Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Saldropoko hezegunearen altxorrak

'[1]

Saldropoko hezegunearen altxorrak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Saldropo, Uguna ur-jauzia, Otzarreta pagadia, Gorbeia
Distantzia 6,6 km. 2 ordu.
Ingurunea Gorbeiako parke naturalean ibilbide politak egin daitezke, Otzarretako pagadia eta Uguna ur-jauzia bisitatuz, esaterako.
Abiapuntua Saldropoko aisia gunea (Zeanuri)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Gorbeiako parke naturalak hainbat altxor gordetzen ditu barruan. Horietariko batzuk parkearen hegoaldean aurki daitezke ibilaldi lasai eta erraz batean, etxeko gaztetxoekin batera. Naturako argazkizale franko erakartzen duten Otzarreta pagadia eta Uguna ur-jauzia dira ibilaldiaren helburu, Saldropoko hezegunearen inguruan. Saldropoko aisiarako gunean hasten da ibilaldia, Barazar mendatean (N-240 errepidearen 38. kilometroan), hostalaren ondoan hasten den zementuzko pistari segituz (3 kilometro).

Saldropoko hezegunea

aldatu

Gorbeia mendi tontorraren hegoaldeko ingurune honetan, ingurunea zingiratsua izan da betidanik, lurzorua horizontala eta iragazkaitza delako. Esfango familiako goroldioen ugaltzeak hezetasun hori iraunkor bihurtu zuen milaka urtetan. Airearen oxigenoagatik babestuta egoteak mendez mende metatutako landare hondakinak hartzitu, eta zohikaztegia eratzea ekarri zuen, eta zohikatz geruzaren lodiera hiru metro handitu zen. XX. mendearen lehen harmarkadetan, erregai fosil horren ustiaketan jardun zuten, gerra zibila hasi arte. 80ko hamarkadan ekin zioten berriz ustiaketari, lorezaintzarako lur gisa orduan, zohikatz erreserba osoa ia amaitu arte. Ondoren, eremurako suspertze plan bat egin da, hezegunea berreskuratzeko eta landareen eta animalien bizitzarako baldintzak jartzeko, hain zuzen. Bitxikeria gisa, hainbat landare haragijale hazi dira bertan.

Uguna ur-jauzia

aldatu

Saldropoko aparkalekutik mendebalderantz, Zeanurira doan PR-BI-4 bidezidorrari jarraikiz hasten da ibilaldia. Zortziehun metro egin ondoren, zementuzko pistak eskuin aldera bihurgunea egiten duenean, ezkerraldera bidexka bat hasten da, beherantz. Berehala, beste bihurgune batek ezkerretara egiten du lupetz artean. Hirurehun bat metrora, bidexkak eskuinera egiten du, eta, segidan, ezkerrera berriz. Orduan, ur-jauziaren soinua entzuten da. Bidexka utzi, eta eskuinerantz maldan behera jo behar da ur-jauziaren bila. Inguru zoragarri honetan, euri garaia da egokiena ura 35 metroko jauzian ikusteko; udan, berriz, ia erabat lehortu ohi da.

Bidexka utzi dugun lekura itzuli, eta horri jarraitu behar zaio, Uguna erreka ur-jauziaren gainetik zeharkatu arte. Mendebaldera jo behar da aldapan gora, Gorbeiarantz doan GR-12 Euskal Herriko xendarekin bat egin arte (isurialdeen banalerroa). Aldapan behera, iparralderantz jaitsi behar da Saldropoko Interpretazio Zentroraino. Han informazioa aurkituko dugu ekosistema horren garrantzia ulertu ahal izateko.

Otzarreta pagadia

aldatu

Karobi zahar baten ondotik, zingirari bira ematen dion PR-BI-4.1 bidea hasten da. Hego-mendebalderantz egiten du hasieran. Aurrerago, hiru basetxeren ondoan ipar aldera jotzen du, bidegurutze batekin topo egin arte. Eskuinera jo behar da, beste basetxe batekin topo egin arte. Gero, horren eskuinaldean dagoen langa kanadarra hartu, eta hesiaren ondoan jarraitu; hala, errekatxoa zeharkatu, eta, hego-mendebalderantz, pinu basoan sartu. Metro batzuetara, bidexendrak ezkerrera egiten du, ipar-mendebalderantz. Pinu gazteen artean galdu den itxura badu ere, eutsi norabideari; eskuinera egin aurrez aurreko magalean gora, eta beste bidexka batekin bat egin gaina egin arte. Itzalpeko hegal hezean behera eginez, Otzarreta pagadira heltzen da. Zubizabala errekasto bihurriaren alde batean eta bestean, enbor zabaleko ehun bat pago motz sakabanatzen dira, adarrak zerurantz luzatzen zaizkiela. Zuhaitz horiek ikatza ekoizteko erabili izan ziren mendeetan. Errekastoaren soinua belarrietan, lasaitasunez miresteko paisaia da; urte osoan oso aldakorra, gainera.

Saldropora itzultzeko, Barazarrera doan zementuzko pistan (iparraldera), hogei bat metrora ezkerraldeko zelaian sartu, eta mendebaldera joko dugu, aurretik aurkitutako basetxearekin bat egin arte. Mendebaldera zuzen jarraitu behar da, zingira ezker aldean dugula, baina kontu!, hezeguneetan ibili ohi diren laminek liluratu ez zaitzaten.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua