Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Trebiñuko hiru herri hustu
Santurde eta Sanmartinzar herrien artean hiru herri izan ziren aspaldi. Gaur egun, lekuko gisa, arkitektura ederreko hiru baseliza, besterik ez. Cerro mendi inguruan ibiliko gara, hiru tenpluok ezagutzeko xedez. [1]
Trebiñuko hiru herri hustu | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Billa Tobera (Villanueva), Santurde, Caricedo, Moskator, Sanmartinzar |
Distantzia | 16 km. 4 ordu eta 35 mn. |
Ingurunea | Santurde eta Sanmartizar herrien artean hiru herri izan ziren aspaldi. Egun, lekuko gisa, arkitektura ederreko hiru baseliza, besterik ez. Cerro mendi inguruan ibiliko gara, hiru tenpluok ezagutzeko. |
Abiapuntua | Billa Tobera (Villanueva Tobera) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuTrebiñuko herrialdera (Araba) joko dugu, beste behin, eskualdeko hainbat herri hustu eta paraje galdu ezagutarazteko. Billa Tobera herrian jarri dugu abiapuntua. Bertaratzeko modurik errazena, N-1 errepide nagusitik Guardia aldera (Arabako Errioxa) jarraitzea da. Gero, Zanbranara iritsi baino lehenago, Berantevilla aldera jo eta, Santurde igaro ondoren, Billa Toberara iritsiko gara.
Toberatik Caricedora
aldatuEliza ondoko plazatxoan hasiko gara, tenplua ezkerraldean utzita. Rojo errekara jaitsiko gara eta, zubitxo bati esker, ur emaria igaroko dugu. Pista nagusia alboratuta, hilerri atzetik gorantz doan zidorrari ekingo diogu. Herriko errotara doan kanal baten ondoan jarriko gara laster. Ubide horrek pistarekin bat egitean, eskuinera jo eta behera egingo dugu; holaxe, beste bidegurutze bateraino. Errepidera doana bazter utziko dugu han, eta Tobera herrirantz egingo ditugu urratsak. Herriko iturri paretik igarota, asfaltoari men egin ondoren, Santurdera iritsiko gara. Santurde bisitatzeko gonbita egingo digu arku polit batek. Plazaraino joan-etorria egingo dugu arkitekturari erreparatzeko asmoz.
Errepide nagusian berriz, Billa Tobera aldera (ekialdera) joko dugu. Asfalto gainean hiru minutu eman ostean, ezkerraldean goititutako Santa Maria baselizara doan nekazari bidea ikusiko dugu. Tenpluaren atzealdeko bide sardan, eskuinera egin eta Arabako landa-erromanikoaren monumentu interesgarrienetako bat bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izango dugu. Gerardo Lopez de Gereñu ikerlariak Mortuorios izeneko maisulanean islatu zuenez, paraje hori joan den mendearen erdialdean hustu egin zen, azken bizilagunak lurrak abandonatu zituenean. Tenplutik pista nagusira irtengo gara berriro, eta eskuinera egingo dugu, ekialderako noranzkoari eusteko. Ibili-ibilian minutu batzuk eman ondoren, bidebanatze batera iritsiko gara. Ezkerrera joko dugu orduan, eta Cerro mendilerrora begira jarriko gara. Cerroko magalak ipuruek, ezpelek eta erkametzek hartzen bazituzten ere, azken urteotako suteek mendilerroa biluzarazi dute guztiz; orain, haizea neurtzeko antena susmagarri bat dago bistan.
Pistak ezkerrera egiten duenean, eskuinera hartuko dugu; eta ezkerrera metro batzuk aurrerago. Cerroko magal azpira joko dugu segidan, eta Caricedo herri hustura iritsiko gara. Hainbat eraikinek zutik irauten dute bertan. Gereñuk dioenez, XIII. mendean Trebiñuko artzapez barrutian aipatzen da Caycedo lekua, eta joan den mendean paraje hau betiko desagerraraztea nahi izan zuen zoriak.
Dosoko San Andres baseliza
aldatuCaricedoko herri hustutik behera egingo dugu eta, lehen bidebanatzean, ezkerrera hartuko. Muino batera igotzen hasiko gara orduan, eta, tipi-tapa pistan barrena, eskuineko pistari ekingo diogu aurreragoko bidebanatzean. Rojo ibarrerantz abiatuko gara gero, baina, errepideraino iritsi beharrean, ezkerrera egingo dugu stop seinale batera iristean. Hari elektrikoa lagun, San Andres baselizarako bideari ekingo diogu. Ondorengo bidegurutzean, Taraverora doan pista utzirik, ezkerrera joko dugu, aurrez aurre Cerroko tontorra altxatzen dela. Pistak punturik gorena hartuko du laster. Eskuinera egingo dugu orduan; ondoren, zehar-zehar jarraituko dugu. Pista nagusiak eskuinera 90 graduko bira egin baino ehun metro lehenago, ordea, ezkerraldean agertuko zaigu San Andres ermitara doan lokatzezko bidea. Galsoro artean hasieran, eta erkametzen artean gero, goratasuna gogoz hartzeari ekingo diogu, eta ermita ondoko lepora igoko gara. XIII. mendean Trebiñuko herrietan Doso izenekoa aipatzen zen, Dordoniz eta Sanmartinzar herrien artean zela. Gaur egun, inguruko herriek partekatzen dute behialako herri horri zegokion San Andres baselizaren kultua.
Zabakoaranetik Billa-Toberara
aldatuSan Andres ermitatik jaisten hasita, zuzen egingo dugu lau bideko sardan. Gainez gain, Moskator herrira doan bidea hartuko dugu laster. Doso errekastoa gurutzatu bezain pronto, Moskatorren sartu gabe, eskuinera egin eta hegoaldera jarraituko dugu, errekastoren paraleloan. Hamar minutu geroago, ezkerrera okertu eta Arana herrirantz egingo ditugu urratsak. Aranako elizaraino iritsi gabe, ordea, eskuinera hartuko dugu 12 zenbakidun etxe ondoan. Porlan bideari segituta, hegoaldera egiteari eutsiko diogu bihurgunean, eta basoa eta soroak gogaide, ehun bat metro egingo ditugu. Gero, eskuinetik irteten den belarrezko xendari men eginda, San Martineko errepidera iritsiko gara. Eskuinera joko dugu han eta, asfaltoa lagun, Sanmartinzarren sartuko gara. Behialako iturria eta arropa garbitzeko lekua ikusiko ditugu errepide bazterrean, oso-osorik lehengoratuak. Ondoko etxean, ezkerrera joko dugu, eta, hegoaldera eginez, artadira joko dugu zuzen-zuzen. Basora iristean, eskuinetik irteten den xenda bati ekingo diogu, eta hasierako noranzkoari eutsiz, lepo batera igoko gara. Lepoan jada, aurrez aurreko pistatik behera egingo dugu, eta Zabakoaran ibar ezkutura jaitsiko gara. Eskuinera egingo dugu behera iristean, eta mendebaldera joko dugu, trafiko seinale batera heldu arte. Errekastoa gurutzatu eta koniferoen birlandaketa batetik igoko gara. Moraza eta Billa Tobera lotzen dituen basabidean, eskuinera egin eta, pista nagusitik, Billa Toberara iritsiko gara.