Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Txorrotxioka Trebiñuko basoan
'[1]
Txorrotxioka Trebiñuko basoan | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Obekuri, Obekuriko presa, Teileria gaina, Baxauri, Ramuzako baltsa, Errotanako pagadia |
Distantzia | 10,3 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Obekuriko eta Baxauriko basoetan barna ibiliko gara, zidor ornitologikoak ederki lagunduta. |
Abiapuntua | Obekuri |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuBarrualdeko turismoa eta ornitologia bultzatze aldera, ekinbide berezi bat jarri dute abian oraintsu Trebiñuko eskualdean: Obekuri eta Baxauri herrien artean zabaltzen diren pagadia eta hariztia aukeratu dituzte haietatik barrena ibilbide ornitologiko bat egokitzeko. Trebiñuko parajean bakarrik ez, Euskal Herriaz haratago doan natur ekinbidea da eta, datuen arabera, jada 500 kilometro inguru daude balizatuta han eta hemen. Programa horri esker, behatokiak, informazio guneak eta hamaika azpiegitura jarrita daude hegazti faunari egoki-egoki erreparatzeko. Ornitologiaren munduan lehen urratsak egiteko pentsatuta dago, eta egitasmoari tokian tokiko landetxeak atxiki zaizkio.
Trebiñuko basoan diseinatutako zidorrak hamar bat kilometro luze ditu, eta Obekurin du abiapuntua. Ibilbidea osatzen dugun bitartean, orkatzak, basurdeak eta azeriak ikusteko parada izango dugu. Baita okil handiak, zapelatz liztorjaleak, aztore arruntak eta gabiraiak ikusi eta entzuteko ere. Zorte on!
Obekuritik Baxaurira
aldatuObekuri herrira iritsita (Trebiñu, Araba), autoa errepide ondoan utziko dugu. Herrian barneratu gabe, errepidea gurutzatu eta lehen urratsak egiten hasiko gara errege bidetik. Argibide taula bat ikusiko dugu asfaltoaren ondoan. Ibilbideari buruzko xehetasunak eskuratzeko aproposa da oso. Teileria bideari jarraituko diogu, hartxintxarrezko bideari ongi helduta.
Bidebanatzeei muzin eginez, Obekuri presaren ondora iritsiko gara laster batean. Horma eta 250 hektarea dituen ur putzua ikusten ez ditugun arren, afixa batek emango digu urtegitxoaren berri. Ezkerrera egingo dugu bide sardan, eta maldan gora abiatuko gara. Aldatsa amaitzean, eskuinera okertu, eta pinudira joko dugu. Obekuriko presa begien aurrean izango dugu orduan. Presaraino lagundu digun bidea utziko dugu bertan, eta mendebaldera egiten duen bidea hartuko dugu. Behin tontorrera iritsita, bizkar gainetik jarraituko dugu, otadi gogaikarriari begirik kendu gabe.
Bideak alanbre bateraino lagunduko digu. Hesia zeharkatu eta ezkerrera joko dugu. Ameztia (Quercus pyrenaica) nagusi izaki, plazer handia izaten da basoaren dinamikaz gozatzea. Metro batzuk behera egin ostean, eskuinera hartu eta mendebaldera joko dugu. Pagadiak laster ordezkatuko du amezti iletsua. Orkatzak, basurdeak, usoak, okilak eta arabar zozoak ikusiko ditugu, zinez, isilean ibiliz gero. Tortijonako mendigunearen inguruan, Valdebelarko sakana parez pare, basotik irten eta galsoroen bidetik jarraituko dugu. Cerro muinoa aurrez aurre izango dugu; Toloño malkartsua, haren atzean.
Villafriarako bide zaharra
aldatuTeileria gaineko errepidera irtengo gara paseoa amaituta. Orduan, ezkerrera egin eta, asfaltoaren ondotik hainbat metro egin ostean, Baxauriko plazara iritsiko gara. Atsedena hartu ondoren, Lagran herrira doan errepide estuarekin bat egingo dugu. Eskuinera egingo dugu han eta, ondoko bihurgunean, Baxauritik irtetear, ezkerrera joko dugu Ramuzako urmaelerako bideari heltzeko. Herriko landa etxearen paretik igarota, ur baltsara iritsiko gara berehalakoan. Orain arte jarraitu ditugun balizak eta tinda horiko arrastoak ur baltsan bertan utziko ditugu, nahiz eta bide-seinaleok errepidera irteteko gonbitea eskainiko diguten. Haren ordez, baltsaren eskuinetik doan bideari jarraituko diogu. Behiala Baxauritik Villafriara zihoan errege bidea da, Herrera mendatea eraiki aurretik oso erabilia. Ramuzako pagadiak bete-betean hartuko gaitu bizkor.
Ezkerraldean daramagun errekastoa ez dugu oraingoz zeharkatuko. Meandrotik hurbil-hurbil jarraituko dugu, basoaz bapo-bapo gozatuta. Estugunera heltzean, ur ertzari begia kendu gabe jarraituko dugu. Harrizko zubi bat ikusiko dugu arin-arin. Zubiaren gainetik igaroko gara orduan eta, ur-lasterretik aldenduta, ekialderantz abiatuko gara. Errotaranako ibarrean gora hasiko gara, beraz. Zurrutarrana iturri ezkutuaren parean, Ramuzako baltsan utzitako pintura arrastoak bidera etorriko zaizkigu berriz ere. Bide seinaleok lagunduta, Obekurirako bidea hartu, eta ibilbide ornitologikoa amaituko dugu.