Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Recuenco, udazkeneko mendia

Abenduaren azken egunera arte irekita dago Sierrako lepotik Lerongo atakara doan tarte malkartsua. Gune hori baliatuko dugu Recuencora igotzeko. [1]

Recuenco, udazkeneko mendia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Lalastra, Sierra lepoa, Recuenco, Barreron lepoa, Coronas, Lahoz
Distantzia 12 km. 3 ordu.
Ingurunea Abenduaren azken egunera arte irekita dago Sierrako lepotik Lerongo atakara doan tarte malkartsua. Gure hori baliatuko dugu Recuencora igotzeko.
Abiapuntua Lalastra
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Valderejo parke naturala Arabako mendebaldeko eskualdean dago, Burgosko muga-mugan. Parke naturala izendatua izan zen orain dela mende laurden, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan txikiena delarik ere, ekosistema eta paisaia ugariko parajea dugu. Ekitaldi xume batez ospatu zituzten bisitariek zilarrezko ezteiak. Jakina, Valderejon natura oparoa dela eta, kandelei putz egiteko urteak beste arrazoi bazeuden.

Esan gabe doa fauna aberatsa bizi dela mendebaldeko basoetan eta zeruan, besteak beste sai arrea nagusi dela. Euskal Herri mailan, harrapakari haratusteljaleen koloniarik handiena bertan dago, etxetik urrun ez. Hori dela eta, Valderejo-Sobron ingurua kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zuten 2016an, baita hegaztientzako babes bereziko eremu ere (HBBE). Parkearen barruko arautegiak hala eskaturik, natur parkeko hainbat gandor eta ibilbide itxi zituzten, betiere hegaztiak babeste aldera. Besteak beste, Recuenco tontorrera doan gailurreria malkartsu eta karstikoa. Huraxe itxita izaten urtarriletik San Lorentzoko erromeria eguna pasatu arte ere. Abuztuaren 15ean, beraz, ateak alderik alde irekitzen dira ibiltari ororen gozamenerako. Saiak handituta daudenez, autonomiaz higitzen dira Valderejoko zeruan gaindi.

Abendura arte, hortaz, Sierra izeneko lepotik Lerongo atakara doan tarterik malkartsuenaz gozatzeko aukera izaten da. Paraje huraxe baliatuko dugu sai arreek bizilekutzat hartutako hormatzarrak, kobazulo xumeak eta harrizko orratz zorroztuak bertatik bertara ezagutzeko.

Lalastra herrian (Araba) hasiko gara ibilian. Aparkaleku egoki bat ikusiko dugu herrian barneratu aurretik. Autoa bertan lagata, iparralderako urratsak egingo ditugu, GR 282 ibilbidearen arrastoak bidaide. Alto el Valle izeneko gainaldean, beste aparkaleku bat ikusiko dugu, eta, haren ondoan, antzina ibarra justiziatzen zuen XVI. mendeko gurutze historikoa. Errepidea laga, eta ezkerrera joko dugu hantxe. Barrera zeharkatuta, basabide nagusiari men egingo diogu, desbideratzerik hartu gabe. Ler gorriek protagonismoa hartzen dutelarik ere, erkametzek hor jarraitzen dute, tinko-tinko, berariazko espazioa apurka-apurka aldarrikatzen dutela. Maldan gora, sigi-saga, Sierrako lepora iritsiko gara. Anderejoko gainak ez ezik, Burgosko Merindades eskualdeko gailurrak ere bistaratuko ditugu Boveda aldera begira dagoen talaia eder horretatik.

Ezkerrera egingo dugu lepoan, eta, Arrayuelas tontorrari bizkarra emanez, Recuencorako bideari oratuko gatzaizkio. Gandorretik bertatik joan ordez, beheraxeago doan xenda hobetsiko dugu. Horiek horrela, ipuru eta erkametz isolatuen artetik ibilita, landaretza oparoa (hurritzak, erkametzak, astigarrak, gorostiak..) hazten den eremuraino lagunduko digu parkeko bidexkak. Galeria horretatik irtendakoan, Bovedako Gurutzea ikusiko dugu gandorrari lotuta.

Gandorrari begia kendu gabe, Recuencoren lepora helduko gara. Zabalgune karstikoan gaindi jarraituko dugu, tipi-tapa. Ezkerraldeko harrizko zirkuaren gain-gainean, Gustal zutarria ikusiko dugu. Hurbilago, ordea, magalean gora egiten duen harresi txiki bat. Bada, hari segika, Recuenco tontorrera helduko gara.

Barreron ataka

aldatu

Lalastrara jaisteko, Coronas lepoaren ondotik doan bideari ekingo diogu. Horretarako, tontorreko postontzia eta erpin geodesikoa atzean utzita, parkeko zirkulu horiak jarraituko ditugu, harresitik aldendu gabe. Pistara irtetearekin batera, ezkerrera egin, eta zeharkaldi dotorea egingo dugu Anderejoko zabalgunean barna. Coronas tontor sonatua amildegiarekin bat egiterakoan ikusiko dugu. Barreron atakara helduko gara laster. Anderejoko bidea utzita, lepoko barrera zeharkatu, eta maldan behera egingo dugu Paules izeneko ibarra korrituta. Hezegune batzuk inguratuko ditugu behera goazen heinean. Bide nagusitik atera gabe, Lahozko presatik (hezegunea da) igaro, eta, haitzartetik atera berritan, Lahozera helduko gara. Errepidetik egingo ditugu Lalastraraino gelditzen zaizkigun metroak.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua