Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Piedrarredonda inguratuz

Briñasko San Adrian bideari jarraituta, Carabriñas parajean gaindi ibiliko gara, Harora iristeko asmoz. [1]

Piedrarredonda inguratuz
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea ErrioxaAraba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Briñas, Haro, Piedraredonda, Gaztelu, Carabriñas
Distantzia 12,5 km. 3 ordu.
Ingurunea Briñasko San Adrian bidari jarraituta, Carabriñas parajean gaindi ibiliko gara, Harora iristeko asmoz.
Abiapuntua Briñas (Errioxa)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea aldatu

Piedrarredonda harrizko gotorleku baten moduan gailentzen da Carabriñasko ordoki zabalean. Mahastiek inguratua da harritzarra, eta Toloño mendilerroari begira dago. Erpin geodesiko xume bat ikusiko dugu tontortxoan, baita labar dolare bat gainaldeko harri zapalean ere. Ingurua bisitatu duten aditu guztiak, ordea, ez omen dira iritzi berekoak, bestelako interpretazioa eman baitiote harri handiak gordetzen dituen forma eta zulo orori. Horren haritik, Piedrarredondako muino sonatua Briñasko zubiaren ondoko Gazteluarekin eta Toloño tontorrarekin lotu nahi izan da, hirurak lerro zuzeneko ordena perfektuan daudelakoan. Harritzarrean santutegia zeltiberiarra existitu zela esaten duenik ere bada. Argudioen artean, haitzaren ertzean ikus daitekeen lau metroko altuera duen gizaki baten irudia. Baita harriaren petroglifoak eta animaliak sakrifikatzeko lekua ere, besteak beste.

Briñas (Errioxa, Espainia) herrira heldutakoan, pilotalekuaren parean ikusiko dugun lekuan utziko dugu autoa, herrigunean sartu gabe. Santutxu txiki bat ikusiko dugu bertan. Eliza altxatzen deneko plazarantz abiatuko gara, astiro-astiro. Ramon Arambarri enparantzara helduta, ordea, ezkerraldera jo eta Ebro ibaira jaitsiko gara. Eskuinetik segituko dugu, Ebro ibaiko ur lasaiak ondoan ditugula. GR 99 Ebro zidorra eta Done Jakue bidea lagun, errepide estuan aurrera egingo dugu. Ertza janzten duten makalak gogaide, zazpi begi dituen zubira helduko gara.

Ardoaren ibilbidea aldatu

Ibaia zeharkatu eta ezkerrera egingo dugu. Gaztelu izeneko muinoaren oinaldetik jarraituko dugu, goxo-goxo, Carabriñas parajea helmuga duen bide-seinaleari jaramon eginez. Gazteluko eskuineko ezponda amaituta, eskuinera hartuko dugu bidebanatzean. Hala, aurrera egingo dugu Ardoaren Ibilbideko pintura arrastoek agintzen dutenez. Laster, baina, harrizko blokeez osatutako talaia deigarri bat ikusiko dugu ordokiaren erdi-erdian, gotorleku baten antzera altxaturik: Piedrarredondako talaia ezaguna da. Hara bideratuko ditugu gure pausoak, tontorrera igotzeko asmoa dugu eta.

Ezkerrera eta behera egiten duen bideari muzin egin eta harrizko tontorra aurrez aurre dugula, GR 99 zidorra adierazten duten bi zutoin ikusiko ditugu bidebanatze batean. Ezkerreko bidea hautatuko dugu han, eta Carabriñas bideari oratzen jarraituko dugu. Toloño mendilerroak eskaintzen duen paisaiaz bapo-bapo gozatzeko aukera izango dugu ibilian aritzen garen bitartean. Bi minutu nahikoak izango dira harrizko muino deigarrira doan bidexka ikus dezakegun. Hasieran, mahastien artean ibiliko gara; gero, harria inguratu, eta harrizko mailak zapalduta gainaldean izango gara.

Tontorretik jaitsi eta Carabriñas bidean aurrera ekingo dugu. Eraikin handi baten ondora iritsiko gara minutu gutxiren buruan. Torrentejoko Andra Mariaren baseliza interesgarria ibaiaz beste aldean ikusiko dugu, Bastidako ondare lurretan. Hegoaldera egiteko abagunea da orain, baita Toloñoko mendiguneari bizkarra emateko ere. Iturri monumental bat atzean utzita, Haro eta Bastida lotzen dituen errepidera irtengo gara. Eskuinetik jarraituko dugu pitin bat, 50 metro baino ez. Gero, ezkerrera hartu, mahastia inguratu, eta Harorako errepidera irtengo gara berriz. N-124 errepide nagusiaren eta trenbidearen azpitik igarota, Tiron ibaiko zubira helduko gara. Kalean gora joko dugu han, eta Haroko plazara helduko gara. Piper beteak eta bestelako mokadu ederrak dastatzeko hamaika leku deskubrituko ditugu Haroko alde zaharrean. Baita arkitektura eta historia interesgarria ere!

Harotik barrena ibili ondoren, trenbidearen ondoko aparkaleku zabalera jaitsiko gara berriz. Tunel txikia zeharkatu, eta Bizkaiko Hiribidean gora egingo dugu. Roda upeltegia atzean utzi eta berehala, hots, N-124 errepide gainetik igaro bezain laster, ezkerretik segitu eta hari elektrikoaren azpitik igaroko gara. Briñasko zubira iristen lagunduko digu bideak. Zubira iritsi aurretik aukera dugu Gazteluko talaiara igotzeko. Behin zubian, joaneko bidearekin bat egingo dugu.

Erreferentziak aldatu

  1. Berriatik hartua