Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Puttarriko Dama
Artzainen kulturan esan ohi da Damak herriak eta soroak kazkabarrez suntsitzen dituela uztak, baita sarraskiak eragin abereen artean ere. [1]
Puttarriko Dama | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Puttarri, Lizarrusti, Iraio, Irupagoeta, Kalelantegi |
Distantzia | 12 km. 3 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Artzainen kulturan esan ohi da Damak herriak eta soroak kazkabarrez suntsitzen dituela uztak, baita sarraskiak eragin abereen artean ere. |
Abiapuntua | Lizarrusti |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuElezaharrek diotenez, Puttarri mendia euskal mitologiaren pertsonaia ezagunenetako baten bizilekua da, Puttarriko Damarena hain zuzen ere. Aralarko hego-mendebaldean kokaturik, gailurretik gertu dagoen haitzulo batean, Dama lirain bat bizi omen da duela urte asko, edertasun berezi eta adimen handikoa, baina, halaber, deabruaren botere eta naturaz gaindiko ahalmenak dituenak. Mari emakumezkoa denez, sarritan andere dotore baten moduan jantzita agertzen da. Mendi honetako kareharrizko harkaitzek sortzen dituzten formengatik eta gure irudimenak lagunduta, euskal mitologian oso ezagunak diren izaki magiko horien bizilekua irudika dezakegu.
Lehen zatia, Nafarroa eta Gipuzkoako mugan zehar burutuko dugu, eta bigarrena, berriz, Nafarroako lur eremuan murgilduko gara abiapuntura itzuli aurretik. Lizarrustiko mendatean ibilgailua utzi, eta, hasieran, GR 12 eta GR 121aren bide balizatuaren seinale zuri eta gorriei jarraituko diegu. Aterpearen atzeko aldetik atera, eta basoan murgilduko gara; Aranzadiren plubiometroaren ondotik pasatu, eta laster altuera hartzen hasiko gara. Alleku mendiaren magalean barreiatzen den pagadi bikainean marrazten den xendatik Iraioko gainera igoko gara, artzain eta ikazkinek antzina erabili ohi zuten bide zaharretik.
Toki horretatik, ur banalerroaren eta bi lurraldeen mugen paraleloan zabaltzen den bide nabarmenetik gorantz jarraituko dugu etenik gabeko aldapan zehar. Hirupagoetara iristean, Errenagara doan bide balizatua utzi egingo dugu, eta hegoalderantz joko dugu, maldan behera Kalelantegiko lepora jaitsiz. Aurrera segitu, eta haitz batean dagoen zulo batetik beste aldera pasatuko gara, tontorrera igotzeko maldari ekin aurretik. Orbelean marraztuta dagoen bidetik azken ahalegina egingo dugu Puttarriko gailurrera iristeko, eta bertan suziri itxura duen buzoia aurkituko dugu. Sakanako, Urbasako eta Andiamendiko ikuspegi paregabea gozatzeko aukera izango dugu. Haitzuloak mendia alderik alde zeharkatzen du, eta bisitatu nahi badugu IMranz joko dugu, igotzeko erabili dugun azken tximiniatik paretari itsatsita. Ez dago tontorretik urruti, eta sarrera makurtutik igaro eta gero, bobeda handi bati ematen dio bide. Beste hogei bat metro aurrerago, urez betetako putzua ikusi ahal izango dugu. Artzainen kulturan esan ohi da Damak herriak eta soroak kazkabarrez jipoitzen dituela, uztak suntsitu arte, baita sarraskia eragin abereen artean ere, izurri misteriotsuak igorriz. Gizakiak eta abereak ura behar duenean mendiko iturriak ere agortzen ditu, eta gau ilunetan, gailurren artean hegan doala ikusten da, halo urdin eta gorrixka batean bilduta.
Elezaharrak gogora ekarri eta gero, abiapuntura itzultzeko, iparralderantz, etorritako bidetik atzera egingo dugu. Tontorrera igotzeko erabili dugun azken maldatik jaitsi, eta ezkerraldetik ateratzen den bidea bilatuko dugu. Hasieran ez da oso nabarmena, baina, berehala, Kalelantegi lepotik datorren pista zabalarekin egingo dugu topo. Pagadian zehar erraz galduko dugu altuera, eta konturatu orduko, errepidera aterako gara. Lizarrustiko mendatera itzultzeko, errepidean zehar seiehun bat metro bete, eta abiapuntuan izango gara.