Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Plazaolako tren zaharraren arrastoan
Irurtzun herria inguratzen duen natura eta paisaiaren parte dira Erga mendia, Trinitateko baseliza, Axitarteko harratea, Plazaolako tren zaharra eta Saien behatokia, besteak beste. [1]
Plazaolako tren zaharraren arrastoan | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Zaila |
Lekuak | Irurtzun |
Distantzia | 15,5 km. 4 ordu eta 30 mn. |
Abiapuntua | Irurtzun |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuArakil, Gulia eta Imotzeko haranen artean altxatzen da Erga mendia, eta haren magalean daude barreiaturik Aizkorbe, Irurtzun, Aginaga, Gulia, Latasa eta Eraso herriak. Ipar-ekialdeko isurialdeko basoetan pagoa da nagusi; hegoaldekoan, berriz, landare gutxiago dago, eta karezko haitzak dira nagusi. Erga mendiaren tontorra talaia paregabea da herri horiek inguratzen dituzten lursail guztiak behatzeko.
Plazaolako tren zaharraren geltokia zegoen lekuan hasi dugu ibilbidea. Ur biltegiraino igotzen den pista zabaletik gorantz abiatu gara. Burdinazko langa igaro, eta berehala topo egin dugun bidegurutzean Saien behatokira doan bidea utzi (SL-NA 138), eta Trinitatea jartzen duen bide zabaletik aurrera egin dugu. Aurrerago egurrezko bide seinale zaharrak ikusi ditugu, eta hor ere bitan banatzen da bidea. Seinale zurigorriei jarraituko diegu (GR 21), Ignazio Bideari dagozkionak, hain zuzen ere, 1512ko Nafarroako konkista garaian, Ignazio Loiolakoa Iruñeko batailan zauritu, eta jaiotetxera eramateko egin zuten ibilbidearen zati bat egingo dugu.
Aldapa gogortzen hasi da, eta laster heldu gara Aizkorbe herritik datorren pista zabalarekin bat egiten den lekura. Tarteka basoan sartzen da pista zabal bat, eta piko horrek erraz lagundu digu gora egiten; hala ere, esan behar da orain urte gutxi zabaldu zuten pista horrek ez duela zentzurik, lehengo xenda ederra erabat desitxuratu egin baitu. Pista amaitu, eta zidor zaharrak sigi-sagan ermitaren ondora eraman gaitu. Alanbrezko hesian dagoen ataka gainditu, eta eskuin alderantz jo dugu Trinitateko baselizaren bila. Burdinazko atetik pasatu, eta baselizaren eskaileretan eseri gara atseden hartzeko asmoz. Atea itxita dago, eta ezin izan dugu bistatu, baina horren ondoan dagoen aterpe eder eta txukunean sartu, eta hamaiketakoa egitea erabaki dugu. Tenplu horri zor dioten debozioa oso aspalditik dator. Antzina, gaur egun Aginagako parrokian dagoen Hirutasun Santuaren irudia ermita horretara igotzeko ohitura zegoen. Zehazki, Hirutasun Santuaren igandean idi gurdi batean eramaten zuten. 40ko hamarkadan irudiaren kopia bat egin, eta Ergan betiko utzi zuten. Urte askotan baseliza abandonatuta egon da, 1971n bizilagunek eraikinaren zaharberritze lanen ardura hartu zuten arte.
Etorritako bidetik atzera egin dugu, lehen gainditu dugun ataka arte, baina beherantz egin beharrean aurrera jarraitu dugu, Erga tontorraren bila. Pago artean zabaltzen den bide nabarmenetik azkar igo gara gailurrera, eta, hor daued, karlistaldiko lubaki batzuen arrastoaz gain, ohiko erpin geodesikoa eta gutunontzi bikain bat. Ikuspegi ederra dago tontor zabal eta ordoki belartsu horretatik: Axitarte, Arakil eta Sakana haranak, baita Atez, Imotz, Basaburua eta Ultzama ere.
Saien behatokia
aldatuGozatu ostean, atakara itzuli gara, eta igotako bide beretik beherantz egin dugu, gorakoan ikusi dugun egurrezko hesola zaharraren bila. Toki horretan, Irurtzunera doan bidea utzi, eta eskuinetik gorantz egin dugu Saien behatokiaren bila. Berehala egin dugu bat bide seinale zuri eta berdeekin (SL NA 138), orain urte gutxi berritu baitira. Haitz artean zabaltzen den bidetik goialdera erraz heldu gara, eta egurrezko hesola batek hainbat norabide erakutsi dizkigu: «Orazuloko gunea, 0,9 km» eta «Saien behatokia, 0,6 km». Saien behatokia aukeratu dugu, eta kilometro erdi pasatu eta gero primeran eraikitako harrizko behatokira iritsi gara. Handik, primeran ikus daitezke Axitarteko haitzen inguruan dabiltzan saien hegaldiak.
Bidea hor amaitu da, eta berriro lehengo bidegurutzera itzuli behar izan dugu Orazuloko gunera doan basoan murgilduz. Pistan barna errepide zaharrera jaitsi gara, Plazaolako tren zaharraren bidera. Asfaltozko bidetik lehen tunela igaro dugu, baina bigarrenera iristean egoera txarrean dagoenez, eskuinetik jo dugu marka zuri eta berdeak segituz. Igoera txiki bat eta gero, berriro jaitsi gara bide zabalera eta berehala iritsi gara abiapuntura, Plazaolako trenaren geltokia zegoen lekura.
Plazaolako trena Lasartetik Leitzaran bailararen barrena Iruñeraino iristen zen, eta 86 kilometroko ibilbidean 13 geltoki zituen. 1914an jaio zen, baina 50eko hamarkadan, autoaren garapenarekin krisian sartu, eta bertan behera utzi behar izan zuten ordura arte egiten zuten ibilbidea, 1959an. Haren arrastoa, baina, ez da desagertu, eta balio historiko eta kultural handiko bidea da.