Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Tipi-tapa, Bastidara

'[1]

Tipi-tapa, Bastidara
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Bastida, Buradon Gatzaga, Estrechura estugunea, Tabuerniga
Distantzia 8 km. 2 ordu.
Ingurunea Euskarari behar duen arnasa emango diogu arabarrok iganden. Autoa bazter eginda, Gatzaga Buradonen hasi eta Bastidarainoko tartea oinez egiteko proposamena bildu dugu lerrootara.
Abiapuntua Buradon Gatzaga
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Araba Euskaraz euskararen aldeko festa 1981ean egin zen lehen aldiz. Gasteizko Olarizuko zelaiguneari egokitu zitzaion euskaltzaleen lekukoari eustea. Izan ere, euskara loalditik atera beharra zegoen, eta makina bat jende lanean aritu zen helburu hori erdiesteko. Bastidako herriak zortzi urte geroago hartu zuen jaia antolatzeko ardura. Herriko ikastola xume-xumea zen —hamar urte bete zituen—, eta euskarari bultza egiteko premia, oso handia. Nonbait, esperientzia ausart hura nahikoa ez, eta beste bi ekitaldi antolatu zituzten bastidarrek: 2004an eta 2008an. Hortaz, euskaldunak dantzan jartzen eskarmentu handikoak dira Arabako Errioxako lagunak. Igandean laugarren aldiz euskaltzalez beteko da mahastien erreinua.

Auto pilaketak izaten direla-eta, zer hobe Bastidara oinez joatea baino? Buradon Gatzaga herrian jarriko dugu abiapuntua. Esfortzu txikia eginez, bi orduko bidaia polita osatuko dugu. Buradon hiribildurako errepidetxoa Harora iritsi gabe ikusiko dugu, Ebro ibaiaren estugunetik gertu. Errepideari segituta, erraz egingo zaigu Buradongo harresi ondora iristea. Autoa garbitegiaren ondoan lagako dugu.

Balizaturik ez dagoen bidetik hasiko gara ibilian, hots, Donejakue bidea eta Ebro Bidea (GR 99) bazter eginez. Garbitegiaren parean, Pilagar errekastoak irekitako ibarrari jaramon egiten hasiko gara. Otzan-otzan, presarik gabe. Intxaurrondoak, akaziak, astigarrak eta hurritzak gogaide, Calabrozako arroilaraino lagunduko digu nekazari bideak. Haizpitartean barrena urratsak egin aurretik, ordea, atseden hartzeko gonbitea egingo digu belardi eder batek. Ibilbidea haurrek lagunduta eginez gero, aukera ona dugu bertan landatuak diren espezieak ezagutzeko: hurritzak, lertxunak eta lizarrak, beste askoren artean.

Arroilan sartu bezain agudo, landaredia bestelakoa da: ekosistema mediterranearra nagusitzen da, eta usain belarrak zoko-moko guztietan daude: ipurua, ezkaia, izpilikua, erromeroa... Sigi-sagaka haitzartean, ur biltegitxo baten ondora iritsiko gara berehalakoan. Ibarra zabaltzen da orain, eta bidea dezente estutu. Ezkerrera joz eta xenda nagusiari jaramon eginez, zereal sail batzuk ikusiko ditugu. Lur landuak ezkerraldetik inguratuta, bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerrera hartu, eta Buradondik datorren pistara irtengo gara.

Tabuernigako etxea

aldatu

Eskuinetik jarraituko dugu, ekialdera eginez. Konglomeratuzko zutarri batzuen moldean altxaturik, Estrechura deritzan ate naturalera iritsiko gara. Ibarrean aurrera egingo dugu errekastoak denboraren poderioz irekitako igarobide horri esker. Egunotan basoko lanak egiten ari dira, eta, tamalez, basabideak xarma pixka bat galdu du. Hala ere, lanok ibarrean barrena segitzea utziko digute. Bide sarda batean, eskuinera egin eta, pinuak gogaide, Bastidako bazterrei begira jarriko gara berehala. Lepo batera heldu bezain pronto, San Cristobal tontorrera doan bidea eskuinetik abiatzen da lepoan. Aurrez aurre, Pikatxoak ederki altxatzen dira —Toloñoko magalean barreiatutako monolitoak— eta, beherago, Tabuernigako etxearen harri-hondarrak. Eskuin-ezker egin ordez, behera egingo dugu, Erdi Aroan Tabuernigako hiribildua osatzen zuen labore etxe bakartuaren arrastoei begia kendu gabe.

Etxe ondotik igaro eta noranzkoa aldatu gabe jarraituko dugu. Minutu batzuk lasa-lasai eman ostean, eskuinera hartuko dugu bidebanatzean. Errioxako ordokia aurrean dugula, San Gines parkeko bidearekin bat egingo dugu. Larrazuria arku azpitik igarota, Bastidan sartuko gara. Buradonera autobusez itzul daiteke; ordutegiak Jatorrena jatetxearen aurreko geltokian daude.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua