Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Oletako harbidea
Oletako harbidea | |
---|---|
Herrialdea | Lapurdi |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Oleta, Arlepoa, Jasolako benta, Deskargahandi lepoa, Intzolako benta |
Distantzia | 12 km. 3 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Oleta eta Bera lotzen dituen galtzada zaharrari jarraituta, Intzolako bentan atseden hartuko dugu. Gero, Larrungo mazelak alderik alde zeharkatuta, zirkuitu ederra osatuko dugu. |
Abiapuntua | Oleta |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuOleta eta Bera lotzen dituen galtzada zaharrari jarraituta, Intzolako bentan atseden hartuko dugu. Gero, Larrungo mazelak alderik alde zeharkatuta, zirkuitu ederra osatuko dugu.
Oleta (Lapurdi) eta Bera (Nafarroa) herrien arteko harbidearen arrastoak ikusi egiten dira oraindik. Beratik abiatuta, hondakin xumeak ikusiko ditugu basoaren babesean. Ezustekoa, aldiz, Oleta inguruko bidea egitean etorriko zaigu: bidea zabaldu eta harriztatuko da tupustean, harri zapalak eta ederki zizelkatuak begi bistan direla. Napoleonen Bidea omen da, mugaren alde bietako bizilagunek gogora ekartzen dutenez. Nonbait, haren tropak bide horri berorri heldu zion 1813ko ekainean, Gasteizko bataila atzean utzita.
Hala ere, bidearen garrantzia lehenagotik dator. Erromatarrek egindako bide historikoa da, Urruña eta Bera herriak lotzen zituen errepide sonatua. Historian aurrera eginda ikusten dugu, gainera, Intzolako ibarra zeharkatzen zuen bide historikoak ongi lagundu zuela beste jarduera ekonomiko batzuk altxatzen. Intzolako bentan honelaxe irakurri genuen: «Erdi Aroan garrantzia hartu zuten Intzolako bazterrek, Nafarroako Erregearena zen burdinola bat existitu baitzen ibarrean bertan».
Intzolako benta
aldatuGaur egun ez da burdinola horren arrastorik erreka ondoan. Orain, bidaztiak eta naturazaleak ibiltzen dira bazterrotan. Asmoa? Oletatik Intzolara edota Larrunera doazen bidexkei jarraitzea. Izan ere, Intzolako benta txikia pausaleku atsegina izan ohi da ibiltarientzat. Egun kudeatzen dutenen aitona-amonek sortu zuten Intzolako benta, XX. mendeko lehen hamarkadaren amaieran: «François Pizziok eta Angeles Martinek erreka ondoko alkohol biltegia egokitu zuten orduan; gero, gogor lan eginda, benta txiki bat aurrera ateratzea lortu zuten». Produktuei dagokienez, asko izango zituzten bentatxoan, garai haiek oso zailak baitziren.
Nafarroak bereziki gorriak ikusi zituen bizimodua ateratzeko orduan, 1936ko gerraren ondorio latzak ekarri baitzizkien bizilagunei: nekazarien produktuen beherakada ez ezik, industria eta komertzioaren desoreka ere ekarri zituen errepresio gaiztoak. Estraperloa eta gaulanak beharrezko bilakatu ziren oinarrizko gaiak eskuratu ahal izateko. Estatuak, nola ez, debekua jarri zion merkantzia askori, eta produktu asko ilegaltzat jo zituzten: botikak, tabakoa, pospoloak, gurina, ur minerala, alkohola...
Bestelako garaiak dira egungoak, eta familiak bapo asmatu du negozioa egokitzen; aldaketa gutxi eginez, gainera. «Gure asmoa izan da betiko benta egiturari eustea, nahiz eta orain kontserben ordez freskagarri eta bazkari goxoak eskaintzen ditugun».
Oletan, tipi-tapa
aldatuOletako elizaren ondoko aparkalekuan utziko dugu autoa. Elizaren ertzetik hasten den bide zabalari ekingo diogu. Ibilbidearen nondik norakoak dakartzan argibide taula txiki bat ikusiko dugu bide ertzean. Hego-mendebaldera eginez, haritzek eta hurritzek osaturiko galerian gaindi jarraituko dugu, goxo-goxo. Intzolako erreka jauzkariaren harrabotsa gertu-gertu entzungo dugu. Laster, bidea harri ederrez jantziko da, eta agerian utziko dituzte behialako galtzadaren arrastoak. Bideari men eginez, errekan gora joan besterik ez dugu egingo.
Minutu batzuk lasai eman ostean, GR 10 kodea daraman ibili luzeko zidorrarekin bat egingo dugu. Bide seinaleak dioenari jarraituta, Erleen Lepora heltzea posiblea da. Gu, ordea, ondoan dugun errekastoa gurutzatu, eta harbideari lotuko gatzaizkio. Intzola erreka gogaide, 18. mugarrira helduko gara laster. Estugune polita igarota, Intzolako benta bistan izango dugu. Taberna barruko irudiek eta testuek eraikin bitxiaren iragana argitzen lagunduko digute.
Larrun zeharkatuz
aldatuBenta pareko zubia igarota, maldan gora hasiko gara. Deskargahandiko lepora bidean gaude. Haritzek, Hurritzek eta gorostiek hartzen dute lekukoa orain. Sigi-saga eginda basoan, Ziburu mendiaren hegoaldean zabaltzen den lepora iritsiko gara. Oletara doan bidearen ondoan, trikuharri bat ikusiko dugu. Lepoan, eskuinera egin, eta harlauzez hornituriko bidean gora jarraituko dugu. Esfortzu txiki bat egin ostean, Jasola izena duen bentara iritsiko gara. Gaur egungo jabeek kontatu digutenez, 1945ekoa da etxola baten moduan altxatutako bentatxo hori. Estraperloaren garaiak atzean utzita, atseden hartzeko talaia ederra: Ziburu mendia, Xoldokogaina, Aiako Harria, Ibardingo bentak eta Iparraldeko mendebaldeko kostalde ederrak.
Bentaren ezkerraldetik igarota, Larrun aldera igotzen den aldapa pikoari aurre egingo diogu. Alertzadi baten ondotik ibiliko gara hasieran. Gero, lepo txiki batera helduko gara. Larrun Txiki tontorra inguratzen jarraituko dugu gero. Bidexkak mazela burutik buru zeharkatzen lagunduko digu, gandorretik ibili gabe. Maurice Labeberriren omenezko artelan multzoaz gozatzeko aukera izango dugu Zizkuitzeko pagadi ederrean sartu aurretik. Pagadian gora egiten hasita, eta lepora heldu gabe, ezkerraldetik irteten den bidexka bati helduko diogu, Larraungo mazela berdea zeharkatzeko asmoz. Garo artean ibilita, ondo markatuta dagoen bidexkak altzifreak altxatzen diren tokira zuzen-zuzen eramango gaitu. Arlepora helduta —pudinga batzuk ikusiko ditugu han—, behera egiten hasiko gara, Hiruiturritik datorren bidearekin bat egiteko. Orduan, Larrunerako bideari lotu gabe, ezkerrera jo eta Ziburu mendira begira jarriko gara. Beheragoko lepoan bide harritsuari heldu, eta, GR zidorra lagun, aparkaleku zabal batera helduko gara. Erreka gurutzatu eta asfaltoan ezkerrera eginda, Manttu Baita etxaldearen aurretik igaroko gara. Errepide nagusian, ezkerrera egin eta bazterretik tentu handiz ibilita, Oletara iritsi eta zirkuitua bukatuko dugu horrekin.