Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Otsogorrigañara, Larrainetik abiaturik
Ibilaldi luzea egin behar da Larraine eta Otsogorrigaña lotzeko, eta desnibel handikoa, gainera; baina merezi du, gogoangarria baita, bai gogortasunagatik, bai inguruko paisaiengatik. [1]
Otsogorrigañara, Larrainetik abiaturik | |
---|---|
Herrialdea | Zuberoa |
Zailtasuna | Zaila |
Lekuak | Larraine, Jauregibar lepoa, Amubiko zubia, Pistako ur-saltoa, Otsogorrigaña |
Distantzia | 25 km. 7 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Ibilaldi luzea egin behar da Larraine eta Otsogorigaña lotzeko, eta desnibel handikoa, gainera; baina merezi du, gogoangarria baita, bai gogortasunagatik, bai inguruko paisaiengatik. |
Abiapuntua | Larraine |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuElizatik atera, eta Atharratzerako errepideari lotuko gatzaizkio. Halako batean, seinale batek beheko kalea markatuko digu, Holtzarte aldera; eskuinetara egin, eta, beste seinale bati segika, Jauregibar muino aldera joko dugu. Baliza horia duen bidexka batetik sartuko gara, eta hortik aterako gara herritik, kanpin baten gainetik pasatuta. Bidexka hori ataka batera iristen da; hori eskuinetara utzirik, aurrera egingo dugu Haritzandi basoraino; beste ataka bat igaro, eta goraka hasiko gara zuhaiztian barrena.
Zelai eta baso artean, gurdibide batera iritsiko gara: bat egiten du harrizko bide zabal batekin, eta eskuinetatik segituko diogu. Abeltegi batera iritsiko gara, eta itxitura bat ikusiko dugu ezkerretara: pasatzeko prestaturiko toki bat du, balizek seinalatua. Hura gurutzatzean, zelai batean sartuko gara; belar bidexka bat dago, Sorretegi errekara eramaten duena. Harrizko bide zidor bat aurkituko dugu, eta Jaugeribar muinoa baino lehenago dagoen iturri batera igoko gara. Handik Pista izeneko ingurua edukiko dugu aurre-aurrean, eta ur lerro bat erortzen ikusiko dugu soilgune batean, Holtzarte basoak inguratzen dituen harkaitz batzuen azpian.
Pistako ur-jauzia
aldatuBehera doan bidexkak pista batekin bat egiten du Uztarbia baserriaren parean, eta handik segituko dugu, eskuinetara, Amubi aldera. Bideak behera segitzen du pittin bat, Holhadoren ur emari mehartuaren gainetik. Zubia pasatu, eta pistan aurrera segituko dugu, eskuinaldean gora doan bidea saihestuz. Baso lanetarako pista batera iritsi, eta eskuinetara bide adar bat ikusiko dugu; han kartel bat dago Pista seinalatzeko, eta GRT 10 baliza du. Bidean gora, pare bat sigi-saga egin ondoren, erreka baten gainetik igaroko gara, eta aurrera segitu, eskuinean Pistako ur-jauzia markatzen duen seinale bat ikusi arte.
Pistatik atera, ateka txiki batetik igaro, eta Beltzurtiko basoan sartuko gara, bidexka batetik gora, ur-jauzietako urarekin paralelo, eta baliza lanak egiten dituzten zurezko ohol txiki berde batzuek gidaturik. Basoa pasatu, eta iraleku bat zeharkatuko dugu, belarrezko bide zidor batetik; pagadi bat gurutzatuko dugu, eta belardi soil bat igaro. Muino berde horretara igotzean, txoko eder batean sartuko gara: inguruko basoa, Burutxietako haitzak, Pistako ur-jauziak eta Bortokarietako aterpe librea.
Azken txanpa
aldatuAterpetik abiaturik, bide zidorra goraka doa Pista Gaineko bordaraino. Han hasten den pistatik, bihurgune batzuetatik igoko gara, Behilogiako larreetaraino: han, pista lautu egiten da, eta bihurgune itxi-itxi bat dago, gero beheraka egiten duena. Pistatik atera, eta ezkerreko bidexkatik egingo dugu, Utururdinetako ataka daukan bidexkatik.
Mendixka horretara iritsita, itxitura elektrikoa zeharkatu gabe, eskuinetara egingo dugu, GR 12 bidearekin bat egin, eta Alkhatexaiako paisaia harritsuraino jo; bidexkatik atera, eta, Otsogorrigaña ipar-mendebaldeko ertzetik, aurrera joko dugu mendi magaletik hegiari segika, eta gailurreraino iritsiko gara. Hantxe, erpin geodesikoa, buzoi bat eta 246. mugarria. Ikuspegia zoragarria da, Orhitik Auñamendirainokoa.