Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pitillasko aintzira
Bertako urak asko erabiltzen ziren, bai lurrak ureztatzeko, baita animaliei edaten emateko ere. Erregearen ehiza eremu ere izan zen. [1]
Pitillasko aintzira | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Pitillasko aintzira |
Distantzia | 11 km. 2 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Bertako urak asko erabiltzen ziren, bai lurrak ureztatzeko, baita animaliei edaten emateko ere. Erregearen ehiza eremu ere izan zen. |
Abiapuntua | Pitillasko aintzirako interpretazio zentroa |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIngurune honen lehen erreferentziak Nafarroako Erresumaren garaietatik jaso ditugu. Salbasango urmael izenez zen ezaguna. Bertako urek erabilera handia zuten, lurrak ureztatzeko eta abereei emateko. Gainera, erregearen ehiza eremu gisa ere erabiltzen zen. Nafarroa Garaiko erdialdean dagoen erreserba natural hau, hegaztien babesgune berezia eta nazioarteko hezegune garrantzitsua da. Bertan babes hartzen dute ehunka hegazti espeziek, eta Europatik hegoaldera datozen hegazti askok negua bertan igarotzen dute. Ibilaldi honetan aintzirako bazterrak eta biztanleak ezagutzeaz gain, Sabasango muinoan dagoen San Domingo ermita bisitatuko dugu.
Aparkalekuaren gainean dagoen interpretazio zentrora igoko gara, eta bertan dagoen behatokitik, aintziraren ikuspegi osoaz eta ederraz gozatuko dugu lehen aldiz. Hiru ibilbide balizaturik daude, baina guk itzuli osoa emango diogu aintzirari. Gertu dagoen bigarren behatokira joateko xenda erosoa hartuko dugu, eta berehala helduko gara hara. Barrura sartu, eta, garaiaren arabera, hegazti desberdinak behatu ahal izango ditugu (prismatikoak eraman). Behatokiari bizkarra eman eta, alanbrezko hesia askatuta dagoen lekutik, erreserbaren eremuan sartuko gara tarte batez. Ihien ondotik marrazten den xendatik pista zabalera helduko gara. Hezegune hau inguratzean, ohikoak diren lezka arrunta eta ihia nagusitzen dira. Gainera, inguruko lurretan gatzaren ehunekoa handia denez, baldintza horietara moldatutako landareak aurkituko ditugu.
Urmael endorreikoaren paraleloan kilometro bat egin eta gero, ezkerretik jaitsiko gara, alanbrezko hesira gerturatuz. Ur asko dagoenean, erraz ikusi ahal izango ditugu hegazti migratzaile desberdinak. Zereal lurrekin muga egiten duten bideetatik aurrera egin, eta aintziraren beste aldera ailegatzean, aintziratik urrundu, eta Sabasango muinoaren gainean dagoen San Domingo ermitarantz joko dugu.
Ibilaldi honetan izango dugun igoera bakarrari ekingo diogu orduan, ermitaren ondora igotzeko. Leku horretan eta inguruko lurretan, garai desberdinetako arrastoak aurkitu dira. Muinoaren magalean pinuak landatzean agertu ziren lehenak, Neolito garaiko esku-errotak eta ontzi batzuk. 1995ean, Jesus Mari Esparzak, Brontze Aroko gela baten eta zeramikazko aztarnak aurkitu zituen. Gerora miliario bat, erromatarrak ere bertan egon izanaren lekuko. Gaur egun, ermitaz gain, uharka karratu bat ikus dezakegu.
Etorritako bidetik atzera egingo dugu, eta pista zabalean zehar berehala iritsiko gara Corral de la Conejerara. Eskortaren paretik jaisten den pista hartu, eta aintziraren ondoraino jaitsiko gara. Eremuaren ertzetik marrazten den xendatik aurrera egin, eta berehala helduko gara informazio panel baten ondora.
Bidexkak urmaelaren ertzetik eramango gaitu, eta berehala ohartuko gara leku hori dela hegaztiak behatzeko lekurik aproposena. Antzarak, basahateak, kopeta zuri arruntak, ahate txistulariak, zingira-mirotza, ahate mokozabala, lertxun hauskara eta beste hamaika hegazti ikusteko geldiune garrantzitsua da aipatutakoa. Esklusaren ondotik pasatu eta dikea zeharkatu ostean, abiapuntura iritsiko gara.