Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pagoetako tontorrak
Euskal kostaldeko mendi garaienetakoa izanik, arrantzaleek erreferentzia gisa erabiltzen zuten. [1]
Pagoetako tontorrak | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Pagoeta, Urruztume, Murugil, Olarteta, Hernio Txiki, Aia |
Distantzia | 7,6 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Euskal kostaldeko mendi garaienetakoa izanik, arrantzaleek erreferentzia gisa erabiltzen zuten. |
Abiapuntua | Aia |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuPagoetako parke naturalak Hernioko mendigunean integratzen den beste mendigune txiki bat osatzen du. Gaurko ibilaldi honetan, Aia herritik abiatuz mendigunea osatzen duten lau mendi garaienak igoko ditugu: Pagoetako gurutzea, Urruztumeko punta, Murugil eta Olarteta. Itzulera, berriz, Hernio Txiki esaten zaion ingurunetik egingo dugu, gurutze bide berezia bisitatu eta bertatik igarotzen diren PR-Gi 4001aren eta GR-35aren bide-seinaleek erakutsiko diguten norabidean.
Aiako aparkalekuan utziko dugu autoa, eta, elizaren ondotik igaro eta gero, errepidera aterako gara. Bertatik metro batzuk ibili ondoren, Pagoetara zuzentzen den porlanezko pista hartuko dugu. Hirurehun bat metro bertatik egin, eta eskuinetik ateratzen den bidea hartuko dugu. PR-Gi 4002n bide balizatuaren seinale zuri eta horiak lagun, aurrera egin eta laster Aia herria ikusiko dugu gure mendean. Altuera hartzen dugun heinean, iparraldera begiratu, eta kostaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu. Ataka bat pasatu, eta basoan murgilduko gara, ireki berri duten pista zabal batean zehar aurrera eginez. Mendebalderantz zuzentzen den pistatik, tontorretik gertu dagoen gurutze bidera igoko gara, eta, metro batzuk aurrerago eginda, Pagoetako gurutzearen ondora helduko gara.
Tontor txikiez inguraturik, goi lautada txiki bat osatzen duten belardi zabal eta berdeek leku berezi eta ederra marrazten dute. Euskal kostaldean dagoen mendi garaienetako bat da, eta arrantzaleek erreferentzia modura erabili ohi zuten. Gurutzetik gertu, arrano baten eskultura dagoen lekura jaitsiko gara, eta, handik, kostaren ikuspegi zabala izango dugu. Urruztumeko aterpera jaitsi eta segidan, aldapa txiki bat igo, eta Urruztumeko puntara iritsiko gara, erpin geodesikoaren ondora. Izarraitzeko mendigunearen panoramika ederra. Argazki pare bat atera, eta hego-ekialderantz jaisten hasiko gara, lepo zabal batera heltzeraino. Ataka txiki bat igaro, eta, igoera txiki baten ostean, Murugileko tontorrera iritsiko gara belarrezko aldapan gora egin eta gero. Buzoia eta, inguruan, tumulu pare bat.
Hernio Txiki gurutze bidea
aldatuGertu dugun pinudi aldera joko dugu segidan, eta, beherantz zuzentzen den bidezidorretik segituz, aurrez aurre ikusiko dugun Olartetako tontor aldera abiatuko gara. Talaia paregabe horretatik Aiako haranaren panoramika zabala izango dugu. Hau izango da azken tontorra, baina oraindik ezagutzea merezi duen txoko bat bisitatuko dugu: Hernio Txikiko gurutze bidea, hain zuzen ere. Bertara joateko, garo artean lepora jaitsiko gara bide balizatuarekin bat egin arte. GR-35aren zuri-gorriek eta PR-Gi 40001ari dagozkion zuri eta horiek erakutsiko diguten norabidean, gurutze bide ikusgarrira jaitsiko gara berehala. Aiara itzultzeko hamalau gurutzeei bizkarra eman, eta balizatutako bidetik jaisten hasiko gara segidan, pinudi batean murgilduz. Xenda estu batetik aurrera egingo dugu, eta, pinudia atzean laga eta gero, alanbrezko hesiaren paraleloan doan bidezidor erosotik gorako bidean topatuko dugun lehen bidegurutzeraino helduko gara. Hemendik herrira, porlanezko bideari segitu, eta berehala izango gara abiapuntuan.