Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Soporro, Pinodietako lepotik

Ainhoa herriaren gainean dagoen Soporro muinora joko dugu, Lapurdiko lanzadazabalaren bista ikusgarriaz gozatzeko, Larhungo magaletik hasi eta Atlantikoaren itsasertzeraino. [1]

Soporro, Pinodietako lepotik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Erraza
Lekuak Pinodietako lepoa, Arantzazuko ermita, Erebi, Soporro
Distantzia 9 km. 2 ordu eta 20 mn.
Ingurunea Ainhoa herriaren gainean dagoen Soporro muinora joko dugu, Lapurdiko landazabalaren bista ikusgarriaz gozatzeko, Larhungo magaletik hasi eta Atlantikoaren itsasertzeraino.
Abiapuntua Pinodietako lepoa (Ainhoa)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea aldatu

Pinodieta lepoa mendate txiki bat da, eta D-20 errepidean dago, Ezpeleta eta Ainhoa artean. Ainhoatik abiatu, eta Ezpeletarantz joz gero, desbideratu beharrean izango gara mendi lepoko bidegurutzera iristean: eskuineko bidetik segituko dugu, alde horretatik baitute zabaldua pista, mendi lepoko bidegurutzetik ehun metrora. Ezpeletatik etorriz gero, berriz, beste horrenbeste egingo dugu, baina ezkerrera joko dugu Pinodietako lepoan.

Pinodieta ingurumariko hegoaldetik doan pistatik joko dugu, eta larreetan barrena ibilko gara, Erebiko mendi bizkarra aurrez aurre dugula. Ibilbide zabal harritsu horretan ibiliko gara, Donejakue bideko zati gisa balizatuan ?Baztango bidea?, eta, hortik, lehenik, korta batera iritsiko gara, eta, aurrerago, bidea bitan banatuko zaigu, eta ezkerreko adarretik joko dugu. Ingurune horretatik, Xaretako landa eremuaren panoramika handia izango dugu: hegoaldeko hegala muino txikien gailur multzo batean dago bildua; Larhungo tontor garaia da gailena.

Pista nagusia desbideratu egingo da ezkerraldetik, baina, hura bazter utzi, eta bihurgune bateraino segituko dugu, eta, hor, kaperarantz seinalatzen digun noranzkotik joko dugu. Iturri baten aurretik pasatuko gara, eta bidebanatze bateraino iritsiko; hor, ezkerrera egingo dugu, garo sail batetik barrena eratua duten lurrezko bide batetik. Gora egin ahala, Ainhoako baserriak agertuko zaizkigu, eta bide handiago batekin bat egingo dugu, GR-10 balizatuan barrena; eskuineko aldetik sartuko gara. Hala, belardi batera iritsiko gara: kalbario eskultura bat dago hor, errealismo handikoa, eta dozena bat euskal hilarri. Hortik, azkenean, Arentze ermita ñimiñora iritsiko gara.

Multzo erlijioso horretara baino lehentxeago, bide bat utzi dugu ezkerraldean; Erebiraino zuzenean igotzen dena, hain zuzen. Beraz, atzera egingo dugu berriz horraino, GR-10a utzi, eta, mendiaren eskuineko magaletik doan bidetik jo beharrean, Erebi gailurreraino doan aldapa igotzeari ekingo diogu. Bestaldeko magaletik jaitsiko gara, Hiru Gurutzeko ?Trois Croix? lepoko pistatik behera, eta usategien lerroari jarraituko diogu, Soporroko gailurreraino; behin gailurrera iritsitakoan, ingurumariko paraje guztien panorama zoragarria izango dugu.

Atzera egingo dugu, berriro, Hiru Gurutzeko lepora, eta pista batetik joko dugu Erebiren eskuinaldetik, eta GR-10ean barrena ibiliko gara berriro. Balizen arrastoari jarraikiz ?GR-10ekoei zein beste hori batzuei?, hegalez hegal, bidegurutze bateraino iritsiko gara; han, baliza horien arrastoari segika jarraituko dugu. Horien arrastoari jarraikiz, esparru batzuk zeharkatuko ditugu horretarako dauden pasabide batzuetatik, eta korta bateraino iritsiko gara; hurrengo, haren ezkerraldera dagoen bide batetik joko dugu, eta Pinodietatik barrena doan pistarekin bat egingo dugu. Han, eskuineko aldetik egingo dugu, eta abiabururaino iritsiko gara.

Erreferentziak aldatu

  1. Berriatik hartua