara itzuli, eta seinale laranjak alde batera utziko ditugu. Kolore horikoei jarraitu, eta, malda txiki bat igo eta gero, Milaldapa I trikuharriaren ondora igoko gara. Zuhaitzez inguraturik dago, eta, gaineko harlauza ez badu ere, haren paretak nahikoa ondo kontserbaturik daude. Bidera itzuli, haritz, hurritz eta pagoek osatzen duten basoan zehar marrazten den xendatik jarraitu, eta herritik datorren pista zabalarekin bat egingo dugu. Metro batzuk gorago, hori utzi eta egurrezko hesoletan jarrita dauden bide seinaleek erakutsiko digute bide zuzena. Aldapa txiki bat igo, eta bidetik 50 bat metrora dagoen Azolape trikuharriaren ondora iritsiko gara. Hori ere tumulu handi batez inguraturik dago, baina lauren artean okerren kontserbaturik dagoena da.
-
Pagamendi
-
Milaldapa
-
Pikabotz
-
Azolape
Bidera itzuli, eta balizatutako bideak berriro basora eramango gaitu. Kilometro erdi bat ibili eta gero, xendatik gertu dagoen Pagamendiko trikuharriaren ondora helduko gara. Lauren artean hobekien dagoena da, eta handik oso gertu dago Oderitz herria. Bidera itzuliko gara, eta, burdin hesia pasatu eta gero, eskuinetik jaitsi eta errepidera aterako gara harriz egindako hesiaren ondotik. Bazterretik herrira itzuliko gara.