Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Ordunteko bazterrera hurbilduz

Balmaseda abiapuntu eta helmuga dugula, Garbea mendira igoko gara. Kolitzaren itzalpean dago, eta jende gutxi doa hara. [1]

Ordunteko bazterrera hurbilduz
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Garbea, Balmaseda, Pandozales, Pico del Mojon, Porkeriza, Garbea
Distantzia 14 km. 3 ordu eta 40 mn.
Ingurunea Balmaseda abiapuntu eta helmuga dugula, Garbea mendira igoko gara. Kolitzaren itzalpean dago, eta jende gutxi doa hara.
Abiapuntua Balmaseda
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Aurreko batean bertan ibiliak garen arren, alderdi honetara itzultzea merezi du. Hori bai, Kolitza, Ordunteko gailur jendetsuena, alboratu egingo dugu oraingoan, eta gehienei ezezaguna zaien mendi batean barneratuko gara. Balmasedako (Bizkaia) tren geltokia abiapuntu hartuko dugu, eta Cadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatu barik, ezkerrera joango gara, kilometro erdian Zubi Zaharrera iritsiko garela.

Muzako zubia Bizkaiko eraikin zibilik dibulgatuenetarikoa da. Garai batean zubi hau izan zen kostaldearen eta Gaztelaren arteko loturagune bakarra inguru horretan. Oraindino bertan ibiltzeko aukera ematen digu, ibilgailuei izan ezik. Pasabideak Cadaguaren bi ibaiertzak lotzen ditu, eta, zalantzarik gabe, Balmasedako ikurra da. Noizkoa den zehazki ez badakigu ere, oinarrietako batean dauden markak ikusirik, badirudi hiria sortu zen garaikoa dela, 1200. urte ingurukoa, hain zuzen. Dorrea XV. mendean erantsitakoa da. Balmasedako hiri zubia daukagu, beste zubi asko bezala. Horrenbestez, eginkizun estrategikoez gain, eginkizun fiskalak ere bazituen: zubi saria kobratzea, hiri eta norbanako askok bidaztiei Erdi Aroan ezartzen zien zerga.

Zubia igarotakoan, ezkerrera jo, eta berehala Graziako Andra Mari kalean gora jarraituko dugu. Errepide honi hamabost minutuz jarraituko diogu, eskumara bigarrenean joango garela, etxerantz (IM). Pandozales auzoa atzean uzteaz batera, marka zuri-gorriei segituko diegu, eskuineko zidorrean gora sartu arte (IM).

Pinudian jarraituko dugu, pista zabalarekin bat egin arte. Eskumara joko dugu (E). Bide nagusiari bizkarra eman barik, eta elkarguneetan eskuinera hartuz, 40 minuturen bueltan Porkeriza atsedenlekura iritsiko gara. Hura zeharkatutakoan, noranzkoari eutsiko diogu (I), lur bide gogorrean gora eta Lawson altzifresak bidaide. PRko nahiz GRko markekin bat ordu erdiz ibili ondoren, ezkerretik igoko gara, ikuspegiak merezi duelakoan. Goitik zein pistatik, hamabost minutuan tontorreko antenetara helduko gara.

Tontorretik, bista zabala

aldatu

Garbeatik (717 metro, erpin geodesikoa eta buzoia), antenak egonda ere, panoramika ederra da: Burgosko mendiak nahiz Ordunte, Gorobel eta Santxosolo mendiguneak nagusitzen zaizkigu.

Metro batzuk jaitsiko gara, etxolaraino, eta hirugarren zutoinean ezkerrera egingo dugu (H), 150 metro beheragoko pistaraino. Eskuinari eman, eta beste horrenbeste metro beharko dugu lehenengoan ezkerretik jarraitzeko. Eskuma-ezkerra hartu ondoren, bost bat minuturen buruan zuzen joko dugu (HE). Hamar minutu emandakoan, bigarrenean sartuko gara, eskuineko lur bidean (HM). Minutu bian ezkerretik beheratuko gara (HE), hainbat erosoen basarik balego.

Pinuak bukatu eta eukaliptusak azaltzearekin bat, eskumara hartu (HM), harik eta lurra eta legarra porlan bihurtzen zaizkigun arte. Minutu batzuen buruan etxeetara heldu eta aldats handian behera joango gara (H). Tren geltokira itzuli aurretik, ez ahaztu San Seberino plaza nahiz eliza bisitatzeaz.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua