Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Santa Engraziako baseliza
Euskal Herrian dauden baselizen artean zaharrenetako bat da, eta haren bitxirik preziatuena 1914an bertan jarritako erloju bikain baten makineria da. [1]
Santa Engraziako baseliza | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Santa Engrazia baseliza, Aizarna |
Distantzia | 6,5 km. 2 ordu eta 10 mn. |
Ingurunea | Euskal Herrian dauden baselizen artean zaharrenetako bat da, eta haren bitxirik preziatuena 1914an bertan jarritako erloju bikain baten makineria da. |
Abiapuntua | Aizarna |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuZestoako udalerriko lurretan dago Santa Engrazia edo Santa Garazi martiriaren izena daraman baseliza; Aizarnako mendi tontor baten gainean, zehatzago. Euskal Herriko baselizarik zaharrenetako bat da, eta herritarren eta mendizaleen artean oso maitatua. Azpimarratu behar da baseliza egoera onean mantendu dela beti, bertako herritarrek denboran zehar egindako auzolanari esker. Azken berritze lanak 2017ko uztailean amaitu ziren. Bide balizatuari jarraituz (PR-Gi 40), itzuli zirkular bat egingo dugu; hasieran, mendi bideetatik, eta, gero, asfaltatutako bideetan barna.
Aizarnako herriko plazan emango diogu hasiera ibilaldiari. Andra Mariaren Zeruatze elizari bizkarra eman eta Santa Kurutz ermitaren ondotik pasatu ostean, errepidean kilometro erdi pasatxo beteko dugu, eta, hori utzi ondoren, ezkerretik zabaltzen den xenda bat hartuko dugu. Bidezidor horrek Egañazpi baserriraino eramango gaitu, eta, gero, bide seinaleek erakutsiko digute zer bide hartu. Pixkanaka, goraka joango gara, eta, maldan gora jarri orduko, basoan murgilduko gara. Zati horretan bidea leundu egiten da, eta erraz iritsiko gara Santa Engrazia baserriaren ondora.
Baserritik tontorrera igotzeko ahalegin txiki bat egin, eta erraz iritsiko gara baseliza dagoen muinora. Gotorleku baten itxura du kanpoaldetik. Hormetan dauden lau leiho eta sarrerako atea gotiko estiloko arku zorroztunak dira. Sarreran, ur bedeinkatuaren ontzi bat dago, eta, auzolanean altxatutako baseliza askok bezala, oso egitura xumea du. Kanpandorrea eta kanpaia bereziak dira oso.
Teoria ezberdinak
aldatuMurugarrenek baseliza horri buruzko aipamen bat egin zuen 1526an, baina baselizaren jatorria lehenagokoa da. Zestoan apaiz egon zen Hipolito Usabiagaren ustez, bertan erdi monje erdi soldadu ziren tenplarioak egon omen ziren, erromesei laguntzeko. Beste batzuen aburuz, berriz, ermita izan aurretik defentsarako gotorleku bat izan omen zen, talaia moduko bat, eta funtzio hori galdu zuenean ermita bihurtu omen zen. Erdiko aldarean, oinezko, zelai, ekaitz eta gaixoen zaindari santaren irudia dago. Ohikoa zen amek bertara eramatea hitz egiten hasteko zailtasunak zituzten umeak, eta santuari kandelak eskaintzea eta arrosarioa errezatzea. 1975ean egindako Kristoren mosaikoaz gain, Santa Agata, San Ignazio Loiolakoa, San Paulo eta Done Jakueren irudiak ikusiko ditugu. Baina ermitak duen bitxirik preziatuena 1914an bertan jarritako erloju bikain baten makineria da, beirate batek babesten duena. 2017an hamaika berritze eta hobetze lan egin dira baselizan, auzolanean: erlojua konpondu, traba egiten zuten zuhaitzak moztu, bidea egokitu, argindarraren kablea lurperatu, kanpandorrea konpondu, txoko berri bat egin erlojuarentzat, eta tximistorratz berri bat jarri. Lan bikaina!
Abiapuntura itzuli aurretik, baselizaren ingurutik dagoen ikuspegiaz gozatzeko aukera izango dugu: Hernio, Izarraitz, Pagoeta… hamaika paisaia, leku estrategikoan altxatutako eraikin eder horretatik. Baserrira jaitsiko gara berriro, etorritako bidetik, eta bide seinale zuri eta horiek markatutako norabidean berehala izango gara Karmengo Amaren ermita txikiaren ondoan. Herrira jaisten hasiko gara errepidetik, eta, Ipintza baserria gure eskuinean utzita, porlanezko pistatik Lorbideko gainera jaitsiko gara. Bidegurutze horretan, balizatutako bideak eskuinera egiten du, eta kilometro eskas bete beharko dugu herrigunera jaisteko.