Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Oleta-Samiñoko parajeak

Behin ibilbidea hasita, eta auzoko plazaren ondoan, 'Aizkolariaren omenaldia' izeneko metalezko eskultura berezia ikusi ahal izango dugu. [1]

Oleta-Samiñoko parajeak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Aginaga, Oleta, Oleta txiki, Pagozurieta, Samiño, Gurutzeta
Distantzia 9,6 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Behin ibilbidea hasita, eta auzoko plazaren ondoan, 'Aizkolariaren omenaldia' izeneko metalezko eskultura berezia ikusi ahal izango dugu.
Abiapuntua Aginaga (Zumarraga)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Aginaga auzoko San Martin parrokia elizaren ondoan hasiko dugu ibilbidea. Eliza 1540an zutik zegoen, eta Zumarragako eta Azkoitiko biztanleek erabiltzen zuten. Nahiz eta 1989ra arte eremu zibilean Azkoitiaren menpe egon, erlijio gaietarako Zumarragako parrokia elizaren mendean zegoen. 1881ean, Gasteizko gotzaindegiak egin zuen parrokia berrantolaketaren ondorioz, landa parrokia bihurtu zen. Egun, eta 1980 urteaz geroztik, herri landa-parrokia hori Urretxuko Aita Pasiotarren menpe dago.

Elizari bizkarra eman, Muxika baserriaren ondotik igaro eta berehala jarriko gara maldan gora pista zabalean zehar. Kilometro bat eskas bete dugunean, pistak eskuinerantz bidatzen du pinudian murgilduz. Bide nagusi horretatik aurrera egingo dugu, Oletarantz zuzentzen den bidea eskuinera utzita. Laster, Oleta mendiaren magalean marrazten den bidetik, aurrez aurre ikusiko dugun leporantz gerturatuko gara. Atzean utziko ditugu azken zuhaitzak, eta lepoan kokaturik Oleta Txikiko gurutzea eta aterpe ederraren ondora igoko gara.

Tumulu baten ondotik pasatu eta gero, gertu dagoen eta pinuek estaltzen duten Pagozurietako tontorrerantz joko dugu. Pinuen artean zabaltzen den bidetik erraz lortuko dugu ote artean dagoen erpin geodesikoaren ondora heltzea. Etorritako bidetik berriro lepora jaitsiko gara, aterpearen ondora. Horri bizkarra eman, eta aurrez aurre ikusiko dugun bide zabal nabarmenetik emeki-emeki altuera irabazten jarraituko dugu. Laster, Iruarrietako trikuharriaren ondotik igaro, eta gorantz joko dugu. Izeidi batean sartu, eta gertu ikusiko dugu tontorra. Mendiaren ertzetik zabaltzen den xenda estu batetik laster lortuko dugu Iruarrietako erpin geodesikoaren ondora ailegatzea. Gertu, dozena bat metro beherago, Samiñoko tontorrean gurutze txikia eta buzoia.

Zumarraga-Urretxu aldera ikuspegi zabala erakusten duen tontor horretatik gertu dagoen Gurutzetara joko dugu. Ataka txiki bat igaro, eta gertu ikusiko dugu gaina. Bertatik Izarraizko eta Hernioko mendiguneen ikuspegi zabalaz goza dezakegu. Atzera egin, eta izeidiaren ondoan kokatzen den Iruarrietako etxolarantz joko dugu; atsedenerako leku aproposa. Etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta, Samiñora berriro itzuli aurretik, eskuinetik, alanbrezko hesiaren ondotik zabaltzen den pista zabalean zehar jaitsiko gara. Maldan behera jaisten segitu, lehen ikusitako trikuharria ezkerrera utzi, eta altuera galtzen jarraituko dugu igotzeko erabili dugun bidetik. Laster, hori utzi eta ezkerraldean ikusiko dugu alanbrezko hesia pasatu, eta horren paraleloan jarraituko dugu Oleta mendiaren tontorrera iristeko. Harri gutxi batzuek adierazten duten tontor horretatik jaisten den aldapa pikoari eutsiko diogu segidan, eta, alanbrezko beste hesi bat gainditu ostean, igotzeko erabili dugun bide nagusiarekin bat egingo dugu, eta hortik jarraituz abiapuntura iritsiko gara.

Auzoko plazaren ondoan Aizkolariaren omenaldia izeneko metalezko eskultura ikus daiteke. 2,45 metroko eskultura hori Agurtzane Iturberen diseinua da. Aizkolarien omenez egin bazen ere, bereziki auzoan bizi zen Jeronimo Iturbe Legorburu Agineta-ri eskainita dago. 2003ko azaroaren 9an inauguratu zuten.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua