Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Saroberrekako ertzetan
Aldura, Pertxel eta Igantzi mendien magaletan marrazten den ibilbide honetan, naturak zizelkatutako Saroberrekaren bazterrak bisitatuko ditugu. [1]
Saroberrekako ertzetan | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Idoia, Malbazar, Aldura, Idurieta, Sarobe, Kabiola, Pertxel, Igantzi, Saroberreka |
Distantzia | 12,5 km. 3 odu eta 30 mn. |
Ingurunea | Aldura, Pertxel eta Igantzi mendien magaletan marrazten den ibilbide honetan, naturak zizelkatutako Saroberrekaren bazterrak bisitatuko ditugu. |
Abiapuntua | Idoia (Errenteria) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIdoia jatetxearen ingurutik abiatu eta gero, Aldura, Pertxel eta Igantzi mendiak inguratuko ditugu, mendi hauen magaletan naturak zizelkatu duen Saroberrekaren ertzetako bioaniztasunaz gozatu ahal izateko. Ibilbide osoa PR Gi 1004ari dagozkion seinaleekin balizatu berria dago, eta ez dago galtzeko arriskurik. Bidearen zati batean, GR 121aren (Gipuzkoako itzulia) marra zuri-gorriak ere bidelagun izango ditugu.
Jatetxearen aparkalekuan ibilgailua utzi, eta honen ondotik ateratzen den pista zabalean igotzen hasiko gara, Malbazarreko ingurura heldu arte. Puntu horretan, Urdaburu aldera doan bidea utzi, eta gure ezkerretik ateratzen dena hartuko dugu. Berritutako lehen aterpe txikiaren ondotik pasatu, eskuin aldetik ikusiko ditugun saihesbideak laga, eta, Aldurara igotzeko bidea utzita, horren magalean marrazten den pista erosotik erraz egingo dugu aurrera. Bigarren aterpetxoaren ondotik pasatu, eta, bidea maldan behera jarri bezain fite, Pertxel mendiaren magaletik azkar galduko dugu altuera. Ezpalaurringo lepora ailegatzean, hirugarren aterpetxoa ikusiko dugu, atseden txiki bat hartzeko leku aproposa.
Bide seinaleek erakusten diguten norabidean jaisten jarraituko dugu, eta berehala helduko gara Idurietako lepora; azken aterpetxoa ikusiko dugun lekura, hain zuzen ere. Puntu horretan, pista zabala utzi, eta marka zuri eta horiek ezkerretik jaistera gonbidatuko gaituzte, Saroberrekarantz. Haran estu horretan, errekaren murmurioa izango da aurkituko dugun hots bakarra. Gainera, inguruan biodibertsitate handia du, xenda estuaren alboetara baso mistoa altxatzen baita. Zibilizaziotik ez hain urrun, ingurune lasai, basati eta erakargarria. Bidezidorra errekaren paraleloan doa, eta hirutan gurutzatu beharko dugu. Orbelaren gainean beteko dugu ibilbidearen zati hau, eta, konturatu orduko, Sarobe baserrien ondoan izango gara, zibilizazioarekin topo eginez. Ihesaldi laburra!
Saroberreka egurrezko zubi batetik igaro, eta baserrietaraino heltzen den autobidera aterako gara. Ardiak, zaldiak, baratzea eta baserri multzoa atzean utzita, kilometro pasatxo bete beharko dugu handik, errekaren bestaldean ikusiko dugun Kabiola baserriraino. Leku horretan, errepidetxoa utzi, eta, erreka gainditzen duen zubia igaro ostean, baserriaren ondotik pasatu, eta belardian zehar igotzen hasiko gara. Pixkanaka, ikuspegia zabaltzen joango da, Igantziko lepora iritsi arte. Han, kortarri bat ikusi ahal izango dugu. Harri hauek kortabasoak eta saroiak zehazteko erabiltzen ziren. Kortabasoak antzinako lur banaketak dira, abereentzako larre partikularrak. Haustarri eta Artamugarri izenez ere ezagunak dira.
Hemendik, zuzenean Pertxel eta Aldurako tontorretara igo daiteke, baina, PRaren seinaleei jarraituz, bi mendi hauen beste magaletan murgilduko gara. Pagadian sartzen den lurrezko pista zabaletik eroso egingo dugu aurrera. Karobi baten ondotik pasatu, eta Aldura izeneko baserriaren ondora ailegatuko gara, eta, aurrerago segituz, izen bereko lepora. Inguru hauetan dugun ikuspegia oso zabala da, eta gertuko ikusiko dugu Aiako Harriko mendigunea. Balizajeari segituz, erraz itzuliko gara abiapuntura; Idoia jatetxera, hain zuzen ere.