Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Txoritokietako megalitoak
Bi gotorlekuen magaletan zenbait trikuharri daude, eta zutarri batez osatutako estazio megalitiko interesgarri bat. [1]
Txoritokietako megalitoak | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Zamalbide, Txoritokieta, Berropin |
Distantzia | 5 km. Ordu 1 eta 45 minutu. |
Ingurunea | Bi gotorlekuen magaletan zenbait trikuharri daude, eta zutarri batez osatutako estazio megalitiko interesgarri bat. |
Abiapuntua | Zamalbide auzoa (Errenteria) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuErrenteria, Astigarraga (Gipuzkoa) eta Donostiako udalerrietako lurretan hedatzen den Lau Haizeta parkean kultur ondare izendatutako elementu asko ikus daitezke. Horien artean, XIX. mendean altxatu ziren San Markoko eta Txoritokietako gotorlekuak. Bien magaletan, zenbait trikuharri daude, eta zutarri batez osatutako estazio megalitiko interesgarri bat. Gotorlekuak utzi, eta megalitoak ikusteko ibilbide interesgarri bat proposatuko dugu.
Zamalbide auzoan emango diogu hasiera ibilbideari. Elizaren parean dagoen aparkalekutik abiatu, eta bide-seinale zuri eta berdeek (SL-GI 4) erakusten duten norabidean beteko ditugu lehen metroak. Asfaltozko bidetik igotzen hasi eta berehala, San Marko gotorlekura zuzentzen den beste bide balizatu batekin (SL-GI 3) bat egingo dugu. Ezker aldetik igotzen segiko dugu, eta, trikuharri baten irudia margoturik duen egurrezko hesola batek xenda bat hartzera gonbidatuko gaitu, asfaltozko errepidea utzita. Basotik igotzen hasi eta bidea leuntzen den lekuan, Neolito garaiko Aitzetako Txabala trikuharriaren ondora ailegatuko gara. Tumuluak hamabi metroko diametroa eta 0,80 metroko altuera du. Haren ganbara errektangularra lau harlauzaz eta estalki batez eratuta dago. Gertu, karobi zahar baten aztarnak daude.
Puntu honetatik gertu, bide balizatutik at, Berrozpin I, II eta III trikuharrien aztarnak daude atsedengunean. San Marko eta Txoritokietara doazen bide zabalei bizkarra eman, eta bide balizatura itzuliko gara. Luis Nieva ingeniari militarrak diseinatu zituen bi gotorlekuak oso gertu daude. San Markokoa Bizarain mendian kokaturik dago, eta gaur egun ez du erabilpen militarrik. Baina, XIX. mendean eraiki zenetik 1970 urte arte, armadak okupatu zuen. Gaur egun, behatoki aparta da Oarsoaldeko herri eta lurrak ikusteko. Bi gotorleku horiek, Jaizkibelen dagoen San Henrike gotorlekuarekin batera, muga zaintzeko eta karlisten altxamenduak eragozteko eraiki ziren. Bide zaharretik erraz egingo dugu aurrera, eta, Floreaga Berri baserrira iritsi baino zertxobait lehenago, egurrezko hesolak hartu beharreko norabidea erakutsiko digu. Xenda batetik igotzen hasi, eta hirurehun bat metro bertatik beteko ditugu, Txoritokietako monolitoa edo zutarriaren ondora iristeko. Sagarrondoen artean kokaturik dagoen megalito hori 1,95 metro luze da, eta batez besteko 0,95 metroko zabalera eta 0,25 metroko lodiera ditu. HMko aurpegiak 35 zentimetro inguruko gurutze bat du grabaturik beso bakoitzean, eta HEko alboak 5 zentimetroko O bat du grabaturik.
-
Zamalbide auzoa.
-
Aitzetako Txabala.
-
Aitzetako Txabala.
-
Berropin harrespilen ingurua.
-
Txoritokietara daraman bidea.
-
San Markos gotorlekua.
-
Txoritokieta zutarria.
Etorritako bidetik atzera egin, ibilbide balizatura jaitsi, eta gertu dagoen Floreaga Berri baserrirantz joko dugu. Asfaltozko errepidetik Floreagazar baserriraino jaitsiko gara, eta, beheraxeago, errepidea utzi, eta ezkerretik ateratzen den lurrezko pistan sartuko gara. Gure ezkerretara Txoritokieta eta San Markoko gotorlekuetan zutitzen diren bi antena erraldoiak ikusiz, jaisten hasiko gara, gorako erabili dugun errepidearekin bat egin arte. Handik abiapuntura itzultzeko, bideari jarraituz, hasieran hartu dugun errepidearen azken zatitik jaitsiko gara berriro ere.