Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Orhiko igoera
Orhi mendiak bi mila metro ditu eta ez da mendebalderago altuera horretako kaskorik Pirinioetan. Ikusgarria da, lerden-lerdena, Zaraitzuko iparraldean.[1]
Orhiko igoera | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Zaila |
Lekuak | Orhi mendira igoera |
Distantzia | 4,8 |
Ingurunea | Pirinioetan 2.000 metro dituen lehen mendia |
Abiapuntua | Otsagi |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuGailurra doi-doi ordubetera dago oinez Larrauko gainean dagoen aparkalekutik eta, kasko hartatik, arrunt ikuspegi zoragarriak daude Iratiko oihanerantz eta inguruko gailurretarantz. Are gehiago, zerua oskarbi badago, Moncayo mendia eta Kantauri itsasoa ere ikusiko dituzu.
Zailagoa izanen da euskal mitologiaren pertsonaia batzuk ikustea. Izan ere, Mari naturako jainkosaren aterpea da Ori, bai eta Basajaunaren bizitokia ere.
Orhi mendia (2.017 metro) ikusgarri eta bikain dago zut Nafarroako ipar-ekialdean, Frantziako mugaren ondo-ondoan.
Aise iritsiko gara kaskoraino eta gozamen ederra izanen da begietarako, sekulako ikuspegiak dituelako. Horrela, Iratiko oihanaren koloretako tapizarekin batera, gailur hurbilak izanen ditugu begipean: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia edo Atxerito. Hodeirik gabeko egun argietan, gainera, Midi d´Ossau, Moncayo, Paue (Frantzia) eta Kantauri itsasoa ere ikusiko ditugu.
Euskal mitologiaren arabera, mendi hau Mariren bizitokia da, naturako jenioen jainkosaren bizitokia, alegia. Halaber, Basajauna bizi da. Basajaunak oihana du bizileku eta bere izaera onbera agertzen du. Zenbaitetan, aldiz, bere alderik makurrena.
Otsagabitik hamar kilometro iparraldera, Lazako mendatea igotzen hasi baino lehentxeago, ezkerrera doan errepideak Larrau gaineko aparkalekuraino eramanen zaitu. Hortik aisa iritsiko zara oinez ordu batean kaskoraino. Ez du galbiderik. Igoera arina da belardi gainean, mendiaren hego-ekialdeko ertzari jarraiki. Azken aldean, igoera laztu egiten da pixka bat gailurrera iritsi arte. Kaskoa leuna eta luzea da.
Nafarroako isurialdea belartsua da. Frantzia aldekoan, aldiz, sekulako amildegia dago. Alde hartan erraz ikusiko dugu saien eta sai zurien hegaldi ederra.
Ibilbide luzeagoa egiteko aukera
aldatuTxango luzeagoa egin nahi baduzu, segi Zazpigaina harritsuraino. Horretarako, Alupiñako haitzebakiraino jo behar duzu (1h.10´). Kasko horretako alderik garaienera iristeko igoera laburra da. Larraura itzultzeko, mendi-hegala zeharkatzen duen bidexka hartuko dugu. Aska batzuen ondotik pasatzen da, eta hainbat erreka zulotan barneratzen da. Bestela, Orittipia kaskoraino joan zaitezke (2h.10´). Alde honetako igoera errazena da. Jaitsiera laburraren ondotik, Larrauko aparkalekura iritsiko gara (2h.25´).
Zaraitzu, Erronkari eta Aezkoa =
aldatuEz galdu Zaraitzu ibarra bisitatzeko aukera: ibili karrikaz karrika xarma handiko herriotan: Espartzan, Ezkarozen eta Otsagabian. Zoaz ikustera Muskildako Ama Birjinaren santutegi erromanikoa edo barneratu zaitez Iratiko oihanean, Nafarroako naturak eskaintzen duen altxorrik handienetakoa baita. Iraupen eskia maite baduzu, Larrauko gainera iritsi baino kilometro batzuk lehenago, Abodi-Zaraitzuko pistak hasten dira, Pikatuako aduana zaharrean, zehazki.
Halaber, aukeran duzu Erronkari eta Aezkoa ibarrak ezagutzea. Bertako bizilagunek eutsi egin diete arbasoen bizimodu eta usadioei. Frantziako aldean Kakueta eta Holtzarte arroilak daude, biak eder-ederrak eta aise iristeko modukoak.