Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pista ur-jauzirantz
'[1]
Pista ur-jauzirantz | |
---|---|
Herrialdea | Zuberoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Logibar, Ardakotxiko ur-jauzia, Holtzarteko harroila, Holtzarteko zaldaina, Pista ur-jauzia, Amubiko zubia, Uztarbea, Larraine |
Distantzia | 21,5 km. 5 ordu eta 25 mn. |
Ingurunea | Larrazkenean sartu berritan, ur-jauziez gozatzeko garaia da. Zuberoakoen artean, Pista izenekoari xarma berezia dario. |
Abiapuntua | Logibar (Larraine) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuEz da harritzekoa, Pista ur-jauziaren azpian orduak eta orduak patxadaz ematea bezalako sentsaziorik ez dago eta. Mendizaleentzat sari galanta da, bertaratzeko desnibel majoari aurre egin behar baitzaio. Orotara, bi orduko zeharkaldia egin behar da haren ondora iristeko.
Holzarteko zaldaina
aldatuLogibar aterpetxean (Larraine, Zuberoa) emango diogu hasiera Pista ur-jauziraino lagunduko digun ibilbideari. Larraine aldera metro batzuk eginda, zubia gurutzatu, eta GDF-SUEZ enpresa franko-belgikarraren zentralera iritsiko gara. Santa Grazi aldera doan GR 10 ibilbide luzeko zidorra bazter eginda, eskuinera egin, eta errekaren paraleloan doan zidorrari oratuko diogu. Haltzak, pagoak, lizarrak eta hurritzak gogaide, Ardakotxiko errekastoak sorrarazi ohi duen ur-jauzira iritsiko gara. Hamabost metroko jauzi bikaina egiten du errekastoak.
Zidorrak zehar-zehar bideratzen bagaitu ere, arbelezko bidexka labainkorrak gora egiten lagunduko digu. Propio jarritako heldulekuak, eskailerak eta beste elementu batzuk ikusiko ditugu bidean, ibiltarien segurtasuna bermatzearen kariaz. Izan ere, turistak saldoka iristen dira Zuberoako bazterrotako edertasun paregabeak erakarrita. Oinezkoen joan-etorri etengabea izaten dela eta, tentu handiz ibiliko gara leku horretan.
Basoak iraztor alorrari tartea utziko dio, eta, lehen malda amaituta, pagadian barrena paseo goxoa egingo dugu. Basoaren babesetik atera bezain laster, Holzarte eta Oladubi arroilak bistaratuko ditugu. Bost minutu nahikoak dira Holzarte arroilaren gaineko zaldain berrira iristeko. Orain urte batzuk Xhintya deituriko haizete bortitzak eragindako triskantza izan zela eta, zubiaren egitura osoa berritua ikusiko dugu.
Ur-jauzi dotorea
aldatuZaldaina zeharkatu eta ezkerrera eginda, goratasuna hartzeari ekingo diogu berriz ere. Bidexkak sigi-saga egingo du pagadian barrena, eta igoera majoa egitera behartuko gaitu. Basabidera irtetean, eskuinera doan bideari men eginda, Pista-Amubi aldera joko dugu. Basoko lehengaiei irteera emateko xedez irekitako basabideaz hainbat minutuz gozatuta, trabesez eraikitako zubi batera iritsiko gara. Pista errekastoaren gainean gaude jada. Errekastoan gora egitearen arriskuez ohartaraziko digu seinale batek: urak bat-batean handitzen ahal dira eguraldi ederra izanagatik ere!
Zubia igaro eta 25 metrora, basabidetik irten eta maldan gora abiatuko gara. Lehen metroak labainkorrak izan ohi dira, batik bat lurzorua bustia dagoenean. Igotzen hasi eta berehala, langa bat ikusiko dugu. Hesiaz bestaldean lehen ur-jauziaz gozatzeko aukera izango dugu. Bide nagusiak, ordea, langa zeharkatu gabe gora egin dezagun gonbita egingo digu. Hala, esfortzu txikia egin ostean, Amubiko zubitik datorren basabidera irtengo gara. Bidea zeharkatuko dugu han, izeien eta pagoen paradisuan murgilduko garela. Beste langa bat igaroko dugu laster. Sigi-saga jarraituko dugu orduan, maldari metroak eta metroak urratuz. Pagadi xumea atzean utzita, iratze alor zabala zeharkatuko dugu. Noranzkoa aldatu gabe, Pista ur-jauzi dotorea agertuko zaigu bat-batean. Buztan zuria da, eta harri gorrixkaren gainetik amultsuki irristatzen da. Xenden bidebanatzean, ganaduak irekitako xendari jarraitu eta Bortukariak mendizale elkartearen Pistapeko aterpetxera helduko gara. Etxolatik ur-jauzirainoko bidea asmatzen erraza da.
Uztarbetik Logibarrera
aldatuPista ur-jauziaren ikuskizunez bapo aseta, Larrainera bueltatuko gara. Igoeran egindako bide beretik hasiko dugu jaitsiera. Lehen basabidera iristean, ezkerretik segitu eta Amubi aldera joko dugu. Ardane erreka gainetik igaroko gara aurretik. Gero, Holzartetik datorren basabidera iritsi eta ezkerreko bide zabala hartuta, Amubiko zubira helduko gara. Erreka igaroko dugu han, eta, Amubiko harrizko katedralen azpitik igarota, Amubiko ur-jauzi isila entzuteko aukera izango dugu. Bide ondoan jariatzen du emaria, eta, eskuarki, zaratarik atera gabe zeharkatzen du magala, koloreez osaturiko mosaiko ederra sorraraziz.
Uztarbea izeneko etxaltera helduta, Jauregiberriko lepotik gora doan bidexka jarraitu genezake. Beste aukera bat, erosoena akaso, pistan barrena segitzea baino ez da. Hala, Oronitzeko ibarra gurutzatuta, Ixtila kanpinera iritsiko gara. Larraine herrian barneratu gabe, eskuinera jo, eta, asfaltoa lagun, Logibar aterpetxera iritsiko gara.