Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Sonsierrako ibilbide arkeologikoa

'[1]

Sonsierrako ibilbide arkeologikoa
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Errioxa(espainia)
Zailtasuna Erraza
Lekuak San Vicente de la Sonsierra, San Andres nekropolia, Cascaja trikuharria, Peciña, Gobateko haitzuloak, Ribas, San martin nekropolia
Distantzia 15 km. 5 ordu.
Ingurunea Abiapuntua San Vicenten jarri dugu, ibilbide interesgarri bat osatzeko asmoz. Dolareak, nekropoliak, haitzuloak eta eraikin bitxiak bisitatuko ditugu Sonsierrako eskualdean.
Abiapuntua San Vicente de la Sonsierra
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Errioxaz jardutean, Toloño mendilerroaren eta Ebro ibaiaren artean zabaltzen den Sonsierrako eskualdea zokoratzeko joera dago. Duen erliebe ondulatua, haatik, ez da erraz ahazten: Bastidatik Guardiarako errepide nagusiak alderik alde zeharkatzen du, San Vicenteko hiribilduak turisten jakin-mina suspertzen duela. Sonsierrako eskualdea Errioxako Autonomia Erkidegoari dagokio eta, bere baitan San Vicenteko udalerriaz gainera, Abalos eta Briñaskoak daude. Ribas eta Peciña herri xumeak ahantzi gabe. Herri denak Ebro ibaiaren altzoan daude. Herri denak Arabako lurrek mugatuak.

Arkeologiari begiratuta, zinez eskualde aberatsa da. Paisaian barreiaturiko elementu txikiekin —zubiak, etxolak, dolareak, iturriak eta nekropoliak— katalogo mamitsu bat aise elikatuko genuke. Horren haritik, Errioxako Kutxako Fundazioaren ekimenez eskualdeko ondasunak ezagutarazteko egitasmoa abian jarri zuten orain dela urte batzuk. Carlos Fuentes Ochoa adituak hartu zuen ondarearen berri emateko ardura, eta, lana ganoraz egin ostean, mendi gida osatu bati itxura eman zion.

Hemen deskribatuko dugun ibilbideak ez die eskualdeko PR zidorrei zehatz-mehatz jarraitzen. Berezko diseinua du, nahiz eta hainbatetan kolore horiko arrastoei segituko diegun.

Ibilbide arkeologikoa

aldatu

San Vicente de la Sonsierran sartu gabe, Ribas herrira doan errepidearen aurreko errotondan utziko dugu autoa. Antigua Usanza upategia dioen seinale ondoan, alegia. Errepide zaharra lagun, upategiaren aurretik igaroko gara. Gorantz abiatzen den Rueda de Toloño PR zidorra bazter eginda, ezkerretik umil-umil doan nekazari bideari jarraituko diogu. Aurreragoko bidebanatzean, eskuineko bide harritsua hartu eta Atxabal eta San Leon tontorretara begira jarriko gara. Hala, mahastiak lagun ditugula, bidea alderik alde zeharkatzen duen harkaiztegi batera iritsiko gara. Eskuinaldekoan dolare handi bat ikusiko dugu. Ezkerraldean, olibondoen gaineko haitz luzean, gainera, San Andresko nekropolia, dolarea eta ermitaren arrastoak. Hilobiz hilobi, beraz, paisaia ezohikoan gaindi arituko bagina bezala.

Pista nagusira jaitsiko gara multzo arkeologikoa bukatzean eta, hegoaldera joz, harresi baten ondoan jarriko gara. Abaloserako errepidera iritsitakoan, ezkerrera egin eta Hornillosko lursaila erabat inguratuta, Caloca ibarrean gora egingo dugu. Errekaren gaineko zubian izango gara laster batean. Zubia zeharkatu eta eskuineko pistari ekingo diogu. Peciñako errepidera iritsitakoan, ezkerretik jarraitu eta Piscinako Andre Mariaren baselizara iritsiko gara. Nekropoliaz gainera, Erdi Aroko herrixka baten eta hainbat gotorlekuren arrastoak ikusiko ditugu ermita erromanikoaren inguruan.

Gobateko multzoa

aldatu

Bisita amaituta, iparrera egingo dugu, Peciñarako bideari ekiteko xedez. Herrira iritsi aurretik, Cascaja trikuharria ikusiko dugu errekastoaz bestaldean; 1953an aurkitu zuten trikuharri hori. Segidan, herrirantz bideratuko ditugu gure pausoak. Elizaren ezkerraldetik igaroz, Ribasera doan bidea hartuko dugu. Erreferentzia, akaso, trafiko seinale zahar bat. Minutu batzuk zehar-zehar egin ostean, bihurgunera iritsiko gara. Eskuinera joko dugu han eta, bizkarrari ongi atxikita, goratasuna hartuko dugu. Betiere bide nagusia utzi gabe, mazelak korritzen hasiko gara.

Ribas herrira hurbiltzen ari garelarik, belarrez jantzitako bide bat ikusiko dugu ezkerraldetik. Handik joko dugu, Orzalesko San Bartolome baselizara jaisteko. Tenpluaren arrastoak talaia batean daudenez, haren ondora hurreratzea erraza egingo zaigu. Ermita aurretik igaro eta galsoroa inguratzen duen terrazatik segituta, Peciña eta Ribas lotzen dituen nekazari bidera irtengo gara. Zidor labur batek lagunduko digu Gobateko multzo arkeologikoraino. Aurkikuntza ederra benetan.

Bide nagusira irtengo gara berriz, eta Ribas herriraino jarraituko dugu. Eliza aurreko plaza zeharkatuta, ospe oneko Jose Mari erretegira iritsiko gara. Aurrez aurre dugun porlanezko bideari segituko diogu eta, berriz errepidera irtendakoan, eskuinetik joko dugu. Bigarren bihurgunean, ezkerretik doan Ribasko ibilbide arkeologikoarekin bat egingo dugu. Behiala garrantzi handia izan omen zuen Pangua etxearen ondotik igaroko gara berehala. Hegoalderako noranzkoan segituko dugu. Laster, ordea, 90 gradu eskuinera egingo du bideak. Mahastiaren ertzetik segitu dugu, bide nagusian. Une batez ur biltegi txiki bat ikusiko dugu pistaren ondoan, hots, San Martin inguruan. Pistatik irtengo gara orduan, eta gain-gainean altxatzen den muinora igoko gara. Besteak beste, San Martingo nekropolia ikusiko dugu (21 hilobi) hareharrizko bloke luzean.

Gero, bideak Panguako etxola bereziaren ondoraino lagunduko digu. Errepide gainetik ekin gabe, asfaltoaren albotik doan bidexkari jarraituta, aparkalekura iritsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua