Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Troi bidea

Meatze lanen lekuko izan diren ikuztegi, dekantazio baltsa, dike, arraste bide, kantina, errota, trenbide eta mearen isurbide eta garbitokien hondakinak bisitatuko ditugu. [1]

Troi bidea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Mutiloa, Liernia, Barnaola, Mañastegizahar, Lenkaran errota
Distantzia 7,8 km. 2 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Meatze lanen lekuko izan diren ikuztegi, dekantazio baltsa, dike, arraste bide, kantina, errota, trenbide eta mearen isurbide eta garbitokien hondakinak bisitatuko ditugu.
Abiapuntua Mutiloa
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Gaurko ibilaldian Mutiloako meatze esparruan murgilduko gara, eta, bide batez, meatze lanen lekuko izan diren ikuztegi, dekantazio baltsa, dike, arraste bide, kantina, errota, trenbide eta mearen isurbide eta garbitokien hondakinak bisitatuko ditugu. Gero, Goierri eskualdeko bide berdetik Lierniaraino joko dugu. Bide berde hau trenbide zahar bat da; izan ere, Mutiloako eta Zeraingo mendien erraietatik ateratako burdin minerala Ormaiztegiko tren geltokiraino garraiatzen zuten tren baten laguntzaz, eta handik Europako leku desberdinetara.

Mutiloako ostatuaren aurretik abiatu eta ibilbidearen lehen zatia errepidetik beteko dugu. Lenkaran baserriaren ondoan dagoen errotaren ondora ailegatzean, errepidea utzi eta errotaren hondakinen ondotik zabaltzen den xendan barrena aurrera egingo dugu. Troi errekaren ondotik, aldapan gora jarri, eta berehala helduko gara bi dike eta dekantazio baltsen ondora. Gertu ikusiko dugun Barnaola baserrirantz segituko dugu.

Ergoeneko paisaian ikurra da Barnaola baserria. XVI. mendean eraiki zuten, eta inguruko meatze jardueraren gune nagusi bihurtu zen, hara biltzen baitzen Zeraingo Aizpeako eta Mutiloako meatze esparruetako mea. Gaur egun leku lasaia bada ere, garai haietan meatze konpainiak bulego eta ostatu bihurtu zuen. Inguruan kantina eta eskola ere eraiki zituzten.

Baserriaren ondotik aldapa pikoari ekin, ihi zelaia eskuinean utzi eta kantina egon zenaren ondora igoko gara. Egurrezko ataka gainditu ostean, bide erosotik jarraitu, eta arraste bidea eskuinera utziko dugu beste aldapa pikoari ekin aurretik. Dike baten hondakinak ezkerrean ikusiko ditugu, eta erraz helduko gara Mañastegizahar baserriaren ondora. Metro batzuk aurrerago, mea prestatu eta garbitzeko lantegi bat eraiki zuten, eta, gaur egun, bi panelek bertan izandako jardueren azalpena ematen dute. Mearen isurbide eta garbitokien egiturak ederki ikus daitezke, eta, gaur egun landarediak bere lekua berriz hartu badu ere, erraz irudika dezakegu inguru hauetan izan zen lan eta jardueren argazkia.

Bide berdea

aldatu

Troi galeriak eta errotak, eta Gezurmuño eta Peatza mea erauzteko guneak beste baterako lagako ditugu, eta etorritako bidetik berriro Barnaola baserrira jaitsiko gara. Inguru hauetako erraietatik ateratzen zen mea Ormaiztegiraino garraiatzeko trenbide bat eraiki zuten, eta 2007tik bide berde gisa erabiltzen da. Makinetxe zenaren hondakinen ondotik pasatu, eta berehala sartuko gara trenbide zaharraren arrastoan. Compañia Minera de Mutiloa SA enpresak eraiki zuen meatze trenbide hau; 0,75 metroko zabalera zuen, eta eta 4,5 kilometro ibilbidea egiten zuen. Egun, pista zabal bat da, eta bertatik bi kilometro pasatxo beteko ditugu Lierniako ermitaren ondora heldu baino lehen bide berdea utziz.

Jatetxe handi baten atzeko aldean dago Lierniako ermita. 1587an bada ermita honen berri. Erreforma askoren ondoren, gaur egun oso aldatuta dago. Bisita egin eta gero, atzera egin, errepidera itzuli eta Gi-3572 errepidetik jaitsiko gara Mutiloaraino. Herrira heldu aurretik, San Migel parrokia eliza handia nabarmentzen ikusiko dugu, eta haren ondoan herriko plaza arkitektura tradizionaleko etxez inguraturik.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua